Saretzen

Harrera eta bitartekaritza egiteko zerbitzua

Guaixe 2023ko urt. 12a, 08:48

Begoña Zestau Baraibar kulturartekotasun teknikaria.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak ibarrera etortzen diren pertsonei harrera egiteko ″oinarri sendoa″ sortu du, baina etortzen diren pertsonen errealitatera egokitzeko etengabeko ahalegina egiten du.

Sakanak 2001ean 19.392 biztanle zituen eta 2021ean 20.273. 881 herritarren hazkundea izan zen, (%4,54). Denbora tarte horretan 3.947 jaiotza eta 3.879 heriotza izan ziren ibarrean, hau da, 68 jaiotza gehiago. Pertsonen joan etorriak ere eragiten diote populazioaren datuari: 15.393 pertsona etorri ziren eta 14.008 joan 2001 eta 2021 artean, 1.385 sakandar berri gehiago daude. ″Geroz, Sakanak biztanleria irabazi du jaiotza gehiago daudelako eta joan baino pertsona gehiago etorri direlako. Beti ere, Sakana kontuan hartuta, herri bakoitzak bere errealitatea baitu″, azaldu du Begoña Zestau Baraibarrek, Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun teknikariak. 

Aztertutako bi hamarkadetan ″pertsonen etengabeko joan-etorria egon da. Etorri diren gehienak gazteak dira″ azaldu du teknikariak. ″Etorri berriez aritzean migratzaile jakin batzuen irudia etortzen zaio jendeari burura. Estereotipoak izanen dira″. Zestauk gaineratu duenez, ″20 urte horietan integraziorako, baterako eta besterako Sakanako Mankomunitateak Nafarroako Gobernutik jaso dituen dirulaguntzak, orokorrean, estatutik kanpo etorritako pertsonei bideratu zaizkie, haien integrazio edo inklusioa sustatzeko. Horrek indarra hartu du″. Baina teknikariak, ″errealitatea hori ez″ dela ziurtatu du, eta datuei erreparatu die: ″etorritakoen %47 Nafarroatik etorri da. Estatutik (Euskadi barne) %34 eta estatutik kanpoko %18,96 etorri dira 20 urtetan″. 

Azken zifra horri erreparatzen dio jendeak ″estereotipoengatik, irudipenengatik edo, akaso, historia memoria ahaztua edo galduta dugulako. Halakoetan bestearen lekuan jartzearena ez dugu oso presente izaten″, Zestauren iritziz. Eta gogoratu du ibarrera aurretik ere estatutik jende asko etorri izan dela. Bestetik, migratzaileek bizimodu hobe baten bila egindako itsas bidai edo hesiak gainditzeko ahaleginak hedabide handietan emateko moduak ere eragina badu azken zifrari erreparatzeko garaian. Teknikariak esan duenez, ″halako berri edo irudien aurrean kritikoak izan behar dugu, bestela, migratu nor kontsideratzen dugun hitz egiten bukatuko genuke. Zeren, esaterako, Nafarroan bertan barne migrazioak daude″. Bestalde, sakandarrak ere emigratu egiten dute: %52 Nafarroako beste tokiren batera doaz, %30,96 estatuko beste lurralde batera eta %8,03 estatutik kanpora. 

Zergatiez, premiez
Etorritako askorekin harremana izan du Zestauk zerbitzuan 2008tik. ″Sakanara etortzen diren pertsonak, orokorrean, bizi baldintzak hobetzeko etortzen dira, lana bilatzera, krisitik ihesi, ikastera etortzen denik ere bada… Edo bere bizia salbatu nahian babes bila etortzen dena, azken aldian hori da arrazoietako bat. Etxebizitza merkeago den lekuetara ere mugitzen da jendea. Familia elkartzeko edo sortzeko etortzen denik ere bada. Gutxi batzuk afektibotasunagatik etortzen dira″. Etortzeko arrazoien atzean horiek leudeke Zestauk jakinarazi duenez, baina ″etorri direnek dituzten antzeko arrazoiengatik joaten da jendea Sakanatik ere″. 

