Saretzen

Kontinente guztiak Sakanan daude

Guaixe 2023ko api. 5a, 08:00

EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen bateraguneak sinatutako lankidetza akordioaren emaitza da Saretzen. Eta elkarlan honen bigarren emaitza da erreportaje hau. Hego Euskal Herriko demografiaren datu bati erreparatu diogu haren bidez: atzerrian jaiotako sakandarren kopuruari

 

 

Nafarroako Gobernuko Migrazio Politikak eta Justizia Departamentuak jakinarazi duenez, foru erkidegoan atzerriko nazionalitatea zuten 71.441 pertsona inguru bizi ziren 2021ean, Nafarroako biztanleriaren %10,8. Espainiatik kanpo jaiotako pertsonen kopurua Nafarroan handiagoa da: 111.766 pertsona inguru, biztanleriaren %16,89. Azken horietatik 2.410 Sakanan bizi ziren, sakandarren %11,88 dira. Hego Euskal Herrian, berriz, %12,7 (367.705 pertsona) da. 

 

 

Kontinenteka banatuz gero, Afrikan jaiotako 932 sakandar daude (atzerrian jaiotako sakandarren %38,67 eta ibarreko populazioaren %4,59), Amerikan jaiotako beste 847 sakandar daude (%35,14 eta %4,17), Europan (Espainia kanpo eta Iparraldea barne) jaiotako sakandarrak 573 dira (%23,77 eta %2,82), Asian jaioterria dute 54 sakandarrek (%2,24 eta %0,26) eta Ozeanian, azkenik, 4 sakandarrek (%0,16 eta %0,02). 

2002 eta 2021 urteen artean atzerrian jaiotako sakandarren kopuruak aldaketak izan ditu. Mende hasieran 1.161 ziren eta 2012ra arte kopurua handitzen joan zen, 2.070 sakandar izatera iritsi arte. 2013 eta 2017 urteen artea, finantza arloak eragindako mundu mailako krisiaren ondorioz, kopuruak behera egin zuen, baina 2018tik, atzera ere, atzerrian jaiotako sakandarren zenbakiek gora egin dute. 

 

Generoa 

 

Atzerrian jaiotako sakandarren generoari dagokionez, 2002an hiru kontinentetakoak gehiago ziren  gizonezkoak: Afrikan jaiotako sakandarren %76,82 (285 gizonezko eta 86 emakumezko), Asiakoen %66,67 (bi gizonezko eta emakumezko bat) eta Europakoen %54,45 (285 gizonezko eta 128 emakumezko). Mende hasieran Ozeanian jaiotako sakandarren erdia emakumezkoa eta beste erdia gizonezkoa zen (bana). Azkenik, Amerikan jaiotako sakandarren %54,37 emakumezkoa zen (274 emakumezko eta 230 gizonezko). Sakanara bizi eta lan egitera Amerikatik emakumezko gehiago etortzeak zerikusia du lan eskaintzarekin: etxeko zaintza lanak gehien bat, ostalaritza ere bai. 

Aztertutako bi hamarkadaren ondoren, Amerikako emigrazioa are gehiago feminizatu da, 6,55 zehazki. 2010etik aurrera ibarrak Amerikan jaiotako gizonezkoak galtzen hasi zen. Batetik, finantza krisiaren ondorioa eta, bestetik, sorterrian baldintzak hobetu zirelako. Amerikan jaiotako sakandarren %60,92emakumezkoa zen 2021ean (516 emakumezko). Afrikan jaiotako emakumezkoen presentzia 16,84 puntu hazi da (86 izatetik 373 izatera pasa dira). 2021ean Afrikan jaiotako sakandarren %40,02 ziren emakumezkoak. Datu horren atzean, besteak beste, hainbat familia bateratze prozesu egonen dira. 

 

 

Europan jaiotako emakumezkoen kopurua 1,31 puntu handitu da (128 izatetik 262 izatera pasa da ere) eta 2021ean kontinentean jaiotakoen %46,86 ziren. 2013az geroztik dago kopuru horren bueltan. Asiari dagokionez, emakumezkoen presentzia 11,11 puntu handitu da eta 2021ean Asian jaiotako sakandarren %44,44 ziren (24 emakumezko). Azkenik, Ozeanian jaiotako sakandarren artean emakumezkoak erdia izatetik hiru laurdenak izatera pasa dira emakumezkoak bi hamarkadatan; hiru emakumezko eta gizonezko bat bizi ziren ibarrean 2021ean. 

