Saretzen

"Gazteek hemen bizi nahi dute"

Guaixe 2022ko abe. 12a, 14:02

Oihana Olaberria Jaka. Atzean udalak Ihabarren erosi duen etxea. UTZITAKOA

Mila biztanleetara iristeko hamar biztanleren faltan dago Arakil. Langa gaindituta, dirulaguntza gehiago jasoko lituzkeela azaldu du Oihana Olaberria Jaka alkateak. Udala etxebizitza plangintzak sustatzen ari da. 

Sakanako udal batek populazioa irabazi eta horrek administrazioan eragina izan zuen azken aldia 2006an izan zen, Arbizuk mila biztanleko langa gainditu zuenean. Gauza bera gertatu zen Lakuntzarekin 2001ean. Gaur egun, antzeko egoeran dago Arakil. 

2021 urteko datuen arabera 36 biztanle berri izanez gero milara iritsiko litzateke, 2021ean Arakilek 966 biztanle zituelako. Duela 20 urte, 866 arakildar ziren. Beraz, bi hamarkada ondoren, 79 herritar gehiago bizi dira ibarrean, eta %9ko hazkundea izan du. Demografia datuek diotenez, 2021ean 6 jaiotza izan ziren Arakilen, 12 heriotza eta immigrazio kopurua 54koa izan zen. Horretaz gain, 44 emigratu izan ziren. Adina kontuan hartuta, 20 urtetik beherakoak %18,63 dira, 20tik 59 urtera artekoak %52,38 eta 60 urtetik gorakoak %28,99. Oihana Olaberria Jaka pozik dago demografia datuekin. 

Arakilen 2000 biztanle izatera iritsiko al zarete?
Astero begiratzen dut errolda eta hor gabiltza. 2021Ean 36 falta zitzaizkigun, baina gaur egun, askoz ere gertuago gaude: 990 biztanle inguru gaude une honetan. Milara iristea erronka da, ea lortzen dugun.

Mila biztanlera iristen bazarete, Arakilgo Udalean zazpi zinegotzi izatetik bederatzira pasako zinatekete. 
Eta horretaz aparte zenbait gauza aldatuko lirateke, batez ere dirulaguntzena, handiagoak dira.  Administrazioak herri bakoitzeko biztanleria kopuruaren berritzea zein egunetan egiten den zehazki ez dakit. 

Populazioak gora egin du Arakilen: azkeneko bi hamarkadatan %9 igo da. Zergatik hazi da? Jaiotza asko dagoelako, jendea etortzen delako... 
Nik uste hainbat arrazoi daudela. Arakilen hamabi herri izanda, jaiotzena herri batzuetan boladaka izaten da. Heriotza tasa nahiko handia dugu, baina jaiotzak hainbat urtetan izan dira heriotzak baina altuago. Bestalde, gu udalean gaudenetik aldaketa nahiko potoloa sumatu dugu pandemiarekin. Etxebizitzaren inguruan mugimendu handia sortu da, batez ere Iruñerritik datorren jendearekin. Eta badago beste joera bat ere. Duela urte batzuk tendentzia izaten zen herrietako gazteak Iruñera joatea, hiriburura. Egun, Arakilen gelditzeko nahi hori nahiko agerikoa da. Garrantzitsua da ere teknologia berriek bertatik lan egiteko aukerak ireki dituztela. Horrek erraztasun gehiago ematen ditu hemen geratzeko. Eta guztia batuta, populazioa igo da. 

Pandemian hirietako jende askok herri batean bizitzeko abantailaz ohartu da, eta Arakil Iruñetik gertu egotean ongi posizionatuta dago. 
Arakilek eta Sakanak, dutena da oso ongi komunikatuta gaudela, bai Iruñearekiko, Gasteizekiko eta Donostiarekiko ere. Iruñetik eta Gipuzkoa aldetik mugimendu handia sumatu dugu. Pandemia bukatu baino lehenago deiak izan genituen udaletxean, eta oraindik ere jendeak hots egiten jarraitzen du. Ostiralean hirigintza kontsultak izaten ditugu udalean; kontsultak handitu egin dira eta jendeak dauden aukerak begiratzera etortzen da. Esaterako, Aizkorben aspaldidanik zeuden salgai etxebizitza batzuk, ez zegoen mugimendurik, eta orain guztiak saldu dira. Pentsatzen dugu pandemiarekin zerikusi zuzena duela. 

