Hirugarren urtez jarraian Sakanako biztanleriak gora egin zuen 2021ean. Urtea hasi baino %0,46 biztanle gehiagorekin (94) bukatu zen eta 2022a 20.367 sakandar izanik hasi genuen. Hiru urtetan 178 sakandar gehiago daude. Biztanleria handitu bada ere, oraindik ere 2013ko populazio errekorretik urruti dago Sakana, urte hartan 20.809 sakandar baikinen, 2022 hasieran baino 442 gehiago.
Generoari dagokionez, sakandarren %51,51 (10.492) gizonezkoak dira eta %48,49 (9.875) emakumezkoak. Populazioan aldaketa izan bada ere bi generoen arteko aldeak 617 gizonezko gehiago izaten segitzen du (%6,33).
Udalerrika
Sakanako 15 udalerrietatik hamaikatan igo zen biztanleria eta lautan jaitsi. Hazkunde portzentajeari erreparatuta, Arruazu nabarmentzen da %6ko hazkundearekin 6 arbazuar berri izatean, hiruna emakumezko eta gizonezko gehiago. Aurreko urtean galdutako populazioa berreskuratu dute Arruazun. Puntu bat baino gehiagoko hazkundea izan dute hiru herrik: Ergoiena (%1,91, 7 erguendar gehiago; 5 gizonezko eta 2 emakumezko gehiago), Uharte Arakil (%1,28, 10 gehiago, denak gizonezkoak) eta Lakuntza (%1,18, 15 gehiago; 18 emakumezko gehiago eta 3 gizonezko gutxiago).
Beste zazpi herrietan biztanleria hazkundea %1 baino txikiagoa izan da: Arbizu (%0,99, 11 gehiago; 9 gizonezko eta 2 emakumezko), Altsasu (%0,85, 63 gehiago; 34 gizonezko eta 29 emakumezko), Etxarri Aranatz (%0,68, 17 gehiago; 20 emakumezko gehiago eta 3 gizonezko gutxiago), Bakaiku (%0,57, 2 gehiago; 3 emakumezko gehiago eta gizonezko bat gutxiago), Olatzagutia (%0,34, 5 gehiago; 12 gizonezko gehiago eta 7 emakumezko gutxiago), Irurtzun (%0,13, 3 gehiago; 13 gizonezko gehiago eta 10 emakumezko gutxiago) eta Arakil (%0,1 eta 1 gehiago; 2 emakumezko gehiago eta gizonezko 1 gutxiago).
Gainontzeko lau herrietan biztanleria jaitsi da: Urdiain (%4,22, 28 urdindar gutxiago; 18 gizonezko eta 10 emakumezko gutxiago), Iturmendi (%2,55 eta 11 gutxiago; 8 gizonezko eta 3 emakumezko gutxiago), Ziordia (%1,7 eta 6 gutxiago; hiruna emakumezko eta gizonezko) eta Irañeta (%0,6 eta 1 gutxiago; bi gizonezko gutxiago eta emakumezko 1 gehiago).
Joan den urte hasieran Arakilek, Lakuntzak eta Etxarri Aranatzek haien populazio errekorra lortu zuten, 967, 1.283 eta 2.506 biztanle hurrenez hurren. Arbizuk 2018an lortu zuen errekorra berdindu zuen atzera ere 1.124 biztanle izatean. Irurtzunek, berriz, bosgarren urtez segidan populazioa irabazi du.
Bestetik, Ergoienak 2014 urteaz geroztik herritarrak galtzeko zuen joerarekin hautsi zuen. Irañetak laugarren urtea du populazioa galtzen. Uharte Arakilen, Arruazuren eta Bakaikuren kasuan bi urteko beheko joerari buelta eman diote. Altsasuk eta Olatzagutiak jaitsiera urte baten ondoren, biztanleak hartu dituzte atzera ere. Azkenik, Iturmendik aurreko urtean biztanleria errekorra lortu ondoren, 2022 hasieran gutxiago ziren. Urdiainen eta Ziordian bi urtetan gora egin ondoren, azkenekoan behera egin zuen biztanleriak.
Biztanleria banaketa eta dentsitatea
Sakandarren %36,84 Altsasun bizi dira. Bi zifrako ehunekoak dituzte ere Etxarri Aranatzek (%12,3) eta Irurtzunek (%11,29). Mila biztanletik gora duten Olatzagutian, Lakuntzan eta Arbizun sakandarren %7,32, %6,3 eta %5,52 bizi dira hurrenez hurren. Sei herri horiek ibarreko populazioaren %79,59 (16.206) dute, bostetik lau. Sakandarren gainontzeko %20,43 bederatzi udalerritan bizi da: Arakil (%4,75), Uharte Arakil (%3,88), Urdiain (%3,12), Iturmendi (%2,06), Ergoiena (%1,83), Bakaiku (%1,74), Ziordia (%1,70), Irañeta (%0,82) eta Arruazu (%0,52).
Udalerriek tamaina bera ez dutenez, haien populazio dentsitatea ere desberdina da. Udal dermio txikia eta herritar ugari dituenez, Irurtzun da biztanleria dentsitate handiena duen Sakanako herria: 652,75 herritar kilometro karratuko. Atzetik ditu Altsasu 279,95 eta Lakuntza 116,29. 75 biztanle km karratuko baino gehiago hiru herrik dute: Arbizu 78,58; Olatzagutia 75,95 eta Etxarri Aranatz 75,89. 20 eta 45 artean daude sei udalerri: Iturmendi 42,39; Urdiain 42,17; Bakaiku 30,34; Ziordia 24,05; Uharte Arakil 20,85 eta Irañeta 19,89. Dentsitate txikiena duten hiru udalerriak Arruazu 18,49, Arakil 18,47 eta Ergoiena 8,92 dira.