 

 

Kontinenteka 

Bost kontinenteetan jaiotako sakandarrak daude. Kontinente bakoitzeko joera nagusiak dira jarraian azalduko direnak. 

Afrika 

Kontinentean jaiotako sakandarren artean, alde handiz, Marokon jaiotakoak dira komunitate handiena (sahararrak apatrida, marokoar edo aljeriar gisa agertzen dira estatistika datuetan, eta rifdarrak ere Marokoren barruan zenbatuta daude). 20 urtetan 135 puntu hazi da Marokon jaiotako sakandarren kopurua, 299 izatetik 704 izatera pasaz. Hego Euskal Herrian gehien hazi den komunitatea da. Marokon jaiotako sakandar gehienak Altsasu (239) eta Irurtzunen (164) bizi dira. Eta komunitate esanguratsuak daude Olatzagutian (77), Uharte Arakilen (57), Lakuntzan (51) eta Etxarri Aranatzen (49). 

Senegalen jaiotako sakandarrak 78 ziren 2021ean, mende hasieran baino 123 puntu gehiago, orduan 35 baitziren. Laurdena Altsasun bizi da (24) eta Olatzagutia (14), Lakuntza (14), Etxarri Aranatz (13) eta Irurtzunen (11) komunitate koxkorrak daude. Azkenik, Aljerian jaiotako sakandarrak 12 izatetik 33 izatera pasa dira, 175 puntu gehiago. Ia erdia Etxarri Aranatzen bizi da (15) eta Altsasun ere (10). 

Amerika 

Atlantiko ozeanoaz bestalde dagoen kontinenteko herrialdeen artean jaiotako sakandarren artean ekuadortarrak dira gehienak alde handiz. 2002tik 2009ra bitartean Ekuadorren jaiotako sakandarren kopuruak gora egin zuen, finantza arloak eragindako krisiarekin zertxobait behera egin zuen, baina 2018tik aurrera goranzko joera izan du. 2021ean 289 ziren, mende hasieran baino 4 puntu gehiago. Ekuadorren jaiotako sakandar gehienak Altsasun bizi dira (129). Irurtzunen zegoen komunitatea erdira murriztu da (109tik 47). Bitartean Etxarri Aranazkoa eta Olatzagutikoa bere horretan mantendu dira bi hamarkada horietan (42 eta 16). Ekuadorren jaiotako sakandarren kopuruak gora egin du Arakilen (0tik 11ra), Arbizun (8tik 20ra) eta Ziordian (1etik 8ra). 

Kolonbian jaiotako sakandarren kopurua 54 puntu hazi da 20 urtetan, 48 izatetik 74 izatera pasaz. Hego Euskal Herrian gehien hazi den bigarren komunitatea da. Mende hasieratik 2010era ia kopurua bikoiztu egin zen, baina finantza arloak eragindako krisiaren ondorioz 2017ra arte behera egin zuen Kolonbian jaiotako sakandarren kopuruak, ordutik, atzera ere, gora ari da. Haien %44,59 Altsasun bizi dira (33), Irurtzunen %18,9 (14). Lakuntzan (7), Arbizun (8) eta Etxarri Aranatzen (5) Kolonbian jaiotako sakandarrak bizi dira. 

Amerikan jaiotako sakandarren artean hirugarren komunitatea Argentinan jaiotakoena da. Familia erlazioak ere badira tartean, ibarretik Argentinarako migrazio handia izan zelako XIX eta XX. mendeetan. Bi hamarkadetan 43 izatetik 64 izatera pasa dira, 49 puntuko hazkundea. 2002Tik 2010era Argentinan jaiotako sakandarren kopurua 42 puntu hazi zen, baina finantzek eragindako krisiarekin 2017ra arte behera egin zuen kopuruak, ondoren gorako norabidea hartzeko berriz. Irurtzunen (22) eta Altsasuren (19) artean Argentinan jaiotako sakandarren bi heren hartzen dituzte. Arakilen (7) eta Iturmendin (6) ere badaude. 

