Sakana sarietan hautagaien alde egiteko azken orduak

Guaixe 2022ko aza. 7a, 14:01
Joan den urteko sarituak. ARTXIBOA

Sari nagusia epaimahaiak emanen du eta aipamena herritarren botoek aukeratuko dute. Sari banaketa ekitaldia Lakuntzako kultur etxean eginen da. 

Ostegunean, 19:00etan, jakinen da zeinek jasotzen duen Sakana sari nagusia eta Sakana aipamen berezia. Aurkeztu diren hamaika hautagaitzen artean aukeratuko du Sakanako Sozioekonomia Behatokiko ordezkaritza batek sari nagusia nori eman. Deliberazioan parte hartuko dute tokiko administrazioetako lau ordezkarik eta Sakanako Enpresen Elkarteko, Bidelagun turismo elkarteko, Belardi ekoizleen elkarteko, Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteko eta Guaixe fundazioko ordezkari banak.

Aipamen berezia, berriz, sakandarren botoen bidez erabakiko da. Horretarako, Sakanako Garapen Agentziaren web orrian sartu eta hautagaitzaren baten aldeko botoa eman beharko dute. Horretarako epea bihar despedituko da. 

Hirugarren edizioa 
Sakana sariak 2020an sortu ziren. ″Sakana bizi, elkartu eta anitz″a helburu duten egitasmo kolektiboei aitortza egin nahi diete sariek. Haiek banatzerakoan hiru balio kontuan izaten dira. Batetik, dinamismoa eta erresilientzia gaitasuna oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Bestetik, aniztasuna aberastasun kolektibo gisa ikusia. Eta, azkenik, elkartasuna eta onura komuna bilatzea komunitatearen beharrak lehenetsiz. Horretarako funtsezko elementuak dira komunitatearen lana (auzolana) eta herri-ondasunak (komunala). 

Sariketaren aurreneko edizioa pandemia betea egin zen, eta saria babes materiala sortu zuten jostun eta maker taldeek jaso zuten. Joan den urtean estreinakoz sari nagusia eta aipamena banatu ziren. Aurrenekoa Arakilgo hazien sarea jaso zuen. Atzena, berriz, Biak Bat elkartea. 

Hautagaitzak

Aiaupenanik euskara taldea 
Lakuntzan euskararen sustapenean lan egiten duen taldeak hiru hamarkadako jarduna du. Taldea duela 18 urte desagertu bazen ere, taldetxo bat euskararen aldeko ekimenak herrian antolatzen segitu du. Eta 2021ean herriko euskalkiaren erabilera txikia zela ikusi eta kezka zuten lakuntzarrek euskara taldea, atzera ere, martxan jarri zuten. Ordutik euskara taldeak hainbat ekimen antolatu ditu.  Herrian euskalkiaren eta euskararen inguruan dauden bi taldeak eta Aiaupenanik taldea formalki osatzeko bidea hartu dute. Ateak edonorendako zabalik dituzte. 


Ziordi running 
Lau ziordiarrek herrian Ziordia running lasterketa antolatu zuten 2014an. Ordutik proiektua kirola eta elkartasuna uztartzen ditu. Horren ondorioz geroz eta ezagunagoa da Estatuan eta lasterketan 500 lagun inguruk parte hartzen dute. Hainbat gaitzi eta gaixoen kasu jakinei ikusgarritasuna emateko eta laguntzeko balio du lasterketak. Baita izen emateak ere. Izan ere, elikagaiak eman behar dira. Horiek Paris 365 jantokiari ematen dizkio taldeak, dagoeneko 1.500 kilo dira. 


Lakuntzako Udalaren inklusio festak 
Lakuntzako Udalak, ANFAS elkartearekin batera, herriko festak inklusiboak izateko proiektua jarri du martxan aurtengo festetan. Desgaitasuna edota garapenean nahasmenduak dituzten pertsonen beharrei erantzuteko, hainbat egokitzapen egin zituzten, festetan besteok bezala gozatu eta parte har zezaten. Izan ere, zenbaiten kasuan, festetako zarata, argiak, jende pilaketak eta abar oztopoa dira festez gozatzeko. Horregatik, lasaitasun eta deskonexio gunea zabaldu eta barraketan eta puzgarrien gunean inklusio gune batzuk moldatuko ziren eta horiek kudeatzeko arduradunak jarri zituzten. 


Sakanako herri eskolak 
Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Urdiain, Altsasu eta Olatzagutiko ikastetxe publikoek osatzen dute Sakanako Herri Eskolak. Haien leloa Sakana bizi, elkartu eta anitza da. Hainbat ekimen egin dituzte azken urteetan, esaterako,Sakanako ondarea ikasle eta irakasleei iristarazteko ekimenetan parte hartu dute.


