Oinarrian medikuntza ikasketak badituzte ere, familia medikuaren eta pediatraren artean aldea dago. Aurrenak adin guztietako pazienteak hartzen dituzten bitartean, pediatrak haur eta nerabeetan espezializatuta daude. Beste berezitasun bat ere badute pediatrek: osasuntsu edo gaixo dauden haurrak aztertzen baitituzte. Sortzetiko akatsek, bariantza genetikoak, garapen arazoek, gaixotasuna eta beste aztertzen dituzte pediatrek. Bere ardura baita haurren hazkuntza, heldutasuna eta garapen biologiko, fisiologiko eta sozialari jarraipena egitea unean-unean. Pediatrak sintomak kontuan hartzean, botikak agintzean eta gaixotasunak diagnostikatzean haurraren fisiologia heldugabea kontuan hartzen du. Azken finean, pediatriaren egitekoa da haurren garapen normalaz eta haren osasunaz arduratzea, 0 eta 15 urte artean. Hau da, jaiotzen denetik nerabezaroaren akaberara arte eta helduaroaren sarrerara arte.
Kontsulta pasatzeaz aparte, pediatrak data jakinak ditu haurren jarraipena azterketa bidez egiteko: jaio eta 15 egunetara, 3, 4, 6, 12, 18 eta 24 hilabete betetzean, 3, 6, 8, 11 eta 14 urterekin ere. Azterketa horiek egitean pediatra eta pediatriako erizaina daude. Gainera, badira pediatriako erizainak bakarrik egiten dituen azterketak ere: 3, 5, 9 eta 15 hilabete bete dituztenean. "Baina txertatze egutegi berriarekin 3 eta 5 hilabetetako azterketak desagertuko dira", jakinarazi du Irurtzungo eta Lekunberriko osasun etxeetako pediatra den Ane Amezketa Tirapleguik.
Pediatrak azaldu duenez, negu honetan kontsultan arnasketa eta digestio aparatuetako gaitzekin batera faringoamigdalitis kasuak ere artatu behar izan ditu, "aurreko urteetan baino patologia gehiago". Amezketak azaldu duenez, kontsultan pasatzeaz aparte, gaixotasun akutu eta kronikoen jarraipena egin (batzuetan espezialistekin), prebentziozko zaintza, komunitatea hezi eta beste egiten dute.
Pediatriaz
Osasunaren arlo horretako profesionalek, pediatrek, medikuntza gradua ikasi dute. Horrek, gutxienez, sei urteko ahalegina eskatzen du. Ondoren, pediatria espezialitatea egin eta barne mediku egoiliar (BAME) gisa aritzea tokatuko zaio. Lau bat urte. Beraz, pediatrak ez dira ezerezetik sortzen, urte batzuk pasa behar dira profesional bat trebatu eta haur eta nerabeak artatzen hasten denerako.
Amezketak azaldu duenez, berak BAME egin zuenean Nafarroan lau pediatra ziren trebatzen aritu zirenak. "Orain, berriz, zortzi dira. Badaramatzate urteak horrela, hainbat jubilazio aurreikusten baitira". Kontua da espezialitatea bukatu ondoren pediatra berri horiek Nafarroan lanean segitu nahi duten edo kanpora joan. Jaioterrira bueltatu nahi dutelako, edo beste nonbaiten lan baldintzak hobeak direlako Nafarroan trebatutakoak beste toki batean gara dezakete beraien ibilbide profesionala. Amezketak gaztigatu duenez, jardunean ari direnak ere joaten dira "kanpoan lan baldintza eta soldata hobeak eskaintzen baitituzte". Hala ere, osasun arloan izan den greba eta dagoen greba deialdia gogoan, "baldintzak eta soldata hobetzeko borrokan" ari direla azaldu du pediatrak. Amezketak azaldu duenez, "gaur egun Nafarroan eskaintzen diren pediatria lanpostuak betetzeko adina profesionalik ez dago".