Bortxaketagatik jarritako zigorra bi urtean murriztu du epaitegiak

Guaixe 2023ko mar. 8a, 14:14

Nafarroako justizia jauregia. EUSKALERRIA IRRATIA

Nafarroako Auzitegi Nagusiak 6 urteko espetxe zigorra 4 urtera murriztu du, lege berria presoarendako onuragarriena delako. Magistratu baten boto partikularra du autoak, eta ezarritako kondena mantentzearen alde egin du.

Sakanako herri batean 2016ko otsailean egindako bortxaketa batengatik kondenatutako bati 6 urteko espetxe zigorra ezarri zion epaitegiak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salak uste du kondenatuarentzat mesedegarriagoa dela irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoan ezarritako espetxe zigorraren tarte berria, aurreko idazketa aldatu zuena. Eta, horregatik, zigortutakoaren zigorra bi urtetan murriztu du. 

Ebazpen judiziala Auzitegi Gorenean errekurritu daiteke, eta Joaquin Galve Sauras Auzitegi Nagusiko presidentearen eta Francisco Javier Fernandez Urzainqui magistratuaren aldeko botoarekin eman da. Autoak Esther Erice Martinez magistratuaren boto partikularra jasotzen du, eta, Ministerio Fiskalak eta akusazio partikularrak bezala, ezarritako zigorra mantentzearen alde egiten du.

Eskaera
Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioak ezetsi egin zuen abenduan defentsak planteatutako kondena murrizketa eskaera, 6 urtetik 4ra jaisteko eskatzen zuena. Nafarroako Probintzia Auzitegiak 6 urteko zigorra ezarri zion apelatzaileari 2017ko lastailean, sexu-erasoa egotzita. Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Penaleko Salak defentsaren errekurtsoa partzialki onartu zuen 2018ko otsailean, eta 4 urtera jaitsi zuen zigorra, gertakariak sexu-abusuaren delitutzat jo baitzituen. 2019ko apirilean, Espainiako Auzitegi Gorenak azken epai hori baliogabetu zuen, eta 6 urteko kartzela zigorra ezarri zuen berriro, sexu eraso delitu batengatik.

Lege berria indarrean sartu ondoren, defentsak berrikuspena eskatu zion Auzitegiko Lehen Sekzioari, eta hark ukatu egin zuen, “epaian ezarritako zigorra arau erregulazio berriarekin ere ezar” zitekeela iritzita.

Hala ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Sala ez dator bat ondorio horrekin; izan ere, “argi dago kondenatuarendako mesedegarriagoa dela haragizko sarbidea duen sexu erasoari aplika dakiokeen espetxe zigorraren tarte berria, delituarentzat ezarritako zigor arkuaren gutxieneko muga murrizteagatik, lege-ikuskera berrian (Zigor Kodearen 179 artikulua), 10/2022 Lege Organikoan ez dago berrikuspen hori baztertzen duen xedapen iragankorrik, egitateari ezarritako zigorra, bere inguruabarrekin, zergapekoa ere badelako, legezko esparru berriaren arabera”.

Salak azpimarratu du Auzitegiak berak, zigorra indibidualizatzeko unean, gutxienekoaren alde egin zuela. “Egitateen funtsa eta garrantzia kontuan hartuta, bidezkotzat jotzen dugu 6 urteko espetxe zigorra ezartzea aipatutako delituari dagokionez, eta, horrela, ez dugu jarri daitekeen gutxieneko zigorra gainditzen, erantzun egokia eta nahikoa dela uste baitugu”, argudiatu zuen Lehen Atalak.

Auzitegi Gorenarendako, legezko gutxieneko horren egokitasun eta nahikotasun deklaratu zuen. Eta epai hura kontuan hartuta Salarendako “deklarazio hartatik ez da ondorioztatzen, eta ezin da ondorioztatu, delituaren erreformarekin iraupen txikiagoko zigorrarekin bat ez datorrenik.

Espetxe zigorra berrikustearekin batera, zaintzapeko askatasunaren neurria ere 4 urtera murriztuko da, eta askatasun gabetzearen ondoren betearaziko da. Halaber, 4 urtera murriztu da hurbiltzeko eta komunikatzeko debekuaren iraupena.

Ez da automatikoki gutxieneko zigorrera murriztu behar
Esther Erice magistratuak bere boto partikularrean uste du Auzitegiko Lehen Sekzioak 6 urteko kondenaren berrikuspena ukatzen duen autoan hartutako irizpidea “zuzenbidearen araberakoa” dela, epaian “ezarritako zigorra proportzionaltasun printzipioa errespetatzen” duela uste baitu.

Probintzia Auzitegiak emandako epaia berretsi egin zuen Auzitegi Gorenak, eta baginatik sartzeko bi egintza izan zirela balioetsi zuen. Hala ere, “akusatuak erabilitako indarkeria ez zen intentsitate handikoa izan, eta edari alkoholdun ugari kontsumitu zituen. Akusatua edari horren eraginpean zegoen, eta ez zen egiaztatu halako intentsitatearekin egon zenik, erantzukizun kriminala aldatzen zuen inguruabar aringarri bat hautematea egokia izan zitekeenik”.

Hori dela eta, magistratuak bere autoan jasotzen duenez, kasuan kasuko egitateen entitatea eta garrantzia kontuan hartuta, eta errudunaren inguruabar pertsonal berezirik egiaztatu gabe, ezta zigorra indibidualizatzeko kontuan hartu beharreko bestelako daturik ere, “bidezkotzat jo zen delitu horrengatik 6 urteko espetxe zigorra ezartzea”, zeinak ez baitzuen ezar zitekeen zigor minimoa gainditzen, eta erantzun egoki eta nahikotzat jotzen baitzen.

Magistratuak bere egin ditu Auzitegiak ebazpenean azaldutako argudioak. Hala, adierazi du, epaian gutxieneko zigorra (6 urte) ezartzea egokitzat jotzen delako, horrek ez duela automatikoki zehaztu behar gutxieneko kondena ezartzea legeria berriaren arabera (4 urte).

Horri dagokionez, magistratuak bere boto partikularrean aipatzen duenaren arabera, Auzitegiak argudiatu zuen ezen, lege berria indarrean egon izan balitz, litekeena zela epaitutako egitateengatik  egokitzat jo ez izana orduan jarritako gutxieneko zigorra. 

Erlazionatuak