Amerikan jaiotako sakandarren artean laugarren komunitate koxkorrena Brasilen jaiotakoena da, mende hasieran 17 izatetik 54 izatera pasa direnak, 217 puntuko hazkundea. Baina aurreko bi kasuetan bezala, 2010era arteko hazkundea izan zen, 2017ra arteko jaitsiera, ondoren hazten hasteko. Brasilen jaiotako sakandarren erdia Altsasun bizi da (28). Irurtzun, Etxarri Aranatzen (seina) eta Lakuntzan (4) ere badira Brasilen jaiotako sakandarrak. 

 

 

Europa 

Kontinenteko lau herrialdek egiten diote populazio ekarpen handiena Sakanari. Europan jaiotako sakandarren artean gehienak errumaniarrak ziren 2021ean. Guztira 222. Hego Euskal Herrian gehien hazi diren komunitateen artean hirugarrena da errumaniarra. Bi hamarkadatan komunitatea 289 puntu hazi da. 2008 eta 2012 artean errumaniarren komunitateak gora egin zuen Sakanan, ordutik behera egiten ari da. Errumanian jaiotako sakandarren erdiak Altsasun bizi dira (116). Irurtzunen (40) eta Olatzagutian (30) komunitate esanguratsuak daude. 

Portugalen jaiotako sakandarren kopurua 35 puntu hazi da 20 urtetan, 115 izatetik 155 izatera pasaz. 2006 eta 2013 artean egon ziren gehien, krisiaren ondorioz alde egin zuten. Ordutik portugaldar jatorrizko sakandarren kopuruak behera egin du, sorterrira bueltatu edo beste norabait joan direlako. Gehienak Altsasun (98) bizi dira. Olatzagutian (19) eta Urdiainen (11) komunitate koxkorrak daude. 

Bulgariar jatorrizko sakandarrak 16 izatetik 63 izatera pasa ziren, 294 puntuko hazkundea. Krisi garaian, 2007 eta 2015 bitartean, izan ziren gehien gure artean, ordutik kopurua egonkortu egin da. Bulgaria jaiotakoen erdiak (36) Irurtzunen bizi dira eta Altsasun (13) eta Olatzagutian (11) ere komunitateak badaude. Frantzian (Iparraldea barne) jatorria duten sakandarren kopuruaren bataz bestekoa 41ekoa izan da bi hamarkada horietan. 2012ra arte bataz bestekoaren gainetik egon ziren, baita, 2018an ere, baina ordutik aurrera kopuruak behera egin zuen eta 20121ean 38 zeuden. Frantzian jaiotako gehienak Altsasun (22) bizi dira, eta Irurtzunen komunitate txiki bat dago (7). 

Asia 

Ekialdeko kontinenteari erreparatuta, Txinan jaiotako sakandarrak dira nagusi. 2002an bi besterik ez ziren eta 2021ean, berriz, 28. Bi hamarkadetan 1300 puntuko hazkundea izan da. 2013ra arte haziz joan zen kopurua, lau urteko gorabeheren ondoren, atzera ere gorako joera hartu zuen. Txinan jaiotako sakandarren ia hamarretik sei Altsasun bizi dira (16). Azken hiru urtetan Irurtzunen komunitate bat egonkortu da (5).

Asian dago ere Pakistan. Han jaiotako sakandarrik ez zegoen Sakanan mende hasieran. Aurrenak 2010ean etorri ziren (5), eta orduz geroztik komunitatea handituz joan da 18 izatera iritsi arte. Ia gehienak Altsasun (16) bizi dira, beste biak Etxarri Aranatzen bizi dira. Bi hamarkada horietan Pakistanen jaiotako sakandarrak Urdiainen eta Olatzagutian bizi izan dira, baina joan edo lekualdatu egin ziren. 

Ozeania 

Munduaren beste puntan, Ozeanian jaiotako bi sakandarrekin hasi genuen mendea, eta bi hamarkadaren ondoren lau dira, nahiz eta 2004 eta 2010 artean 6 edo 7 izatera ere iritsi ziren. Ozeanian jaiotako sakandarren lautik hiru Altsasun bizi dira, eta bestea Urdiainen. Mende hasieran izan zen hazkunde hartan Uharte Arakilen bizi izan ziren Ozeanian jaiotako lau bat sakandar.