675.000 euro bi udal eraikin birgaitzeko

Guaixe 2022ko aza. 3a, 09:01

Irurtzungo musika eskola eta Larrazpi elkartea. ARTXIBOA

Irurtzungo musika eskolako energia birgaitzea eta irisgarritasuna hobetzeko eta Arbizuko eskola zaharren birgaitze integralerako izanen da dirua. Lanek 2024ko irailaren 30erako despedituta egon behar dute.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak Europako funtsetatik 4.641.640,53 euro eman dizkie behin-behinean Nafarroako 9 toki-erakunderi, haien jabetzako eraikin publikoak birgaitzeko. Ministerioaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan Eraikin Publikoen Birgaitzea Bultzatzeko Programa (Tokiko Pirep) dago eta haren bidez Sakanako bi udalek 675.133,05 euro jasoko dituzte. 

Programaren helburua da energia eraginkortasuna eta ingurumen jasangarritasuna hobetzen laguntzea, eta, horretarako, bermatu eginen dira energia berriztaezinaren kontsumoaren %30 baino gehiagoko murrizketa, irisgarritasuna, bizigarritasuna eta eraikuntza parkearen kontserbazioa.

Irurtzun 
Udalak 252.105,44 euro eskuratuko ditu musika eskolaren energia birgaitzea eta irisgarritasuna hobetzeko. Lanen aurrekontua 286.228 eurokoa da (BEZ kanpo) eta hura osatzeko aldea udalak jarriko du. Egin beharreko lanak honakoak dira: teilatuan dagoen uralita kendu eta berria jarri, eguzki plakak jarri, fatxadetan inguratzaile termikoa jarri, Larrazpi elkartean leihoak aldatzea (gainontzekoak aldatuta daude) eta eraikin barruan igogailua jartzea. Aitor Larraza Carrera alkateak esan duenez, ″lanak heldu den urtean hasiko dira. Baina ehun ikasletik gora dituen musika eskolari ahalik eta eragin txikiena sortu nahi genioke″. 

Arbizu 
Udalak 423.027,61 euroko dirulaguntza eskuratu du eskola zaharren erabateko birgaitzea egiteko. Eraikinak 2019an utzi zion hezkuntza erabilera izateari eta joan den udalak egindako parte hartze prozesu baten bidez arbizuarrek erabaki zuten eraikinari kultura erabilera ematea. Horrela han ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, proiekzioak, kontzertuak... eta beste hainbat ekintza eta bilera egiteko leku izanen litzateke. Francisco Javier Razkin Flores alkateak jakinarazi duenez, ″eraikinaren energia birgaitzea egin, barruko espazioen banaketa eta beste lan batzuk eginen dira″. Razkinek jakinarazi duenez, ″dirulaguntzak aurrekontuaren ia %100 ordaintzen du. Eta zerbait faltako balitz Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planaren bidez finantzatuko genuke″. Arbizuko Udalaren asmoa da lanak lehenbailehen egiten hastea, eta horretarako lanean hasi dira dagoeneko. 

Erlazionatuak