Saretzen

Gutxiago jaio, gehiago hil

Guaixe 2022ko abe. 21a, 14:01

Umeak eta gizonezkoa plazan. ARTXIBOA

Sakanan 2021ean 2001ean baino 11 haur gutxiago jaio ziren. Heriotzei erreparatuta, denbora tarte berean, 51 gehiago izan ziren joan den urtean. Ibarrean jaiotzek eta heriotzek duten joeren erakusle dira bi datuak: jaiotza kopuruak behera egiten ari dira eta eta heriotzarenak gora. 

Bi hamarkada horietako joerak horiek badira ere tartean ere gorabeherak izan dira. Jaiotzei dagokienez, 2001 eta 2012 bitartean goranzko joera izan zuen. Bitarte horretan 2002 eta 2004 urteak izan ziren salbuespena, jaiotze tasak behera egin baitzuen. Sakanan jaiotze kopuru handienak 2009an (238), 2012an (233) eta 2011n (224) izan ziren. Kontrara, jaiotza gutxien izan diren urteak COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren eraginpean pasatakoak dira: 2020 (120) eta 2021 (156). Antzeko kopuruak bakarrik 2002an (155) eta 2004an (159) besterik ez ditugu opatzen.  

Mende hasieratik 2008an finantza arloak eragindako mundu mailako krisia hasi arte Sakanako populazioak eta jaiotzek gora egin zuten. Krisia lehertu ondoren, 2009 eta 2012 artean, jaiotze tasa nolabait mantendu egin zen. Baina ondoren behera egin zuen, eta 2013tik aurrera ibarrean sakandar gehiago hiltzen dira jaio baino. Salbuespena 2014 urtea da. Ordutik, azken zazpi urteetan sakandar gehiago hil dira jaio baino. 20 urteko aldi horretan heriotza gehien izan diren urteak dira 2017 (224), 2016 (216) eta 2012 (211). Sakandarren heriotza gutxien izan ziren urteak, berriz, 2001 (147), 2006 (157) eta 2009 (157) izan ziren. Pandemiaren eraginpean pasatako bi urteetan heriotzak ez ziren igo ibarrean, aurreko urteen antzeko kopuruak izan zituzten, urteko 195 hildakoren bueltan. 

Datuak 
Bi hamarkadetako bataz bestekoa eginez gero, ibarrean urteko populazioaren %0,93 jaio berriak dira; hiltzen direnak, berriz, %0,91. 2001ean biztanleriaren %0,86 (167) zen jaioberria, joan den urtean, berriz, %0,77 (156). 20 urte horietan Sakanako populazioa 881 pertsona hazi da, baina jaiotza tasak behera egin du. Epe berean hildako sakandarren kopuruan populazioaren %0,76 (147) izatetik %0,98 (198) izatera pasa da. 

Jaiotzen, heriotzen eta biztanleriaren arteko gurutzaketa horretan gorabeherak izan dira ere. Izan dira urteak jaiotzak ibarreko biztanleriaren %1 baino gehiago izan direnak: 2009 (%1,15; 238), 2012 (%1,12; 233), 2011 (%1,08; 224), 2007 (%1,06; 213), 2008 (%1,04; 213), 2006 (%1,03; 206) eta 2005 (%1,01; 202). Jaiotza gutxien izan ziren lau urteak dira ere populazioarekin alderatuta ehuneko txikiena dutenak: 2020 (%0,59; 120), 2021 (%0,77; 156), 2002 (%0,79;155) eta 2004 (%0,8; 159). 

Aztertutako bi hamarkadetan hildako sakandarren kopurua hiru urtetan izan da ibarreko populazioaren %1 baino gehiago: 2017an (%1,11; 224), 2016 (%1,07; 216) eta 2012 (%1,02; 211). Azken urte horretan jaiotza eta heriotza kopuruak Sakanako populazioaren %1 baino gehiago izan ziren. Esan beharra dago ere, 2012tik aurrera heriotzen kopurua urtero %0,9tik gorakoak izan dela. 

