Estrategia planerako plangintza proposamena mahai gainean jarri dute

Guaixe 2023ko api. 17a, 10:28

Sakanako Estrategia Planaren Jarraipen Batzordearen bilera. SGA

Jarraipen Batzordeak Sakanako Sozioekonomia Behatokiari aurkeztuko dio hilaren 18an.

Sakanako Estrategia Plana (SEP) 2021-2027 aldirako da eta bere baitan industria, energia, merkataritza, turismoa, elikadura eta toki erakundeak arloak hartzen ditu. SEP kudeatzeaz arduratzen da Jarraipen Batzordea, Sakanako Garapen Agentziak, Cederna-Garalurrek, Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Enpresarien Elkarteak osatzen dutena. 

Planean jasotako helburuak garatzeko Jarraipen Batzordeko kideek urtero ekintza planaren proposamena egiten dute. Horretarako, sei arloetako lantaldeen proposamenak eta testuinguru orokorrak izaten dituzte kontuan. Berriki bildu da Jarraipen Batzordea eta hark egindako proposamena www.sakanagaratzen.com webgunean dago; sakandarrek ekarpenak egiteko aukera dute. Sakanako Sozioekonomia Behatokia osatzen duten eragileei bidali diete proposamena, hilaren 18an dagoen bileran aztertzeko, eta egoki joz gero onartzeko. 

SEP berriak gobernantza eredu berria ezarri du eta aurtengo egiteetako bat martxan jartzea izanen da. Aurretik heldu diren inflexio puntura iritsi diren proiektuei ere segida emanen zaie: Dinabide Nafarroako beste ezagutza zentro batzuekin elkarlanean enpresei zerbitzuak zabaltzen hastea; Sakanako bizikleta ibilbidea egiteko finantziazio ixtea eta lanak hastea; haragia eraldatzeko zentroa zabaltzea eta merkataritza sustatzeko ekintzak gauzatzea.

Erronka nagusiak 
SEP berriak ibilbide orri partekatuaren ikuspegian sakondu zuen. Hala, parte hartzeko mekanismo berriak dituen gobernantza eredu bat ekarri zuen, eta hainbat eragilek planaren jarraipenean rol berriak hartu dituzte. Hori guztia ezartzeko hasieran koordinazio ahalegin handiagoa egin beharko dute, eta, beraz, aurtengo erronka nagusietako bat gobernantza eredu berria abian jartzea izango da.

Horrekin batera, aurreko planetik heldu diren eta inflexio puntura iritsi diren estrategia proiektuei segida emanen zaie aurten. Hala, Dinabide Nafarroako beste ezagutza zentro batzuekin elkarlanean enpresei zerbitzuak zabaltzen hasi nahi dute, IRIS proiektuaren barruan. Horretaz aparte, lantegiko ekipamendu berria lortzeko kudeaketa eta egokitze lanak ere eginen dira aurten. Bestetik, Sakanako bizikleta ibilbidearen eraikuntza proiektua egina dago eta orain lanak egiteko finantziazio hitzarmena ixtea eta hura gauzapenerako kudeaketa lanak egin behar dira. 

Horrekin batera, Sakanako hiltegia eta zatiketa aretoa ibarrean haragia eraldatzeko zentro bakarrean bateratzeko pausoak emanen dira. Azkenik, merkataritza sustatzeko ekintzak gauzatzeko Ministerioaren dirulaguntzaren jaso zen eta aurten ekintzen zati handi bat gauzatu ahal izango da.

Arloka aurten egin beharrekoak
Gobernantza 
Esan bezala, SEPa modu egokian gauzatzeko, hainbat mailatan koordinatu eta komunikatu behar dira Jarraipen Batzordeko erakundeak. Horretarako, onartutako antolamendu egituratik abiatuta, hainbat ekintza komun planteatu dituzte, hiru ardatz kontuan hartuta. Batetik, ekintzen zehazte, jarraipen eta ebaluazioan, eragileen parte hartzea kudeatu eta erraztu. Bestetik, planaren komunikazio estrategia definitzea eta komunikazio digitalarekin jarraitzea. Eta, azkenik, Utzugane espazioaren kudeaketa. 

Toki erakundeak 
Sakanan zerbitzu eta politika publiko mankomunatuak sustatzea helburua duten toki entitateen bi lan talderen ekintza lagundu eta dinamizatuko dira aurten: Sakanako Mankomunitateko etxebizitza lantaldea eta oinarrizko gizarte zerbitzuen zahartze aktiborako lan taldea. 

Industria 
Arlo horretan aurten hiru eremu nagusitan sakontzea proposatu du Jarraipen Batzordeak. Alde batetik, berrikuntza eta digitalizazioa, enpresei beraien garapenean laguntzeko, berrikuntza proiektuak sustatu, identifikatu eta artikulatzeko. Horretarako guztirako Dinabide erreferentzia izanen da. Hori lortzeko, enpresak eta pertsonak ardatz hartuta, proiektuaren komunikazio orokorra hobetuko da eta sentsibilizazio eta prestakuntza ekitaldiei jarraipena emango diete. Horrez aparte, Dinabideko azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzeko lanak egingo dira.

Aldi berean, pertsonendako aurtengo prestakuntza plana zehaztu eta koordinatuko dute. Horrekin batera, marketin kanpaina etengabea eginez, Sakanaren irudia hobetzeko eta hainbat mailetako sentsibilizazio ekintzak eginaz Sakanako mota guztietako langileen eskariari erantzuna emango diote. Epe laburreko helburu gisa, soldaduraren erdi maila gradua modu dual, intentsibo eta ordainduan berreskuratzea planteatzen da.