Josefina Arregi klinikaren zerbitzua 
Suspertze funtzional eta kognitiboko etxez etxeko zerbitzu geriatrikoak Sakanan. Zerbitzu horren bidez, klinikara joan ezin duten eta osasun arazoak dituzten adineko pertsonei haien etxean bertan zerbitzua eskaintzen diete klinikako profesionalek (fisioterapeuta eta okupazio terapiako teknikaria). Helburua adinekoek eguneroko jarduera normalizatua berreskuratzea da. Zerbitzua 2021eko hasieran jarri zen martxan eta ordutik 1.250 esku hartze baino gehiago egin dira eta bi lanpostu egonkor sortu dira.

 

Osasun publikoaren aldeko plataforma 
Herritarrek osatutako plataformak osasun etxeetan gaur egun bizi den egoera salatzeko ekimenak antolatu ditu. Haien bidez gaur egun lehen arretako osasun zerbitzuan dagoen egoera larria salatu du. Horrekin batera, guztiendako osasun sistema publiko eta kalitatezkoa aldarrikatu du. Plataformak bere lanarekin zerbitzu publikoek eskualdeko bizitzan duten garrantzia mahai gainean jartzen du.


Haize Berriak banda 
Sakanako musika bandak ibarreko bost musika eskoletan hezitako musikariekin osatutako musika elkartea da. Bere jarduera ibarreko herri eta kontzeju guztietan garatzen da, hainbat elkarterekin elkarlanean. Ibarreko berezko musika folklorikoa eta herrikoia berreskuratu, kontserbatu eta zabaldu egiten du. Bestalde, Sakana osoko kohesio soziokulturalerako tresna aktiboa izan nahi du. Aurten bandak 25 urte bere ditu.


Triku Trail 
Etxarri Aranazko mendi lasterketako antolakuntzak Sakana mundura zabaltzeko lan egiten du. Baita  Triku Trail munduari Sakanarako gonbidapena egiteko. Herritik sortu eta herria ardatz, Sakana ibar erakargarriago bat eraiki asmoz, auzolana oinarritzat hartuz, lasterketen erdigunean Sakana ezagutaraztea du helburu. Horretarako, lasterketaren bidez, bisitarien esku jartzen dute garena eta daukaguna: basoa eta natura, ondarea eta kultura, haritzak eta trikuharriak. 


Altsasuko Mendigoizaleak 
Mendizale elkarte altsasuarrak azken urteetan lan handia egiten ari da. Aurtengo ekimenak aipagarriak dira: Bargagaingo igoera, Hiru Mendizerrak mendi martxa, Txamantxoiako igoera Josefina Arregi klinikarekin elkarlanean eta Altsasuko azokako argazki rallya. Horiekin batera, Euskal Mendizaletasunaren Gala antolatu zuen. Ekitaldi horrek oihartzun handia izan du eta Sakanako irudia proiektatzeko balio izan zuen, mendizaletasunari eta naturarekiko errespetuan egindako aisialdi eta kirol jarduerari lotuta. 


Bakaikuarrok herri kooperatiba 
Gizarte ekimeneko herri kooperatiba sortu dute 140 bat bakaikuarrek, herriko elkarteek eta erakundek. Helburua herritarrei zerbitzuak eskaintzea da, herriko bizia dinamizatuz, lanpostuak sortuz eta abar. Zerbitzu horietan lehena herriko denda lastailean martxan jartzea izan da, Bakaikuko Udalaren laguntzari esker. Gainera, denda irekitzeak inguruko bi pertsona kontratatzea ekarri du. Etorkizunean, dendaren aktibitatea egonkortu ahala, bestelako zerbitzuak eta ekimenak martxan jartzeko aukera izango da: energia, zaintzak, edo bestelako beharrei erantzuteko.


Los del Rayo 
Altsasuko musika taldeak rocka egin du hasieratik, hitzen eta musikaren kalitatea zainduz, maila altuko musikariak baitira. Beraiek konposatzen dituzte beren musika lanak eta hitzak. Letren aldetik gaztetasunaren indarra beti erakusten dute, pertsonen eta giza taldeen aldarrikapenak plazaratu eta elkartasuna nahiz bestelako giza sentimenduak oso presente dituzte. Gazte, musikazale eta hard-rock jarraitzaileengandik oso hurbileko jarrera izaten dute beti. Lanean segitzen dute eta haien ibilbide luze eta oparoan Altsasuren izena edonora eraman dute.

Erlazionatuak