Udaletako idazkariak eta kontu hartzaileak izendatzea Nafarroako Gobernuaren eskumena da. Historikoki foru administrazioak heldu ez dion gai bat izan da izendapenena. Izan ere, gobernu guztiek tokiko administrazioaren erreforma egin ondoren lanpostuak betetzeko deialdia egiteko asmoa izan dute. Erreforma egitea atzeratu zen eta 2019ra arte ez zen egin. Haren bidez bidez Nafarroan hainbat eskualde sortu behar ziren, tartean Sakanakoa. Baina aurreikusitako eskualdeak ez direnez sortu eta idazkariaren lanpostuen behin-behinekotasuna %90koa denez, Nafarroako Gobernuak erabaki du aldi baterakotasuna murrizteko presako neurriak hartzea eta lau modu egokitzea lanpostu horiek betetzeko. Sakanan hamar idazkari lanpostu eta kontu hartzaileen hiru bete gabe daude.
Azken urteetan lanpostuak beteta egon badira merezimendu lehiaketaren bidez beteko dira. Hala beteko dira ibarreko zortzi idazkari lanpostu: Arakil; Irañeta, Uharte Arakil eta Arruazu; Lakuntza; Arbizu; Ergoiena; Bakaiku eta Iturmendi; Altsasu eta Olatzagutia. Baina lanpostuen betetzean eten luzexkak egon badira, udal lanpostu horiek betetzeko oposizio irekia eginen da. Hala beteko da Irurtzungo idazkari postua. Merezimenduak kontuan hartutako prozesuaren bidez beteko da Sakanako Mankomunitateko idazkari lanpostua. Ibarrean hutsik dauden kontu hartzaile lanpostuak hiru dira: Sakanako Mankomunitatearena eta Irurtzun eta Etxarri Aranazko udalenak. Hirurak ere merezimendu lehiaketa bidez beteko direnak.
Nafarroako Gobernuaren asmoa da prozesu guztiak bukatu eta lanpostu guztien kargu hartzea egun berean egitea. Prozesuan zehar udal batetik bestera langileen aldaketak egonen direnez, izendapen guztiak aldi beran eginda foru administrazioak saihestu nahi du lanposturen bat hutsik gelditzea.