Astekaria

"Bizitzako ametsetako bat bete nuen"

Maider Betelu Ganboa 2023ko mar. 15a, 13:30

Bikotea Cho La pasabidean, 5.420 metrotan, Solo-Khumbun, Everesteko eremuan. UTZITAKOA

Haizea Ramirez de Aldak, Unai Razkinekin batera Everest eta Annapurna lotu zituen 2022an, 900 kilometroko oinezko erronkan. Irurtzungo Mendi Jardueretan azalduko dute bizitakoa

Martxoaren 17an, ostirala, hasiko dira Irurtzungo Mendi Jarduerak, Iratxo mendi elkarteak eta Irurtzungo Udalak elkarlanean antolatutako mendiari buruzko ekitaldiak. Egitarauaren barruan, marsuaren 19an, 19:00etan, Haizea Ramirez de Alda eta Unai Razkin mendizaleek proiekzioa eta solasaldia eskainiko dute: "Hiru hilabete 8000koen erresuman barrena. 900 kilometroko ibilaldia Everest eta Annapurna lotuz".

Benetan hiru hilabete egon zineten Nepalen ala izenburuak literatura puntua du?
(Kar, kar). Literaturatik gutxi du, hala izan zen. Joan zen urtean, 2022ko martxoan Nepalera joan ginen eta hiru hilabete eman genituen bertan: martxoa, apirila eta maiatza. Eta tarte horretan 60 egun pasatxo oinez eman genituen. Gure bigarren aldia zen Nepalen, lehen aldiz 2019an joan baikinen, pandemia baino hiru hilabete lehenago, hain justu. Orduan hiru asteko trekkinga egin genuen Annapurnan. Gogoz geratu ginen eta itzultzea erabaki genuen, baina denbora gehiagorekin eta beste erronka batekin.

Zein zen erronka berria?
Everesteko eremua Annapurnako eremuarekin lotzea, eta 900 kilometro horiek oinez egitea, hau da, autorik, furgonetarik edo bestelako garraiorik erabili gabe. Eta erronka gainditzea lortu genuen. 

Hiru hilabete asko dira. Atzean antolakuntza handia egongo zen guztia behar bezala koadratzeko, zuen lanak eta bidaia bera. Erronkako xehetasunak ongi prestatu eta aurreikusita eramango zenituzten.
Puntu batera arte bai. Egin behar genituen etapak eta halakoak aurretik begiratu genituen. Guk egin genuena, pixka bat moldatuta, Great Himalaya Trail ibilbidearen zati bat zen. Aipatu traila Himalaia guztia zeharkatzen duen zeharkaldi luze bat da, eta guk zati bat egin genuen. Beraz, etapei buruzko informazioa bazegoen, eta guk gutxi gorabeherako ideia bat egin genuen. Ez genuen dena itxita eraman nahi, baina bai ideia bat izatea egunean zehar egin genitzakeen kilometroei buruz, edo jakiteko aurretik zein desnibel genuen, erronka egiteko zenbat egun beharko genituen jakiteko. Baina horretaz gain, ez genuen aurretik lotutako ezer. Izan ere, han oso erraza da, momentuan egiten da: toki batetik besterako garraioa lotu, ostatua hartu edo bazkaltzeko tokia hartu... Zentzu horretan Nepal oso herrialde erraza da bidaiatzeko.

Ohituta egongo dira, mendi espedizio asko egoten baitira. 
Zonalde askotan bai. Baina zonalde ezagunenak lotzeko tarte edo bide hori zen zailena. Guk ibilbide guztia oinez egiten genuenez, batere turistikoak ez ziren gune eta txoko batzuetatik pasatu behar izan ginen, eta horiek ziren konplexuenak, ez baitzeuden turismoa hartzeko prest. 

Nolako erronka izan zen? Zaila, polita, une gogorrak izan dituenak, une ederrak... 
Pixka bat denetatik izan zuen, baina normalean gauza zailak edo gogorrak ahaztu egiten dira eta onekin geratzen gara. Nik esango nuke bizitzako ametsetako bat bete nuela honekin. Sentsazio hori oso gutxitan edukitzen da; oso berezia izan zen. 

"Ez dakit zer duen Nepalek, baina argi dugu bueltatuko garela"

Everest eta Annapurna lotuz 900 kilometro egin zenituzten oinez. Zein altueratan ibili zineten?
Gorabehera handiak izan genituen. Ibilbide osoa zen gora eta behera aritzera. Hiruzpalau aldiz 5.000 metrotik gora igo ginen, gero agian 1.000 metrotara jaisten ginen, gero berriro gora... Gehienez 5.600 m ingurura igo ginen. 

