Hego Euskal Herriko immigrazioa izanen du aztergai Saretzen proiektuaren bigarren atalak. 2002tik 2021era atzerritik Hego Euskal Herrira etorritako pertsonen jatorria, urte horietan izandako hazkundea eta helmuga aztertu dituzte EITBk eta TOKIKOMek elkarlanean, baita atzerritar jatorriko pertsonek gure ekonomian duten eragina ere. Lan hori egiteko Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako datuak erabili dira, eta horiek aztertzeaz aparte, immigranteen istorioak eta bizipenak ere jaso dira hainbat formatutan.
EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak 2022an jarri zuten abian Saretzen proiektua, elkarrekin datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzeko. Aurreneko argitalpenean, 2001-2021 bitarteko Hego Euskal Herriko demografia datuak landu zituzten EITBko eta TOKIKOMeko hedabideek, nork bere esparrura, ezaugarrietara eta eremura egokituta.