Zuhaitz Areitio

"Edozein izan daiteke energia komunitate baten bultzatzaile"

Guaixe 2022ko urr. 24a, 15:04

Zuhaitz Areitio Rementeria. UTZITAKOA

Argindarraren eta gasaren prezioak hizketa bide bihurtu dira. Energia komunitateak alternatiba bat izan daitezke. Zuhaitz Areitio Rementeria Sakanako Garapen Agentziako proiektu arduradunak azalpenak eman ditu. 

Energia komunitate kontzeptua gero eta gehiago entzuten da. Eta bioenergia komunitateak sortzeko prestakuntza saioa antolatu du Goienerrek Irurtzungo Dinabiden heldu den asteazkenerako, hilak 26, 10:00etatik 13:00etara. Zuhaitz Areitio Rementeria Sakanako Garapen Agentziako proiektu arduraduna da. 

Energia komunitatea. Zer da? 
Bere ezaugarriak dira, batetik, partaidetza irekian eta borondatezkoan oinarritutako erakunde juridikoak direla. Bestetik, erakunde juridiko horietako bazkide edo kideak izan daitezke pertsona fisikoak, enpresak edo tokiko entitateak, udalak barne. Bestalde, bazkideek daukate entitate juridiko horietan erabakitzeko ahalmen guztia. Hori azpimarratu nahiko nuke. Zeren asko entzuten da komunitate energetikoen inguruan, baina beti ez daude bazkideak eta pertsonak horien atzean, eta hori gakoa da. 

Zer motakoak daude? 
Bi mota daude. Energia Berriztagarrien Komunitateak, energia iturria energia berriztagarriak dituztenak. Eta Herritarren Energia Komunitateak, baina haien oinarria ez dira energia berriztagarriak. 

Zertarako sortzen dira halako komunitateak?
Helburuak desberdinak dira. Baina garrantzitsuena da herritarrak ahalduntzea eta herritarrak energiaren burujabe egitea. Gainera, Europatik hala dator. Daukagun energia menpekotasuna izugarria da, arduratzekoa. Horregatik, Europatik herritarrak animatu nahi dituzte energia komunitateak sortzera. Komunitate horiekin hainbat onura lortuko genituzke. Batetik, ekonomikoak; energia norberak sortuz aurrezten delako. Eta, aldi berean, bertan enplegua sortuko genuelako. Bestetik, onura demokratikoa dago. Herritarrak ahalduntzen direlako, baina baita enpresak, tokiko administrazioak ere. Eta elkarrekin lan eginez demokrazia egiturak sortzen ditugu. Hezkuntza onurak baita ere, energia trantsizioan herritarrak trebatzen direlako, eta sentsibilizazio eta burujabetzarako gune bat direlako. Ekologikoa ere, berriztagarrien bidez lortzen badugu, energia askoz ekologikoa izanen da. Jakina, herritarren energia burujabetza sortzen du, eta energia trantsizioan herritarrak ahalduntzen ahalegintzen da. Gainera, lekuan lekuko energia sortzeko aukera daukagu, despopulazioari aurre egiten ere lagunduko du. 

Geroz, edozeinek sortu dezake energia komunitate bat. 
Edozein izan daiteke komunitate baten bultzatzaile, eta, gainera, hori da helburua. Azpitik gora. Hau da, herritarrek bultzatutako energia sortzeko eta kontsumitzeko eredu bat da. 

Zer baldintza bete behar dira energia komunitate bat sortzeko?
Baldintza baino gehiago, borondatea da. Energia komunitatea sortzeko lanketa dago, baina pausoak ez dira batere konplikatuak. Lehenengo energia komunitatea sortu nahi duten herritar talde bat elkartzea. Noski, laguntza bat ere beharko dute hori guztia egiteko. Ondoren, parte hartzeko prozesua dinamizatu behar da. Komunitatea sortu eta hurrengo pausoa da komunitatearekin aztertzea zer lege egitura sortu nahi den. Segituan eman beharreko pausoa teknikoa da, aztertzea zer aukera dauden energia sortzeko eta kontsumitzeko. Hurrengo pausoa bideragarritasun azterketa egitea litzateke. Bukatzeko, hori guztia bideragarria ikusten bada, komunitatea sortzeko finantzazioa bilatzea. 