Oinez joaten zinetenez, material guztia gainean eramango zenuten, motxilan. Gogorra egin zitzaizuen?
Azkenean halakoetan material aukeraketa egin behar da, dena ezin baita gainean eraman. Adibidez, guk zapatila pare bat eraman genuen bakarrik eta zapatila horiekin egin genuen ibilbide osoa. Txikituta bukatu zuten (kar, kar). Aurretik Himalaia ezagutzen genuenez, bagenekien ibiliko ginen eremuetan elur gutxi zegoela. Momentu batean kranpoi txiki batzuk jarri genizkien zapatilei eta ongi moldatu ginen. 

2022ko martxoa, apirila eta maiatza. Zein sasoietan zeuden Nepalen?
Han espedizioen denboraldi altua udaberria eta udazkena izaten da, uda montzoi garaia delako eta orduan euriteak daudelako. Egia esan, oso aukeraketa ona egin genuen, joan ginenean oraindik ez zegoelako apenas turistarik eta bakarrik ibili ginelako. Eguraldia hotza zen, hori bai. Agian jaiki eta kantinplorako ura izoztuta zegoen, eta baita hortzetako pasta ere, nahiz eta nezeserra logelan egon. Baina zerua garbi eta mendirako eguraldi ona egin zuen. 

Zer ikusiko dute marsuaren 19an Irurtzungo Kultur Etxera zuen proiekzio ikustera hurbiltzen direnak?
Bideo bat prestatzen ari gara. Material asko dugu eta ezin dugu guztia sartu, baina han hartutako bideo zati txikiekin bideo bat muntatzen ari gara, zeharkaldi osoa irudikatzen duena. Gutxi gorabehera 30 minutuko bideoa izango da. Hura ikusita, zeharkaldiaren inguruko bitxikeriak kontatzeko eta solasteko aukera izango dugu, eta sortzen diren galderak erantzungo ditugu. 

Zuretako zein izan zen ibilbideko tokirik edo momenturik politena edo bereziena? Edo ez zenuke jakingo esaten?
Momentu bereziak egon ziren, baina agian ibilbidearen hasiera nabarmenduko nuke. Everesteko zonaldean inguruan 8.000ko batzuk ikustea ederra izan zen, baina batez ere Everest ikustea oso une berezia izan zen. Bakarrik geunden, ia ez zegoen jenderik, eta oso polita izan zen. Han inguruan bizi diren sherpak hango etnia dira, oso jende jatorra. Haien urteberri eguna bizitzeko aukera izan genuen, eta Pasanten Pasang Temba sherparekin bere etxean egon ginen. 1980an Martin Zabaletarekin Everest igo zuen Pasang Tembak, eta oso ongi hartu gintuen. Zonalde hori oso berezia izan zen. Aurrerago Manasluko oinarrizko kanpamenduan egon ginen. Justu hilabete batzuk lehenago Alex Txikon egon zen bertan, Manasluko neguko saiakera egiten, lortu zuen erronka. 

Hain zuzen ere Alex Txikon Irurtzunen egongo da, Mendi Jardueratan, Manasluko espedizioaren berri ematen. 
Bai. Bera han imajinatzea berezia izan zen. Gure ibilbidean halako une berezi asko izan ziren.

Zer dute Everestek, Annapurnak... azken finean Himalaiak, horren berezi egiten duena?
Paisaia ikusgarria. Guri mendia asko gustatzen zaigu eta guztia iruditzen zaigu polita, baina Himalaiakoa, 8.000 metroko paisaia pauso bat gorago dago. Hango glaziarrak, mendiak... beste handitasun bat da. Baina batez ere herrialde bera da ederra. Hango jendea, bizimodua... asko gustatzen zaigu. 

Himalaiara itzuliko al zarete?
Ez gara bidaietan tokiak errepikatzekoak baina Nepalek ez dakit zer duen lehenengo aldiz egon ginenetik itzuliko ginela ziur genuela. Eta orain ere bueltatuko garela argi dugu. Nepalen bestelako erronka asko egiteko aukera dago, bidaia gehiago egiteko adina. 

Erlazionatuak

Mendia protagonista

Guaixe 2023 mar 14 Irurtzun