Hurbiltasuna, pandemia, teknologia berriak... jendea herrian errotzeko balio dute. Eta aipatu duzunez, soziologia aldaketa dago. Hiriburuak, agian, ez du horrenbeste tiratzen eta gazteak herrian geratzen dira.
Gurean behintzat hori agerikoa da. Arakilgo Udalean etxebizitzarekin lotutako proiektu bat lantzen ari gara gazteek beraiek eskatu dutelako. Gazteekin batera goaz, eta proiektua denon artean lantzen ari gara beraien “presioagatik”, bulkada hori modu positiboan ulertuta. Beraiena da eskaera, beraiek hemen bizi nahi dute, hemen lan egin, eta hemen geratu. Administraziotik hori kontuan hartu beharra genuen eta halako proiektuak elkarrekin landu. Landa eremuarendako oso garrantzitsua da etxebizitzaren gaia lantzea, eta erraztasunak ematea jendea hemen errotzeko. 

Arakilgo gazteekin zein da lantzen ari zareten proiektua?
Sakanan lanketa sendo bat egiten ari gara etxebizitzaren inguruan. Etxebizitzaren gaia nahiko serioa da, egoera nahiko gogor batean gaude. Udalean sartu eta urte betera, pandemian, parte hartze prozesu bat abian jarri genuen Arakilen, eta bertan ikusi zen etxebizitzarekin zerbait egitea oso garrantzitsua zela. Horregatik, berehala etxebizitza gaia hartuta beste parte hartze prozesu bat abiatu genuen eta herri bakoitzaren beharrak atera ziren. Izurdiagan eta Hiriberrin zerbait egitea ezinbestekoa zela jabetu ginen, jende kopuru handia zegoelako bere etxebizitza non egin ez zuela. Udaletik lekukoa hartu genuen, lanean hasi ginen eta une honetan proiektu pilotu bat lantzen gaude, Hiriberrin, elkarlanean, jabetzako etxebizitzak egin nahian, kooperatiba baten bitartez ziurrenik. Ea gazte talde horri etxebizitza bertan edukitzea errazten diogun. 

Hiriberrin zein da asmoa? Etxe berriak jasotzea edo etxeak zaharberritzea? 
Arakilen etxebizitza zahar asko ditugu, hutsik daudenak eta tipologia aldetik oso handiak direnak. Etxe horiei buelta emateko eta bizitoki moduan jartzeko zailtasun izugarria dago. Hiriberriko talde honekin lehendabiziko saiakera izan zen etxebizitza zahar handi horietako bat lortzea, zaharberritzeko, baina oso zaila zen. Hortaz, lurzoru bat eskuratu nahian dago udala, lanak aurreratuak ditugu eta bertan etxebizitza berriak jasotzea da asmoa. 15-20 pertsona daude interesatuta Hiriberrin etxebizitza egiten, eta etxebizitza zahar bat zaharberritzeak ere ez zuen arazoa konpontzen. Beraz, Hiriberrin etxe berriak egingo dira. Baina Ihabarren udalak etxe handi hauetako bat erosiko du eta alokairura bideratutako etxebizitzak egingo ditugu. 

Ihabarren, beraz, alokatutako etxebizitzak egiteko asmoa duzue?
Sakanan bi arazo nagusi daude. Batetik, etxebizitza handi asko hutsik daude, eta, bestetik, alokairurako etxebizitzarik ez dago. Horregatik, Ihabarko egitasmoan bi aldeetara lan egin izan dugu. Udaletik zenbait herritan aritu ginen etxebizitza zaharrak ikusten: Etxeberrin, Izurdiagan, Ihabarren… Ez da batere erraza izan eta azkenean Ihabarren tokatu da. 

Jende asko hurbildu da udaletxera etxebizitza nahi duela eta ate joka?
Bai, jende dezente. Hiriberrin, adibidez, esanguratsua da, puntuala; ez dakit zenbat etxebizitza egitera helduko garen, baina 15-20 pertsona interesatu daude, Hiriberri bezalako herri batendako kopuru altua. Bestalde, jende askok deitzen du udaletxera Arakilen alokatutako etxebizitzez galdezka eta etxebizitza jabetzan erosteko asmoarekin ere. Bi gauzetarako. 

Ahal duenak lursaila erosi eta etxea egingo du.
Mugimendu hori ere nabaritzen da, baina herri bakoitzak aukera mugatuak ditu. Egia da, alde batetik, etxe berria egitea errazagoa dela. Ez zait aukera hoberena iruditzen, etxebizitza zaharrei bizia eman beharko genieke eta bizia ematera pasa, baina ez da batere erraza. Aukera honen alde egitea erraztuko du Nafarroako Gobernuak Arakil, Uharte Arakilekin eta Arbizurekin batera, lehentasunezko zaharberritze eremu izendatu izana. 

Nondik dator izendapena?
Arakilen etxebizitzaren inguruan egiten ari garen lanketa gehienak Sakanako etxebizitza lantaldean sortutako ekimenak dira. Eta hortik lortu dugu Nafarroako Gobernuak aipatu hiru udalak lehentasunezko zaharberritze eremu izendatzea. Horrek zer esan nahi du? Dirulaguntza kopuru handiagoa izango dugula gure herrietan etxebizitzak zaharberritzeko. Ez du arazoa konponduko, baina lagunduko du. 

