Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiari dagokien pediatra lanpostu eta erdi betetzea eskatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Altsasuko udaletxearen parean azken bi ostiraletan. Osasun eskualdeak hiru hilabete daramatza osasun zerbitzu hori gabe. Sakanako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak eta guraso talde batek deitu dituzte Altsasun pediatra orain! lelopean egiten diren elkarretaratzeak, eta Ainhoa Lopez de Goikoetxea Galan zerbitzua eskatzen duen ametako bat da.
Zein da Altsasuko osasun eskualdearen egoera?
Pediatrarik gabe gaude. Pediatriako bi erizain daude. Berez pediatrak artatu behar lituzke haurrak. Erizainek egin ditzaketen edo haiei dagozkien gauzak egiten dituzte, esate baterako, azterketa jakin batzuk. Baina haurra gaixo ekartzen baduzu, momentuko zerbait bada, pediatriakoa ez den erizain batek aztertzen du haurra eta berak baloratzen duenaren arabera Iruñera bidaltzen dizu, edo ez. Iruñean, San Martin doktorea anbulatorioan, pediatria zerbitzua dago arratsaldean. Hara hitzordurik gabe joan zaitezke eta hara bidaltzen gaituzte gaixo dauden haurrak eta haien gurasoak. Bestela, larriagoa bada, zuzenean ospitalera.
Beraz, kilometro batzuk egitea tokatzen da?
Tokatu zaigu jada, bai.
Noiztik dago egoera horrela?
Berez, pediatra gabe, ilbeltzetik gaude. Baina abenduan pediatrak oporrak zituen, hartu zituen eta bere oporrak betetzeko, bera ordezkatzeko, ez zuten inor jarri.
Hiru hilabete!
Altsasuko osasun eskualdeari pediatra plaza eta erdi dagozkio. Orain arte plaza bakarra izan du beteta. Plaza erdia bete gabe zegoen. Egon den azkena pediatra zen, baina aurretik zegoena, berez ez zen pediatra. Urte asko zeraman haurrak artatzen, baina, berez, bera ez zen pediatra. Nik entzun dudanez, eta ez dakit zergatik, pediatrek ez omen dute Altsasura etorri nahi. Eta plaza betetzen ez dutenez, sendagileei eskaintzen diete.
Haurrak zer duen baloratzeko, zerbait larria ote den, hemen ez dago bermatuta.
Ondorioak: kilometro batzuk egitea San Martin anbulatoriora, Iruñera joan-etorrian ibiltzea. Denbora galdu. Baina, horretaz aparte, pentsatzen dut urduritasuna ere sortuko duela egoerak, ezta?
Bai, hori da. Ikusten baduzu haurra gaixotzen ari dela... Katarro bat edo halako zerbaitekin beti esaten nuen: beno, ea bihar nola dagoen, eta horren arabera eramango dut. Eta egoera nola dagoen jakinda, beharbada momentuan pentsatzen duzu Iruñera joatea. Zeren, bestela, Altsasuko osasun etxera etorri behar zara; pediatria zerbitzukoa ez den erizain batek ikusiko du... Horregatik, batzuetan zuzenean Iruñera joaten da jendea. Momentuko zerbait bada, izutzen bazara. Azkenean, haurrekin ere batzuetan izutzen zara. Beti daukazu beldur hori, ez? Momentuko asistentzia hori, haurrak zer duen baloratzeko, zerbait larria ote den, hemen ez dago bermatuta.
Segurtasun falta sortzen dizue?
