Saretzen

Bi hamarkadatan 881 biztanle irabazi ditu Sakanak

Guaixe 2022ko aza. 29a, 15:41

EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen bateraguneak sinatutako lankidetza akordioaren emaitza da Saretzen. Eta elkarlan honen lehen emaitza erreportaje hau da. Hego Euskal Herriko demografia jorratzen duen albistea. Bestalde, aurrerantzean ere beste hainbat eduki eta gai elkarlanean lantzea da asmoa

Hego Euskal Herrian azken 20 urteotan biztanleria handitu egin da, hau da, 2021ean 2001ean baino jende gehiago bizi da, %8,3 gehiago. Sakanan ere biztanleria ere hazi da, %4,54; 2001ean 19.392 biztanle izatetik 2021ean 20.273 izatera pasa ginen, 881 sakandar gehiago. 


Hego Euskal Herriko lurraldeei begiratuta, lurralde guztietan ez da joera berdina izan. 2001-2021 aldian Nafarroa izan da gehien hazi den lurraldea, %19ko hazkundearekin; aldiz, Bizkaia, biztanleria gehien duen lurraldea izanda ere, 20 urteetan oso hazkunde txikia izan da, %2 eskasekoa.

Hego Euskal Herriko gizartearen erradiografia bat eginez gero, ikus daiteke azken urteotan gizartea nabarmen zahartu dela, eta 60 urtetik gorako pertsona gehiago dagoela gurean. 2001ean talde horretako gizon-emakumeek gizartean %24,06 osatzen zuten bitartean, 2021ean %30,23 izatera pasa da. Sakanako datuei begiratuta, 2003an biztanleen %23,83 60 urtetik gorakoa zen, eta 2021ean %28,22koa izatera pasa zen. Gazteen taldeak, 19 urtera artekoak, berriz, 2003an %18,91 ziren eta eta 2021ean %19,89. Jaitsi den adin taldea 20 eta 59 urte artekoena da, 2003an %57,26 izatetik joan den urtean %51,89 izatera pasa zen. 

Jaiotza-heriotza balantzeari dagokionez, Sakanan bi hamarkadetako balantzea positiboa da, 68.

Pertsonen joan-etorriak ere eragina izan du ibarreko populazioan. Bi hamarkadetan 15.393 pertsona etorri ziren Sakanara eta 14.008 joan. Ondorioz, 1.385 sakandar berri gehiago daude.