Bestetik, urtero jaio zirenen eta hil zirenen portzentajeen arteko aldeei erreparatuz gero, alderik handienak jaiotzetan 2009an (0,39 puntu eta 81 jaiotza gehiago), 2011n (0,3; 63) eta 2008an (0,25; 51) izan ziren. Alderantzizko ariketa eginda, alderik handienak heriotzetan 2020 (0,37 puntu eta 74 heriotza gehiago), 2017 (0,22; 44) eta 2016 (0,21; 42) izan ziren. 

Herrika 
Arakilen 2001etik 2012ra bitartean jaiotza tasaren joera gorakoa izan zen. 2007 eta 2012 bitartean, Arakilen jaiotza gehiago izan ziren heriotzak baino, 2011n salbu. Ordutik jaiotza kopuruak behera egin du, 2017an eta 2018an gora egin. Pandemiaren hasierako urtean, 2020an, nabarmen egin zuten behera jaiotzek, baina joan den urtean 2019ko kopurua berdindu zuten. Heriotzei dagokionez, Arakilen 2013tik aurrera urtero heriotza gehiago daude jaiotzak baino. Salbuespena 2017 urtea da, zazpina jaio eta hildakorekin. Pandemia lehertu zen urtean heriotza kopuruak behera egin zuen, baina hurrengo urtean 2019ren pare gelditu zen kasik. Arakilen tarte horretan jaiotza gehien izan den urtea 2012 izan zen, 12. Eta heriotza gehieneko urtea, berriz, 2004, 16. Ibarreko populazioak mende hasieratik 2010era gora egin zuen. Ordutik gorabeherak izan dira, eta joan den urtean lortu zuen 2010eko marka pertsona batean gainditzea: 965 arakildar. 

Irurtzungo biztanleriak hirutan egin du gora eta bitan behera mendea hasi denetik. Gorako joerari eusten dio 2018tik. Jaiotzei dagokienez, gorabeherekin bada ere, 2013ra arte gorako joerari eutsi zion, finantza arloak eragindako krisiaren eraginak iritsi arte. Irurtzunen jaiotze askoko urteak izan ziren 2009 eta 2013 artekoak. 2016 eta 2019 artean jaiotza kopurua baxuagoa izan zen arren egonkortuta zegoen, baina pandemiarekin behera egin zuen. Irurtzunen 2020an izan ezik, urtero jaiotako gehiago izan dira hildakoak baino. 2021ean 17na jaiotako eta hildako izan ziren. Heriotzen kopuruak gorako joera du; azken bost urtetan mende hasieran baino irurtzundar gehiago hiltzen dira. Epe horretan irurtzundar gehien jaiotako urtea 2011 izan zen, 35. Hildako gehieneko urtea, berriz, 2017 izan zen 24. 

Irañetaren bi hamarkadako biztanleriaren joera goranzkoa da, gorabeherak izan baditu ere. Bitarte horretan 16 urtetan herrian jaiotzaren bat izan da eta gainontzeko bostetan bat bera ere ez. Jaiotza gehienak 2009 eta 2016 artean izan zien Irañetan. Bestela zortzi urtetan ume bakarra jaio zen eta beste hirutan bina. 2001 eta 2021 artean Heriok Irañetan sega pasatzeari hiru urtetan besterik ez dio utzi, gainontzeko urteetan hildakoren bat izan baita. Dozena bat urtetan bina hildako izan dira urtero, eta beste lautan bana. Pandemiak ez zuen heriotzetan eraginik izan Irañetan. Jaiotzetan bai, ez baitzen izan. Azken lau urteetako salbuespena da. Tarte horretan Irañetan ume gehien jaio zen urtea 2010 izan zen, zazpi. Heriotza gehieneko urtea, berriz, 2019 izan zen, 6. 2012an hamarna jaiotza eta heriotza izan ziren eta gainontzeko 10 urteetan heriotza gehiago izan ziren