Azkenik, Sakanako enpresen lehiakortasuna hobetzeko baliabideak erakarri eta hurbiltzea da erronka. Horretarako, Sakana3CO eremuan, inguruko enpresendako interesgarriak diren gai zehatzak lantzen jarraituko da. Bestetik, negozio eredu berriak eta eskualde politikak sustatuko dira, hala nola ekonomia soziala, ekonomia zirkularra eta abar. Eta, bukatzeko, enpresetako Genero Berdintasunerako Estrategiari jarraipena emango zaio, Mahai eta Kabinete Teknikoaren bidez.

Elikadura 
Nekazaritzako elikagaien alorrean lau lan eremu garatuko dituzte aurten. Batetik, tokiko elikadura sistemaren sustapen publikoarekin segituko dute. Toki entitateendako prestakuntza eskainiko da: tokiko eragileendako prestakuntza eta sentsibilizazio programa bat diseinatu eta gauzatuko da, saio teorikoekin eta esperientzietara egindako bisitekin, nekazaritzako ekologiaren eta elikadura subiranotasunaren oinarriak, helburuak eta adibide praktikoak ezagutzeko. 

Bestetik, lehiakortasuna irabazteko eskualdeko haragia eraldatzeko zentroari bulkada emanen zaio. Eskualdeko Transformazio Zentroa (hiltegia + zatiketa-aretoa) berregituratu eta suspertzeko Ekintza Plana egingo da, eta eragile politikoekin eta sektorekoekin lan egingo da, ibarrean, ikastetxearen partaidetzazko gobernantza eta kudeaketa partekatua sustatuz. 

Horrekin batera, bertako produktuen kontsumoa sustatzeko Dastatu Sakana marka dago. Sarearen jarraipena eta zabalkuntza bilatu, zabalkundeko materiala berritu eta telefono mugikorretarako Sakana aplikazioan Dastatu Sakanarako atal propioa sortuko da.

Bukatzeko, berrikuntza eta dibertsifikazioan sakondu nahi da. Tokiko ekoizpen dibertsifikatuak berreskuratzea eta haiei balioa emate aldera gaztainondoekin lan eginen da. Haiek berreskuratzeko proiektua koordinatzea, ikusi baitute aukera ekonomiko bideragarri dela, baita ekologia, kultura eta gastronomia baliabidea dela ere. Praktika onak eta berritzaileak identifikatu eta zabaltzea.

Energia
Alor horretan proposamena da Sakanan energia komunitate bat sustatzea, horretarako eskura dauden energia baliabideak kontuan hartuz eta, bereziki, biomasa kontuan hartuz. Horretarako, Sakanako Garapen Agentziak Nasuvinsa eta Goienerrekin batera koordinatuko du prozesua, eta haiek beren ezagutza eta proiektua garatzeko baliabideak jarriko dituzte.

Turismoa 
Lau lan ildo garatuko dira aurten. Gobernantzari dagokionez eragile eta lurraldeekin partekatutako turismo kudeaketan sakonduko da. Aldi berean, identifikatutako ekintza eta proiektuak gauzatzeko finantzabideak bilatuko dira. Horrekin batera Sakana-Plazaola-Ultzamaldea turismo egitasmoan parte hartze aktiboa izanen da. Gainera, turismo sektoreko enpresetan errelebo beharrak aztertuko dituzte, sektoreari akonpainamendua egitearekin batera.

Beste lan ildo bat da Sakanako ondareari duen balioa aitortzea. Horretarako, Sakanako bizikleta bidearen eta Done Jakue bidearen inguruko eskaintza integrala garatu eta sortuko dute. Jasangarria den turismoaren alde egin dute eta elementu guztiak biltzen dituen eskaintza integrala garatuko dute. Haren baitan hartuko dituzte, batetik, natur guneak. Aralarren beharrezko hobekuntzak identifikatzea izanen da aurtengo egitekoa eta Urbasako erabilera publikoan aktiboki parte hartuko dute. Bestetik, naturan kirola egiteari erreparatuko diote. Sakanako ibilbide sarearen jarraipena eta mantentze lanak eginen dituzte eta Sakanako Trail Estazioaren sareko lanari segida emanen diote. Aldi berean, Sakanako gastronomia eskaintza sustatuko dute, turismo sektorearendako prestakuntza eta sentsibilizazio ekimenekin batera. 

Azken lan ildoa marketina eta merkaturatzea da. Horretarako, informazio, komunikazio eta merkaturatze bideak hobetu beharra dago eta horretan ariko dira. Ildo berean, merkaturatu daitezkeen turismo esperientzia eta produktuak identifikatu eta garatuko dituzte. Horien osagarri, web edukiak eta aplikazioak eguneratu, Sare Sozialetan jarraipena eta presentzia ziurtatu, Sakana markaren erabilera indartuko dituzte.

Merkataritza 
Ibarreko merkataritzaren iraunkortasuna eta eraldaketa digitala sustatzeko azpiegituretan prestakuntza, sentsibilizazio eta inbertsio jarduerak eginen dira aurten. Ekintza horiek Europar Batasunak (Next Generation) Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planen bidez 217.055,27 euroko dirulaguntza izango dute, Sakanako Mankomunitateak kudeatua eta tokiko erakundeek finantzatua izanen da.

Erlazionatuak