Arakilen, Uharte Arakilen eta Arbizun bakarren batek etxea zaharberritu nahi badu, dirulaguntza gehiago jaso ditzake?
Bai, izendapenari esker dirulaguntzak handiagoak dira. Honen inguruko informazio guztia Sakanako Mankomunitateko zaharberritze bulegoan jaso daiteke. Normalean 35 urtez beherako zaharberritzeek eta 65 urtetik gorakoek jasotzen dute dirulaguntza. 35 urtetik 65 urtera bitarteko tartean nahiko hutsune handia dago. Arakil lehentasunezko zaharberritze eremuan dagoenez, tarte horretako zaharberritzeek ere gainontzekoen dirulaguntza berdina jasoko dute. Bada pauso bat. 

Etxeak zaharberritzen ez badira, berriak eraikitzen dira. Herriak bizirik daude, baina herriaren erdigunea, kasu askotan, hutsik dago.
Hori da gertatzen dena. Arazo potoloa dugu Sakanako gainontzeko herrietan ere: etxerik zaharrenak erdigunean daude eta etxe zahar horiek erortzen ari zaizkigu. Eta horrek ez du bueltarik. Beraz, energia kopuru handi bat, ahal dena, zaharberritzean jarri beharko genukeela iruditzen zaigu.

Etxarrenen industrialde handia egiten ari da Nafarroako Gobernua. Hori ere populazioa erakartzeko bide bat izan daiteke.
Bai, beste bide bat da. Zein motatako industriak kokatuko diren, hor dago koxka. Lanpostuak sortuko dituzten ala ez. Momentuz zenbait pertsonek lana lortu dute egun dagoen enpresa bakarrean, Harivenasan, eta badirudi aurrera begira badaudela beste proiektu batzuk lanpostu dezente sortuko dituztela aurreikusten dela. Hau ez dago zuzenean udalaren esku, Nasuvinsak eskumen handiagoa du. Arakilen ekonomia motorra nekazaritza eta abeltzaintza izan da orain arte, baina gizartea aldatzen den heinean ekonomia eredua ere aldatzen ari da. 

Horrelako industria garapen bat egiten denean, honi lotuta ez litzateke etxebizitza politikarekin lotutako plangintza bat egon beharko?
Ez dago halakorik. Harivenasa egiten aritu ziren bitartean langileek izugarrizko arazoak izan zituzten, non gelditu ez zutelako. Arakilen izugarrizko gabeziak zeuden, Irurtzunen ere nahiko justu eta Lekunberri aldera eta beste hainbat lekutara joan behar izan ziren ostatu hartzera. Luze egon ziren langileak, eta ez zegoen modurik bertan gelditzeko. Horrek ere arazoaren dimentsioaren berri eman zigun. Eta ikusita zer datorren, lanpostuak sortuko direla baitirudi, etxebizitzaren gaiari buelta handia eman beharko litzaioke. Ez da etxebizitzak egiteagatik egitea, baizik eta gure herrietako tipologiak, ingurumena... eta gauza asko errespetatuz egitea. 

Jendeak gero eta gehiago gelditu nahi du ibarrean bizitzen, baina batzuk ere ateratzen dira. Zeintzuk dira arrazoiak? Ikasketak, lana...
Askotan gazteekin gertatzen dena da ikastera kanpora ateratzen direla eta gero ez direla bueltatzen. Hori arazo bat da. Eta lanarekin berdin. Lanera kanpora ateratzen dena, kostata bueltatzen da. Lortu beharko genukeena da atera behar ez izatea. Horretarako etxebizitzaz aparte, mugikortasunean ere izugarrizko erronka daukagu. Gauza asko koordinatu eta lotu beharko lirateke. 

Adinekoendako ere egoitzarik ez dago.
Ez dago, eta hori izango da datorren legegintzaldirako erronka potoloetako bat. Uste dut Sakanan gai hori aztertu beharko genukeela. Arakilen izugarrizko gabezia dugu arlo horretan. Zahartutako biztanleria dugu. Duela gutxi, lagun baten ama Erribera aldeko zahar etxe batera eraman zuten. Etxetik ahalik eta gertuen egoteko aukera izan beharko genuke. Gai honen inguruan lanean gabiltza, lehendabiziko pausoetan, baina behar beharrezkoa da.   

Arakil mila pertsona izatera iristen denean, ospatuko duzue?
(Kar, kar...) Ospatzekoa da, ez? Lan gehiago emango digu zerrendak aurkezteko orduan eta abar, baina izan dadila hori kalterik handiena. Ongi etorriak Arakilera, mundu guztia ongi etorri izan dadila. Ea joera hori mantentzen dugun. Nik uste dut landa eremuak bizirik behar ditugula eta horretara goaz.