Otsaportilloko zati bat Iruñeko atxilotze guneen memorialean

Guaixe 2022ko aza. 28a, 09:03

Iruñeko atxilotze guneen oroimenezko zentroa. NAFARROAKO GOBERNOA

1936 eta 1945 arteko atxilotze zentroen oroimenezko memoriala mustu zuten larunbatean. Garai hartan eraildakoak izan zirenen hobietatik hartutako lurra gordetzen du memorialak, tartean Otsaportillokoa.

Urtero moduan irailaren aurreneko igandean oroimen ekitaldia antolatu zuten Sakanako udalek Otsaportillon. Ekitaldiaren akaberan, lore eskaintza egin ondoren, bertaratu zirenek Jose Ramon Andaren eskultura ondoan zegoen ontzi batean lur apur bat botatzeko aukera izan zuten. Ontzi hartan jasotako lurra Otsaportilloko eta 1936ko estatu kolpearen ondoren ibarrean erabili ziren beste 11 hobien lekukotza izan nahi du. 

Irailaren 4an ontzi hartan jasotako lurra hilaren 19az geroztik Iruñeko atxilotze guneen oroimenezko zentroan dago, Nafarroan barnako hainbat hobietako lurrarekin batera nahastuta. Lurra bota zutenak eraildakoen edo Iruñeko atxilotze zentroetan egondakoen senideak izan ziren. Alberto Oderiz eskultorearena Hipogeo memoria gune horizontala, harrizko 62 blokez osatuta, Nafarroan induskatu diren adina hobi. Harri horietako baten azpian da hobietatik jasotako lurra. Oroimenezko gunea Aralar kalean dago, zezen plazaren atzean; inguruan bost atxilotze zentro zeuden.

Iruñean 17 atxilotze zentro izan ziren eta handik pasatako asko hil egin zituzten. Hilaren 19an mustutako oroimenezko gunea ″topagune bat″ da. Ana Ollo Hualde Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak azaldu zuenez, ″topaketak, hitzaldiak, bilerak edo ‘Eskolak Memoriarekin’ programaren jarduerak egiteko diseinatutako tokia da. Behin betiko iraun dezan inoiz gertatu behar ez zen indarkeria justifika ezin baten oroitzapena eta matxinatuek defendatu zuten proiektu totalitarioari men ez egiteagatik zigortutako hainbat pertsonaren bizitza markatu duten sufrimenduak eguneratu daitezen″.

Adierazpen gehiago
Kontseilariak esan zuenez, ″hiri eraldaketak, eraikinen eta espazioen erabilera desberdina eta, batzuetan, erabaki politikoak funtsezkoak izan ziren errealitate ikaragarriaren gainean isiltasun eta ezkutatze geruza zabaltzeko. Espazio publikora ekarri behar zen gure lurrak bizi izan zuen indarkeria mota hori, gatibutzarena, espetxeena, kontzentrazio-esparruena eta atxilotze-zentro irregularrena, ikusezin geratu zena″.

Gobernuak gaztigatu duenez, 1936ko garilaren 19an Iruñean kolpe militarra irabazi ondoren, indarkeria handia piztu zen sektore disidente guztien kontra, eta horren adierazpen nagusietako bat oposizioko milaka pertsona atxilotu eta espetxeratzea izan zen. Nafarroako Memoria Historikoaren Funts Dokumentalak Iruñean gatibutzako 17 gune identifikatu ditu, lau kategoriatan sailkatuta: polizia etxeak eta kuartelak, espetxeetako unibertsoa, bat-bateko atxilotze zentroak eta kontzentrazio unibertsoa. Haietatik 15.000 eta 20.000 pertsona artean pasa zirela azaldu dute: 7.300 preso Probintzia Espetxean, 6.000 preso baino gehiago San Kristobal Gotorlekuan eta 6.800 preso baino gehiago kontzentrazio esparruetan. 1939an bakarrik, 12.000 lagun inguru egon ziren gatibu Iruñean, hiriburuak 50.000 biztanle inguru zituen orduan. Horri guztiari buruzko informazioa www.oroibidea.es webguneko Gatibuen hiria atalean dago.