Hori da, bai, segurtasun falta. Eta hori haur koxkortuak ditugula. Badut haurdun dagoen lagun bat, erditzeko hilabete falta zaio. Bai hemen, bai Iruñean galdetu du zein den egoera, zeinek eta nola artatu behar dituen jaioberri horiek. Zein protokolo dagoen galdetu du. Esan diete 15 eguneko azterketa San Martinen egingo dutela. Baina handik aurrera tokatzen diren azterketekin zerrenda bat egingo dute eta pediatra Altsasura etortzen denean, orduan deituko dituela eta egin gabe dituzten eta dagozkien azterketa guztiak pasako dizkiela haurrei. Esate baterako, pediatra gabe urte bat pasaz gero, haurra jaio eta urtera egingo diote 3. hilabeteari dagokion azterketa eta urtekoa. Hori ez da normala. Azkenean, osasuna oinarrizko eskubide bat da. Berdin du hemen bizi, Iruñean bizi. Ez dakit, zergatik ez duten kentzen Iruñeko pediatra bat eta Altsasura ekartzen? Han badute aukera. Zer gara bigarren mailako herritarrak? Azkenean eskubide bat da. Ez dakit.
Arazoren bat badago, hiru hilabete horietan azterketa galtzen bada, edo ez bada ikusten, ondoren, zer pasatu behar da horrekin? Zeinek hartuko du horren ardura?
Prebentzio lana ere bada pediatrek egiten dutena. Urteroko azterketak galdu dira?
Bai. Oraintxe bertan pediatra gabe hiru hilabete daramatzagu. Ziurrenik airean hainbat azterketa geratu direla. Prebentzio hori haurrekin garrantzitsua da. Jasota badago hiru hilabetetara azterketa bat egin behar dela, eta horietan hainbat gauza begiratu behar dela, zerbaitengatik egiten da azterketa hiru hilabetetan eta ez da begiratzen sei hilabetetara. Arazoren bat badago, hiru hilabete horietan azterketa galtzen bada, edo ez bada ikusten, ondoren, zer pasatu behar da horrekin? Zeinek hartuko du horren ardura?
Haurren garapena egokia den aztertzeko era balio dute.
Bai. Gauza asko dira. Helduona ere, baina, uste dut, haurren prebentzioa, azterketa horiek, askoz garrantzitsuagoak direla.
Gurasoen artean zein giro dago?
Kezkatuta gaude. Ezjakintasuna ere bai. Aste honetan ikusi dugu. Burundar herritar berriak informatzen egon gara, zein den egoera jakin zezaten. Esaterako, Olatzagutiko eskolan herritar berrien artean ezjakintasuna ikusi dut. Ez dakite zein egoeratan gauden. Hemengoak garenok batekin edo bestearekin hitz egiten dugu, eta zein den egoera badakigu. Baina burundar berriak, hizkuntza dela, integrazioa dela, edo dena delakoagatik ez dakite zein den egoera.
Pediatria lanpostuak betetzea eskatzeko tematuta segitzen duzue.
Bai. Momentuz, hiru ostiraletan eginen ditugu elkarretaratzeak. Baina ideiak ditugu eta hainbat jarduera egin nahi ditugu pediatria zerbitzua berriz jartzea lortu arte. Lehen esan dudan bezala, eskubide bat da, gure eskubidea da.
Jendeari eskatu diogu Altsasuko osasun eskualderako pediatrak eskatzean erreklamazioak aurkezteko; eskubide bat delako eta egoera honi lehenbailehen irtenbide bat emateko.
Osasunbidearen atean kexaka hasiko zarete?
Kontzentrazioz aparte, jendeari eskatu diogu Altsasuko osasun eskualderako pediatrak eskatzean erreklamazioak aurkezteko; eskubide bat delako eta egoera honi lehenbailehen irtenbide bat emateko. Bi modutara egin daiteke. Osasun Etxean kexua idatziz aurkezten badugu, derrigorrez idatziz erantzun beharra daukate. Nortasun agiriaren kopia batekin aurkeztu behar da kexa. Internet, osasun karpetaren bidez eginez gero, posta elektronikoko mezu bat bidaltzen dizute esanez zure kexa jaso dutela, eta kitto.
Lehenbailehen jaso nahi duzue erantzun hori, ezta?
Bai. Baina ez da gauza bera egun batean 300 kexa online iristea edo 300 kexa idatziak jasotzea. Azken horiei eskutitz bidez erantzun behar zaie. Gure esku dagoen guztia, ahal dugun guztia egingo dugu Altsasu, Olazti eta Ziordirako pediatrak lortzeko.