Uharte Arakilen populazioak 2010era arte gora egin zuen eta ordutik beherako joera da nagusi. Gorabeherekin baina 2016ra arte jaiotzek gorako joera izan zuten Uharte Arakilen. Ordutik behera egin dute. Pandemiaren hasiera urtean, 2020an, jaiotzak jaitsi egin ziren, hurrengo urtean pixka bat igotzeko. Aztertutako epean hamar urtetan jaiotzak heriotzak baino gehiago izan dira. Azkena 2016an, 12. Gainontzeko hamar urtetan heriotza gehiago izan ziren; azken bost urtetan hala izan zen. Izan ere, gorabeherekin baina heriotza kopuruak gorako joera du Uharte Arakilen 2015etik.  Bi hamarkada horietan jaiotza gehien izan ziren bi urteak 2013 eta 2014 izan ziren, 13. Heriotza gehieneko urtea, berriz, 2019, 14. 

Arruazuk joan den urtean ehun biztanle zituen, baina 2009an 119 eta 2013an 120 izan zituen. Bi urte horien artean 110 biztanletik gora mantendu zen herriko populazioa. Lau urte horien aurretik populazioak gorako joera zuen, eta, ondoren, beherakoa. Jaiotzei erreparatuta bi hamarkada horietan  hamaika urtetan jaiotzak izan ziren Arruazun, bederatzitan, berriz, ez. Jaiotza gehienak 2008 bitarteko aldian pilatzen dira. Heriotzak, berriz, hogei urtetik 16tan izan ziren. Eta ez jaiotzarik ez hildakorik gabeko bi urte izan dituzte arbazuarrek: 2016 eta 2017. Bi hamarkadetan Arruazun ume gehien jaio zen urte 2021 izan zen, 4. Hildako gehien izandako urteak 2007 eta 2013 dira, bosna. 

Lakuntzak bi hamarkadatan populazioan gora egin du. 2013an goia jo ondoren, biztanleak galdu, baina 2019rako berreskuratu zituen. Ordutik populazioak pixka bat behera egin du. Jaiotzei dagokionez, gorako joera izan zuen 2012ra arte. Hurrengo urtean jaitsi eta 2018ra arte egonkor mantendu ondoren, jaiotze tasak ordutik beherako joera hartu du Lakuntzan. 16 urtetan hildakoak baino jaiotza gehiago izan dira. 2015ean izan ziren kopuru bera, dozena bat jaiotako eta hildako. Gainontzeko lau urteetan hildakoak jaiotakoak baino gehiago izan ziren. Horietako bi 2019 eta 2021ean izan ziren. Pandemia hasi zen urtean, 2020an, Lakuntzan haur gehiago jaio eta hildako gutxiago izan ziren. Jaiotza gehien izan zen urtea 2012 izan zen, 24. Eta heriotza gehieneko urtea, berriz, 2016, 10. 

Arbizuko biztanleriak mendeko bi hamarkadetan gora egin du. 15 urtetan jaiotza gehiago izan dira heriotzak baino eta behin, 2002an, jaiotako eta hildako kopuru bera izan da, 12. Jaiotzen joerari erreparatuta, 2011 arte gora egin zuen. Bi urtez jaitsi ondoren, atzera ere, gorako joera izan zuen. 2018 eta 2020 artean behera egin ondoen, joan den urtean igoera izan zuen jaiotzetan. 20 urtetako bitarte horretan Arbizun soilik lau urtean egon dira heriotza gehiago jaiotzak baino: 2009, 2014, 2016 eta 2020an. Azken horretan, pandemia hasi zen urtean, hildako kopurua asko handitu zen 2019arekin alderatuz. 14 arbizuar hil ziren. Bitarte horretan herritar gehien jaio zen urtea 2005 izan zen, 20. Eta hildako gehien, 18, 2016an izan ziren. 