Zer azpiegitura behar dira energia komunitatea egiteko?
Energia sortzeko lekua behar dugu. Eta gauza tekniko bat denez, laguntza dinamizaziorako,  komunitatea legez sortzeko eta laguntza teknikoa. Horretarako guztirako dirulaguntzak badaude. Gure helburua da heldu den urtean Sakanan energiari buruzko bulego bat sortzea. Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean gabiltza. Haren bidez era horretako proiektuak sortzeko informazioa helaraziko genieke herritarrei, udalei eta enpresei; aurretik aipatutako pauso horiek nola egin eta zer dirulaguntza eta laguntza dauden azaltzeko. 

Gaur egun Nasuvinsa, Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoak, Lakuntzan bulegoa du. 
Gehiago dago zuzenduta etxebizitzen birgaitze energetikoko dirulaguntzetara. Baina gehiago behar da eta, dagoeneko, eskaintzen duen zerbitzu horri gehitu nahi genioke. Energia sortu eta kontsumitzeko hainbat eredu daude, eta garrantzitsua da sakandarrek informazio guztia duen leku eta pertsona bat izatea. 

Energia komunitateak energia sortzera mugatzen dira? Edo banaketaz eta energia biltegiratzeaz arduratzen dira?
Guztiaz. Energia komunitatea da pertsona edo entitate talde bat eta guztiek erabakitzen dute zer sortzen den, zenbat sortzen den, non sortzen den eta beraien artean banaketa egiten den. Baita energia hori zertan erabiltzen den. Helburuak desberdinak izan daitezke: bertako partaideen kontsumoak asetzera; badaude nolabaiteko sentsibilitatea daukaten energia komunitateak eta ekonomia zailtasunak dituzten pertsonak laguntzeko energia hori erabiltzen dutenak; auto elektrikoak partekatzeko erabiltzen dutenak… Biltegiratzeko baita, sorkuntza eredu horren baitan aukera posible bat da, eta oso interesgarria. 

Eguzkia, ura, biomasa… Hainbat jatorritako energia baliatu daiteke energia komunitate batean?
Hainbat energia iturri daude eta horien erabilerarekin energia sortu dezakegu: eguzki energia (termikoa zein fotovoltaikoa), haizea, hidroelektrikoa edo basoetako biomasa. Komunitate batzuk  bakarra izanen dute, eta beste batzuk izango dituzte bi, hiru edo lau energia iturri. Beraien esku dago, beraien gaitasunen arabera sortuko baitute energia. 

Zein lege egitura dute? 
Ez dago inolako mugarik. Baina, orokorrean, gure inguruan eta Nafarroan ezagutzen ditudan komunitate gehienak, edo guztiak, kooperatibak dira. Logika dauka, elkarbanatzeko helburuarekin sortzen direlako.  

Energia komunitateak herri eta auzoekin lotzen ditugu. Eta industrialdeak? 
Berdintsu. Dena ondo bada, industrialdeekin lanean heldu den urtean hasiko gara. Nasuvinsarekin eta Nafarroako Gobernuarekin asteartean bilera izan genuen. Industria guneetan energia  komunitatea kudeatzeko erreminta bat aurkeztu ziguten. Sakanako enpresekin hartu-emanean gaude eta beraien interesa ere bada energia komunitateak sortzen hastea. Ondo bidean, 2023an enpresekin ere energia komunitateak sortzen hasiko gara. 

Industrialdetik gertu dagoen etxebizitzaren bat onuradun izan daiteke? 
Hori da helburua, etekinik handiena ateratzea era honetako egiturei. Hala izatea borobila litzateke. Ordutegiagatik logikoa da, zeren enpresek eta etxebizitzek kontsumo ohitura desberdinak dituzte. Gainera, legez posible da. 

Nolako dirulaguntzak daude energia komunitateak egiteko? 
Orain arte garatu diren proiektuek dezenteko dirulaguntza izan dute. Eta kontuan izanik aurrean daukagun energia egoera, aurrerantzean ere dirulaguntzak izanen ditugu. Laguntzekin ez dugu halako proiektu bat %100ean ordainduko. Energia komunitateak finantzatzeko badaude crowfounding erako aukera, banketxe bidezko mailegua, banku etikoak, kooperatiba bidezko maileguak… Guztia aztertu behar da. Horrelako proiektuak sustatu eta sortzeak epe motz eta luzera  ekonomia abantaila handiak ditu. 
 
