Ezkurdia / Martija

"Txapelketan jarraitzea gure esku dago"

Maider Betelu Ganboa 2023ko ots. 10a, 13:00
Julen Martija eta Joseba Ezkurdia, Burunda frontoian materiala aukeratu berri.

Binakako finalerdietako play-offetarako sailkatzeko partida erabakigarria dute Ezkurdiak eta Martijak igandean. Aurrera egiteko irabazi beharra dute, bai hala bai

Aurpegi alaiak dituzue aspaldiko partez. Azken jardunaldian Urrutikoetxeari eta Albisuri 16 eta 22 irabazita, biziberritu zarete.
Joseba: Emaitza eta joko aldetik hau ez da gure txapelketa onena izaten ari, eta horregatik serio samar ibili gara. Baina hirugarren puntua lortuta bizirik gaude, oraindik zaila dugu baina igandean Altsasun Jakari eta Arangureni irabazten badiegu txapelketa absolutuan borrokan segiko dugu  eta helburu eta gogo horrekin gaude. Horregatik aste hau lasaiagoa ari da izaten, eta gustura eta poztasun horrekin gaude.  

Hasieratik ongi entrenatzen ari omen zarete, baina gero zer gertatzen zitzaizuen kantxan? Alde psikologikoak eragina izan al du?
Julen: Niri askotan gertatzen zait partida batzuk galdu ondoren bolada negatiboan nagoenean gero kosta egiten zaidala. Entrenatu nahiko ongi egiten dut, baina gero partidetan kostatzen zait; agian konfiantza falta izan daiteke. Urduriago egoten naiz. Eta nik uste dut konfiantza hori izatea falta izan dugula, eta partidan gehiago sartuta egotea ere bai. Horregatik joan zaizkigu partida batzuk; ongi hasten ginen, baina erdialdean partida joaten zitzaigun. Orain ongi gaude, askoz hobeki. Oraindik hiru partida geratzen dira hasierako ligaxka bukatzeko, hirurak oso garrantzitsuak, eta irabaztera.

Ohituta zaudete partida erabakigarriak bata bestearen atzetik jokatzera, baina Altsasukoa final garrantzitsu horietako bat dela ezin da uka. Jaka eta Aranguren dituzue arerio, zuek baino puntu bat gutxiago dute, eta igandean galtzen duena egoera latzean geratuko da.
Joseba: Bai, galtzen duen bikoteak zaila izango du. Galduz gero bi punturekin geratuko ginateke, egoera latza. Baina txapelketan jarraitzea gure esku dago. Altsasukoa final bat da, partida gogor bat, partida polit bat, tentsio handikoa, eta gogo handiz gaude. Ea partida ona egiten dugun, gure maila ematen dugun eta puntua lortu eta gustura goazen etxera.

Gainera etxean, Burunda pilotalekuan.
Julen: Bai, etxetik gertu. Gu sakandarrak izanda, ziur animatuko gaituztela. 

Horrek ere eragina du, ezta?
Joseba: Bai. Gu kontzentratuta egoten gara, nolabait gure munduan sartuta, baina frontoian buila badago gehiago motibatzen gara, giro hobea izaten da. Eta etxean bada, hobe. Altsasun gustura jokatzen dut. Frontoi arraroa da, baina etxetik gertu jokatzea gauza handia da eta inguruko jendea frontoian ikustea pozgarria da.

Jaka eta Aranguren nola ikusten dituzue? Azken jardunaldian Peio Etxeberria eta Rezusta irabaztetik datoz.
Julen: Nahiz eta sailkapenean azpian egon, irabazteko bikote zaila da. Aranguren txapelketa ona egiten ari da, ia ez du akatsik egiten. Zaila dugu, baina orain gu hobeto gaude, oraindik asko geratzen da ligaxka bukatzeko eta sentsazioak hobeak dira, baita entrenatzen ere. Horri esker partidara konfiantza gehiagorekin helduko gara. Altsasuko partida iristeko gogoz gaude.


"Konfiantza puntu bat gehiagorekin gaude, baina zaila dugu"
ERIK JAKA PILOTARIA

Igandean hil ala biziko partida duzu Arangurenekin batera Ezkurdiaren eta Martijaren kontra. Nola zaudete animoz? Nola prestatu duzue partida?
Aurreko asteko garaipenarekin nik uste konfiantza puntu bat gehiagorekin iritsiko garela Altsasuko partidara, bai gu eta baita beraiek ere, eurak ere irabaztetik baitatozte. Ezkurdiak eta Martijak guk baino puntu bat gehiago dute eta txapelketan aurrera egiteko guk baino aukera gehiago dituzte, baina guk gure lanean zentratu beharra dugu. Ea astean barna lan txukuna egiten dugun igandean Altsasura baldintza onenetan iristeko. 

Sarritan jokatu izan duzu Burundan. Frontoia gustuko duzu, edo zure baldintzetarako ez da pilotaleku egokia?
Beste frontoi batzuk baino irregularxeagoa da, baina azkenean normala izaten da hori. Frontoi industrialagoetan jokatzera ohituta gaude eta herrietako frontoietan gutxiago jokatzen dugu, baina Burunda pilotalekua lehendik ezagutzen dugu, eta ez dago inolako aitzakiarik. 

Ezkurdia eta Martija nola ikusten dituzu?
Ongi ikusten ditut, beti goranzko norabide eta jarrera horretan. Pilotari batek gora egiten duenean arriskutsua izaten da, ziurrenik bere konfiantza astez aste gehitzen doalako; beraiek hobeto sentitzen ari dira, eta hobeto jokatzen ari dira. Garbi dugu Altsasukoa partida oso zaila izango dela, baina Aitor eta ni uste dut ez garela joko maila txarrean iristsiko, nahiz eta orain arteko emaitzak onak ez izan. Ea partida ona egiten dugun eta 22ra iristen garen. 

Erlazionatuak

Azkeneko balak Altsasun

Maider Betelu Ganboa 2023 ots 09 Sakana