Euskara talde txikitan praktikatzeko izena eman daiteke

Guaixe 2023ko urt. 24a, 13:01
Mintzakideek egindako mendi ibilaldia. ARTXIBOA

Sei herritan martxan dauden Mintzakide taldeetan sartzea da aukera bat. Bestea, talde berria sortzea.

Mintzakide izateko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea. Euskara praktikatu nahi dutenei zuzendutako programa da Mintzakide. Asmo bera duten pertsonen talde txikiak osatzen dira eta haiekin bidelari bat egoten da, euskara gehiago dakiena eta hizketaldiak dinamikoak izaten laguntzen duena. Taldekideek, elkarri lagunduz, euskararen ezagutzatik erabilerara egiten dute salto, beti ere, lagun giroan eta hizketan. Gertuko hizketaldien bidez aktibatzen dute euskararen erabileraren aldeko jarrera.

Sakanan Mintzakide programaren ardura Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta AEK-k dute. Ikasturte honetan dagoeneko dozena bat talde martxan daude: Altsasun lau, Irurtzunen hiru eta bana Uharte Arakilen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta Ziordian. Baina jakinik urte berriarekin jendeak bere buruari helburu berriak jartzen dizkiola, euskara praktikatu nahi dutenendako Mintzakide programan izena emateko epea zabaldu dute ilbeltzean. Interesa dutenek izena emateko 600 482 024 telefonora Whatsapp mezua bidali edo sakana_mintza@aek.eus e-posta helbidera idatzi dezake. Izen ematea doan da. 

Astean behingo ordu hori pasa daiteke paseatzen, kirola egiten, kafea hartzen edo bestela. Norberak eta taldearen artean erabakitzen da. Horretaz aparte, mintzakideak eta euskaldunak elkartu eta hizkuntza erabiltzeko jarduera osagarriak antolatzen ditu programak, esaterako, mendi irteerak, erakusketetara bisitak eta beste. Sakanako Mintzakideko arduradunak 30 jardueretako eskaintza pasa berri die mintzakideei eta haien erantzunaren arabera antolatuko ditu jarduera horiek. 

Sakanako Mintzakide taldeak
Herria Eguna Ordua Tokia
Irurtzun Asteartea 18:00 Iratxo elkartea
  Osteguna 09:00 Pikuxar
  Ostirala 19:00 Pikuxar
Uharte Arakil Ostirala 17:30 Amaia okindegi kafetegia
Lakuntza Asteazkena 18:30 Jubilatu elkartea
Arbizu Asteazkena 18:00 Kiroldegiko taberna
Etxarri Aranatz Ostirala 19:00 Xapatero taberna
Altsasu Astelehena 10:00 Gure Etxea eraikina
  Astelehena 16:00 Gautxori taberna
  Osteguna (euskalkia) 20:00 Lezea Taberna
  Ostirala 09:00 Kaixo taberna
Ziordia Ostirala 16:00 Liburutegia
Erlazionatuak