Zein zerga tratamendu dute?
Autokontsumorako eta autokontsumo kolektiborako ereduak gehiago ezagutzen ditut, eta halako proiektuek kenkari fiskalak ere badituzte. Berez ez lituzke zerga gehiago izan beharko. Oraingoz behintzat, ikusiko dugu hurrengo urteetan zer gertatzen den, baina orain gehiago dira dirulaguntza eta kenkari fiskalak sortzen duen kostu ekonomikoa baino. Oraingoz, behinik behin, gehiago da positibotik negatibotik baino. 

Sakanan zein egoera dugu? 
Zorionez sakandarrek interesa dute, eta enpresen aldetik gero eta gehiago. Herritarren aldetik orain arte autokontsumorako interes gehiago egon da. Autokontsumo kolektiborako ere jaso ditugu laguntza eskariak. Pittaka-pittaka sakandarrak mugitzen ari dira. Energia egoera hau ez du inork konponduko, gutariko bakoitzak gure aletxoa jarri behar dugu, erabateko edo besteko energia sorkuntza proiektuak bultzatu behar ditugu. Enpresak gogotsu daude eta 2023an lehen energia komunitatea sortuko dugu. Eta energia bulegoa izateak asko lagunduko luke era horretako proiektuak bulkatzen. 

Autokontsumoa familia bakarrak diren etxeekin lotzen dugu. Eta etxebizitza pisuak? 
Orain arte bakarrik dauden etxebizitzetarako proiektu gehiago egin ditugu. Posible da blokeetan ere autokontsumoa egitea, dirulaguntzak daude eta aukera duten sakandarrak egitera animatzen ditugu. Oso sinplea da. Auzokideak bildu behar dira, guztiak ados egon behar dira autokontsumo hori egiteko. Baina horrek ez ditu behartzen auzokide guztiak horretan parte hartzera. Hamar auzokide baldin badaude eta bik nahiko balute autokontsumoa egin, elkarrekin egin dezakete, ez daukate hamarrak parte hartu beharrik. Baldintza bakarra da guztien baimena izatea etxebizitza horretan autokontsumoa egiteko. Beste aukera bat da, gutxiago ikusten den aukera bat, Sakanan ez dut ezagutzen, baina beste Nafarroako herri askotan gero eta gehiago lantzen ari diren aukera da partekatutako autokontsumoa. Hori posible ez balitz, heldu den urtean udalek bultzada emanen dute eta ea energia komunitateak sortzeko aukera dauden.

Sakanan komunitate horiek nondik ateratzen dute energia? 
%99an eguzki plaka bitartez lortutako energia fotovoltaiko bidez egiten da autokontsumo hori. 

Jardunaldia Irurtzunen
Sakanako Garapen Agentzian biomasa begiz jota duzue. 
Sakanan hori ohitura da, ez gabiltza ezer berria asmatzen ari. Heldu den asteko prestakuntza saioa horrekin lotuta dago. Goiener kooperatiba datorkigu asteazkenean, Irurtzungo Dinabiden emanen du saioa. Beraiek dagoeneko martxan jarri duten proiektu baten berri emanen dute. 

Zertan datza?
Gutariko bakoitzak aukera dugu etxerako sutarako loteak eskatu eta egiteko. Goienerrek proposatzen du hala nahi duten herritarrak elkartzea eta kooperatibak sortzea lote horiek kudeatzeko. Nork bere lotea kudeatu beharrean kooperatibak bere bazkideen loteak kudeatuko lituzke. Banaka beharrean, modu antolatuan guztia egitea. Zeren lotea egiteko behar diren erremintak ez dituzten pertsona asko daude. Adinekoek halako lanak egitea zail dute. Edo halako lanetan esperientziarik ez duen gazte asko dago. Bazkideek etxerako sutarako egurra eskuratuko lukete basora joan gabe, erremintarik izan gabe, traktorea izan gabe… 

Edozein joan daiteke jardunaldira? 
Bai. Asteazkenean 10:00etatik 13:00etara izanen da, Irurtzungo Dinabiden. Herritarrek eta enpresek duten jakituriatik ikastea eta, horren bitartez, era honetako ereduak gurera ekartzea da helburua. 

Izena eman behar da?
Bai. Internet bidez eman daiteke izena. Bestela, Sakanako Garapen Agentziara hots egin dezakete, 647 864 239 telefono zenbakira. Edozein joan daiteke.