Mank-en zerbitzuaren helburua da ″bertaratzen den edozein pertsonari ahalik eta harrera egokiena egitea da″. Zestauren atean jotzen dutenen premiak honakoak dira: lana, euskara eta gaztelania ikastea, sorterriko prestakuntza tituluak homologatzea, etxebizitza bilatzea. ″Ez da asko hitz egiten, baina oso garrantzitsua da dolua lantzea. Migratzen duten pertsona guztiendako komuna da, migrazio guztiek dolua baitute″, gaztigatu du Zestauk. ″Min hori, zure sorterria, zure ohiturak, zure etxebizitza, familia utzi beharra, ingurunea, paisaia, zure ama hizkuntzan hitz egiteko aukera, osasungintza, dituzun ikasketei lotutako lanetan ezin lan egitea… hori guztia ez izatearen min horri deitzen diogu dolua″. Teknikariak nabarmendu duenez, ″integraziorako bide horretan, pertsona emozionalki ahalik eta hobekien aurki dadin, hori guztia lantzeko denbora asko behar da″. Sakana uzten dutenei ere gauza bera gertatzen zaie joaten diren tokira joaten direla. 

Harreraz
Zestauk azaldu duenez, ″ahal den neurrian, eta ditugun baliabide eta aukerekin, eskaera horiei erantzuna ematen saiatzen gara. Anitzartean zerbitzutik ezin bada eman, erantzuna emanen dieten espezializatutako zerbitzuetara bideratzen ditugu pertsonak″. Bitartekaritza zerbitzua norabide horretan pauso bat da. Sakandar berrien artean talde esanguratsua da Magreben jatorria duena. ″Egunerokoan dauden zailtasunak, hizkuntza ez dugulako ulertzen edo batzuen eta besteen kultur gakoak desberdinak direlako. Bitartekariak bi komunitateen arteko bi komunitateen mezuak ulertzen direla bermatzen du eta bi komunitateen ohiturak, funtzionamenduak, bizia ulertzeko modua, baloreak eta abar elkarri ezagutzera ematen ditu, gatazkak ekiditeko eta elkar ulertzeko″.  

Aitortu du, pertsona adina errealitate daudela eta, horregatik, zerbitzua ″beti egokitzen eta hobetzen ari da″. Teknikariak azpimarratu duenez, ″harrera egoki baterako oinarria sendotu da. Baina beti erne gaude, iristen zaizkigun hainbat errealitatera egokitzen. Sakanara etorri nahi duen edozeinek ateak irekiak ditu. Nahiz eta, oraintxe bertan bizi dugun krisi honek gauzak ez dituen asko errazten″. 

Bestetik, Anitzarteanek ″aukera eskaintzen die pertsona horiei dakartena guri erakusteko. Hortaz, denak aberasteko aukera da. Inklusioan, harrera horretan, parte aktiboa izateko aukera da″. Hori ere modua da ″elkarbizitza baikorraren alde guztiok eragiteko aukera izatea″ ere eskaintzen du zerbitzuak. ″Hitza ere ematen diegu, nahi dutena edo luketena, desioak esan edo proposamenak egiteko aukera eman. Eta guztiok komunean ditugun gauzez jabetzea eta horiek indartzea ere eskaintzen du zerbitzuak. Izan daitezkeen desberdintasunak aberastasun gisa ikusi eta komunean duguna indartzeko″, azaldu du Zestauk. 

Zestauk jakinarazi duenez, ″zerbitzuak antolatzen dituen %90etik gora sakandarrek proposatutako jarduerak dira. Guztiak, besteak beste, harrera egokia egin eta elkarrekiko ditugun estereotipoak hausten joatea dute helburu″. Hori guztia Sakanako gizarte eta erakundeekin elkarlanean.