Ergoienak azken 20 urteetako biztanleriak beherako joera nabarmena du, despopulatzen ari da. Epe horretan bitan ezik, 2006 eta 2018, gainontzeko urteetan jaiotzen bat izan zen. 2001 eta 2021 artean lau urtetan bina jaiotza izan ziren eta beste bederatzietan bana. Jaiotakoen eta hildakoen kopuru bera, launa, izan zen Ergoienan 2008an. Urte hori eta 2006a (5 jaiotza) salbuespenak dira, gainontzeko guztietan Ergoienan heriotzak jaiotzak baino gehiago baitira. Hori bai, pandemiaren bi urteetan heriotza kopuruak behera egin zuen. Bi hamarkada horietan jaiotza gehieneko urtea 2006koa izan zen, 5; eta heriotza gehienekoa, berriz, 2017, 10. 

Etxarri Aranatzen populazioaren joera orokorra goranzkoa izan da azken bi hamarkadetan. Tarte horretako 14 urtetan jaiotza gehiago izan dira Etxarri Aranatzen. 2016ra arte jaiotako gehiago izan ziren hildakoak baino, salbuespenak 2004 eta 2014 izan ziren. Baina 2017tik Etxarri Aranatzen urtero heriotza gehiago izan ziren. Salbuespenak bi izan ziren: 2018an izan zen, jaiotza gehiagorekin, eta pandemia hasi zen urte, 2020, hemezortzina jaiotza eta heriotzekin. Pandemiaren bi urteetan hildakoen kopuruak gorako joera hartu zuen. Etxarri Aranatzen 20 urtetan jaiotza gehien izan den urtea 2005a da, 35. Heriotza gehien izan den urtea, berriz, 2018 eta 2021, 27na. 

Bakaikuk mendeko lehen bi hamarkadetan jaiotzen joera goranzkoa izan zuen 2005 eta 2007 artean. Baina ordutik behera egin eta 2013tik urteko bi jaiotzako kopuruan egonkortu dela dirudi. Epe horretan urtero izan dira jaiotzak, salbu eta 2020an, pandemia hasi zen urtean. Aztertutako hamarkadetan bi urtetan bakarrik izan dira Bakaikun jaiotza gehiago heriotzak baino: 2007an eta 2012an. Bi urtetan jaiotako eta hildako kopuru bera izan zen (2001 eta 2010) eta gainontzeko urteetan hildakoak gehiago izan dira. Azken 20 urtetan jaiotako gehien izan ziren urteak 2007 eta 2012 izan ziren, zazpina jaiotza. Hildako gehien izandako urtea, berriz, 2006an izan zen, zazpi. 20 urte horietan Bakaikuko populazioak beherako joera izan zuen 2013ra arte. 2019ra arte gora egin zuen, behera egiteko berriro. 

Iturmendik mendeko lehen eta bigarren hamarkaden bukaeran egin zuen gora populazioan. Jaiotzei dagokienez, 2001 eta 2004 artean eta 2009 eta 2015 artean izan ziren gehienak. Aztertutako epean zazpi urtetan jaiotzak heriotzak baino gehiago izan dira Iturmendin. Azkena, pandemia hasi zen urtean, 2020an. 2012an ez zen jaiotzarik izan herrian eta 2010ean ez zen ez jaiotzarik ez heriotzarik izan. Beraz, hamar urtetan heriotza gehiago izan dira jaiotzak baino, eta hirutan kopuru bera izan da: 2007, 2008 eta 2019. Heriotza asko izan ziren 2006ra arte. Jaitsiera baten ondoren 2011 eta 2017 artean hildako asko izan ziren. Baita 2021ean ere. Iturmendin epe horretan jaiotako gehien izan den urtean 2015 izan zen, 8. Herio sega gehien pasa zuen urtea, berriz, 2005, 9 hildako izan baitziren. 

