Pilota

Hau ez da bukatu

Guaixe 2023ko ots. 6a, 11:46
Zabaleta eta Elordi finalerdietarako sailkatuta daude. Gainontzeko guztia erabakitzeke dago.

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako hamaika jardunaldi jokatu dira eta asteburuko emaitzei esker, emozioak bete-betean jarraituko du. 

Sailkapeneko goiko postuetan Elordik eta Zabaletak gainontzekoengandik baino koska bat gehiagora daudela erakutsi dute berriz, otsailaren 4an, Labriten, Peña eta Eskiroz 11 tantotan utzi baitzituzten maisuki jokatu eta gero. 10 puntu dituzte eta finalerdietarako sailkatuta daude, matematikoki. Altuna III.ak eta Tolosak salto handia egin zuten otsailaren 5ean Lasori eta Imazi 8 eta 22 irabazi eta gero, bigarren postuan kokatu baitira, 8 punturekin. Hirugarrenak Laso eta Imaz dira -Imazek eskuin eskua minduta bukatu zuen partida-, eta 5 puntu dituzten hiru bikote daude: Etxeberria-Rezusta, Urrutikoetxea-Albisu eta Peña-Mariezkurrena. 

Sailkapeneko azken bi postuetan dauden bi bikoteek, Ezkurdia-Martijak eta Jaka-Arangurenek garaipena lortu zuten azken bi jardunaldian eta horri esker finalerdietarako play-offetara sailkatzeko aukerak dituzte. Ezkurdia-Martijak hirugarren puntua lortu zuten, euren sentsazioak berreskuratu eta partida onean eta Urrutikoetxeari eta Albisuri 16 eta 22 irabazi ondoren. Eta Jakak eta Arangurenek, nahiz eta oso zaila izan (2 puntu dituzte), oraindik play-offetara sailkatzeko aukera matematikoa dute. 

Altsasu, erabakigarri
Hain zuzen ere hilaren 12an, igandea, Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko den partida erabakigarria izango da. Ezkurdiak eta Martijak Jaka eta Aranguren izango dituzte aurkari hil ala biziko partidan, galtzen duenari txapelketa oso malkartsu jarriko baitzaio. Jaialdia 17:00etan hasiko da eta material aukeraketa otsailaren 7an, asteartea, izango da, 13:30ean. 

Elordiri eta Zabaletari dagokienez, otsailaren 11n Lasoren eta Imazen kontra jokatuko dute Markina-Xemeinen. Otsailaren 10ean Urrutikoetxea-Albisuk Peio Etxeberria-Rezustaren kontra jokatuko dute Tafallan eta Altuna III.a-Tolosa Peña II.aren eta Mariezkurrenaren kontra jokatuko dute otsailaren 11n Labriten. 

Erlazionatuak

Binakakoa Altsasun

Guaixe 2023 urt 12 Altsasu