UEMA: gazteen pantailetan erdara nagusi

Guaixe 2022ko aza. 8a, 14:01

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok eta teknikari Garikoitz Goikoetxeak azalpenak ematen. NAFARROAKO PARLAMENTUA

UEMAren azterlanaren ondorio nagusia da ikus-entzunezkoen euskarazko kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela, telebistan, streaming plataformetan, sare sozialetan eta bideo-jokoetan. Bide batez, ETB 3 Nafarroa osoan ikustea eskatu zuen.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ordezkariak Nafarroako Parlamentuan gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketaren berri eman zuten. Euskararen ezagutza %70 baino altuagoa duten 94 udalerrik osatzen dute UEMA, Arbizu eta Etxarri Aranatz barne. UEMAko ordezkariek azaldu zutenez, “eskola eta herri askotan kezka handia sumatu dugu ikus-entzunezkoen kontsumoak gaztetxoen hizkuntza ohituretan duen eraginagatik". Horregatik egin zuten ikerketa, ondoren neurriak hartu ahal izateko. 

UEMAkoen iritziz, "egoera makurra da eta gaiari urgentziaz heldu behar zaio. Arlo estrategikoa da ikus-entzunezkoena, eta, beraz, hizkuntza politikaren ikuspegitik ezinbestekoa da benetako erabaki sendoak hartzea". LH4tik Batxilergoko 2. maila bitarteko ikasleen 11.571 inkestek utzitako datuetako bat da %10,6k baino ez du ikusi euskaraz serie edo marrazki bizidunak, eta adinean gora doazen heinean jaitsi egiten da ehuneko hori: batxilergoko ikasleen %3,1ek bakarrik ikusi ditu euskarazko serie edo marrazki-bizidunak. Lehen Hezkuntzan, marrazki bizidunak ikusteko Clan katera jotzen dute (%42,9) ETB3ra (%22,1) baino gehiago.

Gaztetxoen pantailetan euskarak presentzia handia izateko bederatzi neurri proposatu ditu UEMAk. Batetik, Nafarroa osoan ETB3 ikustea. Bestetik, RTVEk ardura bere gain hartu eta marrazki bizidunak euskaraz ematea. Goazen telesailaren moduko fikziozko eduki gehiago egoteko apustu sendoa ere eskatu du UEMAk. Plataformei dagokionez, "pauso batzuk eman badira ere, horiek areagotu eta sakondu egin behar dira, eta arautu, ez dadin dena haien borondatearen esku geratu. Gainera, emandako pausoak gaztetxoei jakinarazi behar zaie, jakin dezaten, esaterako, Netflixen euskarazko edukiak daudela". 

UEMAkoen iritziz gaztetxoek euskaraz bizi arren, sare sozialetan erdarara jotzen dute erreferente faltagatik. Horregatik eskatu dute sareetan, ikus-entzunezkoetan eta kultur arloan euskal sortzaileen aldeko apustua egitea. Horrekin batera, hizkuntza politikan gai horri "orain arte baino sendotasun handiagoz heltzeko" beharra azpimarratu zuten. Azkenik, ikus-enzunezkoetarako ikuspegia zehaztea eskatu zuten.