Urdiainen populazioak 2011n jo zuen goia. 2007tik igoera handia izan zuen. Baina, ordutik, biztanleria galtzeko joera nagusitu da herrian. Jaiotzei erreparatuta bi hamarkada horietan sei urtetan izan dira jaiotakoak hildakoak baino gehiago. Azken zazpi urtetan behin gertatu da hori, 2019an. Jaiotzak gorako joera izan zuten 2007ra arte, baina ordutik jaitsi eta urteko sei jaiotzen inguruan egonkortu dela dirudi, dozena erdi bana jaio baita azken hiru urtetan. Bitarte horretan soilik 2005ean ez zen jaiotzarik izan Urdiainen. Gainontzeko 13 urtetan heriotza gehiago izan dira jaiotzak baino. Jaiotzen kopurua mantentzen den bitartean heriotzenak gorako joera du. Epe horretan Urdiainen jaiotako gehien izan zen urtea 2017 izan zen, 15. 2018an, berriz, 17 hildako izan ziren, heriotza gehieneko urtea. 

Altsasuren hogei urte horien jaiotzen eta heriotzen grafikoak gorabeherak ditu. Nabarmendu behar da epe horretan 13 urtetan heriotzak jaiotzak baino gehiago izan direla eta urte batean izan dutela bi parametroek kopuru bera. Mende hasieratik 2012ra arte, gorabeherekin baina jaiotzen kopuruaren joera goranzkoa zen. Urte haren ondoren behera egin zuen eta 2018ko salbuespenarekin (jaiotako eta hildakoen kopuru bera, 62), Altsasun 2013az geroztik jaiotzak baino heriotza gehiago izan dira. Hain justu urte horretan lortu zuen Altsasuk biztanle gehien: 7.711. Ordutik behera egin du herriko populazioak. 2021ean 7.441 altsasuar zeuden. Azken hiru urteetan urteko 68 heriotzaren bueltan egonkortu da hildakoen kopurua. Pandemiaren urteek ez zuten heriotzetan eragin. Baina jaiotze tasan jaitsiera handia izan zen. Altsasun jaiotza gehien izan zen urtea 2009 izan zen, 91. Eta hildako gehieneko urtea 2017a, 92. 

Olatzagutiaren biztanleriaren bilakaerak azken bi hamarkadatan beherakoa da. 2009tik herria populazioa galtzen ari da urtero. Jaiotzei dagokienez, 2005era arte gorako joera izan zuen. 2010 eta 2012 urteen artean gutxiago bada ere, jaiotza kopuru handiko urteak izan ziren. Baina ordutik jaiotze tasa apaldu eta beherako joera izan du. Aztertutako epetik sei urtetan bakarrik izan dira jaiotza gehiago heriotzak baino. Azkena 2014an. 2009an 14 jaiotza eta heriotza izan ziren. Eta gainontzeko 14 urteetan heriotzen kopurua jaiotzen gainetik egon da Olatzagutian. Azken bederatzi urteetan hala izan da. Gainera, pandemiako bi urteetan hildakoen kopuruak gora egin zuen nabarmen. Bi hamarkada horietan jaiotako gehien izan den urtea 2005 urtean izan da, 22. Hildako gehieneko urtea, berriz, 2013, 25. 

Ziordiak 2008an biztanleri kopuruan gailurra lortu ondoren, populazioa galtzeko joera nagusitu da herrian. Jaiotzei erreparatuta, 2012ra arte, gorabeherekin, baina beherako joera izan zuen. 2013 eta 17a bitartean gorako joera izan zuen, eta eten baten ondoren, azken bi urtetan gora egin zuen jaiotze tasak. Aztertutako aldian bi urtetan bakarrik daude jaiotako gehiago hildakoak baino: 2009 eta 2014. 2018an bina jaiotza eta heriotza izan ziren. Baina hori salbuespena da azken zazpi urteetako joeran, ohikoena herritar gehiago hiltzea baita. Heriotzak, pitteka, gorako joera du Ziordian. Bi hamarkada horietan ume gehien jaio zen urtea 2014 izan zen, 9. Eta hildako gehieneko urtea, berriz, 2007, 12.