Apirilaren 22an, larunbata, V. Olaztiko Rallysprinta jokatuko da, Sakana Motorsport taldeak antolatuta. Lehiatuko diren 42 taldeen artean Asier Juanez Garcia 24 urteko pilotu altsasuarra dago. Josu Olmos izango du kopilotu. Lasterketa 13:00etan abiatuko da, eta partaideek lau aldiz osatu beharko dute ibilbidea, orduka abiatuta. Proba polita da, herrigunean hasi eta Urbasako Igoerako zati bat hartzen duelako, Altamira igo eta jaitsi. Antolatzaileek proba jarraitzera gonbidatu dituzte sakandarrak.
Motorren mundutik zatoz, baina automobilismora egin zenuen salto.
Motorrekin hasi nintzen, 5 urte nituela, baina joan zen urtean automobilismoan murgiltzeko aukera izan nuen eta autoetara pasa nintzen.
Arraroa, motorzaleak oso motorzaleak izaten zaretelako.
Beno, azken finean gremioan jarraitzen dut (kar, kar...). Berdin zaizkit motorrak, autoak... gurpilak eta motorra dituzten bitartean, gustura.
Automobilismoak harrapatu zaitu? Hala motorrak nahiago?
Harrapatu nau, bai. Biekin gelditzen naiz. Joan zen urtean hiru automobilismo lasterketetan parte hartu nuen, aurten batean eta oso gustura ibili naiz. Dena den, hemen poltsikoak agintzen du. Dirua dagoen bitartean zaletasunarekin jarraituko dugu.
Renault Clio Sport autoa duzu.
Iaz erosi nuen autoa, apurtuta zegoela, eta konpondu genuen. Kanpotik ez genion gauza handirik egin, mekanikan aritu ginen gehienbat. Justu 2022ko Olaztiko Rallysprinterako bukatu nuen prestatzeaz. Hor mustu genuen autoa; nire lehendabiziko lasterketa izan zen.
Eta zer moduz joan zen?
Nahiko urduri ibili nintzen. Autoan arazoren bat genuen, eta asistentzia gunean ibili ginen konpontzen. Olaztiko Rallysprinteko ibilbidea hirutan egin genuen, lautan egin beharrean, pasada bat gutxiago. Gogoan dut euria hasi zela, autoa ez genuela ongi ezagutzen... Pixka bat desastrea izan zen, baina gu oso kontentu geunden. Josu Olmos nire kopilotua da, hasieratik. Orain arte egin ditudan hiru rallysprintak –2022ko Olaztiko Rallysprinta, Lesakako Rallysprinta eta 2023ko Goierriko Rallysprinta– berarekin egin ditut, 2022ko Urbasako Igoera izan ezik, igoeretan soilik pilotuek parte hartzen dugulako.
Marsuan jokatutako Goierriko Rallysprinta bukatzea lortu zenuten, lorpen handia, parte hartu zuten 54 taldeetatik 27k proba utzi behar izan zutela kontuan hartuta.
Bai, eguraldi kaxkarragatik istripu asko izan ziren eta guk bukatzea lortu genuen. Autoa probatzera joan ginen batez ere.
Aurreko asteburuan Olaztiko ibilbidea probatzeko eta notak hartzeko entrenamendu ofizialak egon ziren. Hurbildu al zineten?
Bai. Hemengoak gara eta ibilbidea ezagutzen dugu, baina entrenamenduak egitera joateko ohitura hartu nahi dugu, pixkanaka Josu eta biok konfiantza gehiago hartzeko, bien arteko feelinga bilatzen. Ongi gabiltza, gutxika hobetzen. Olaztirako gogotsu gaude. Joan zen urtekoa iltzatuta dugu; ea aurten autoa ongi doan, konfiantza gehiagorekin aritzen garen eta arantza kentzen dugun.
Olaztiko Rallysprinta nolakoa da?
Niretako nahiko berezia da, duen ibilbidearengatik. Herri gunetik pasatzen da. Tarte hori oso polita da, ez baita oso ohikoa rallysprinten ibilbideak herriguneetako kaleetatik pasatzea. Horri Urbasako Igoerako zatia gehitzen badiozu, Altamirako igoera eta jaistea, ederra da. Denetarik du: igoera, jaitsiera eta herriko gunea, nahiko dibertigarria eta polita dena. Tarte hori da mantsoena, baina oso teknikoa, bidegurutze eta karriketatik barna pasatzen baita.
"Iazko arantza kendu nahi dugu, Olaztiko Rallysprinta bukatu"
Mekanikaria zara, M86 motor tailerreko bazkidea, Iñaki Mugikarekin. Askok pentsatuko dute horregatik abantaila duzula.
Abantaila izan dezaket, baina denbora gutxi dut. Errementariaren etxean... badakizu. Tailerrean ongi gabiltza Iñaki eta biok, gustura. Motorrak konpontzen ditugu soilik. Aisialdian ibiltzen naiz autoa errebisatzen eta martxan jartzen, nire kabuz.
Olaztiko Rallysprintean 42 taldek eman dute izena, horietatik 5 sakandarrek. Zein da zuen helburua?
Olaztiko Rallysprinta osorik bukatzea. Horrekin pozik geundeke. Ibilbideari lau pasada ematea. Ea aurten lortzen dugun. Autoari azken ukituak eman behar dizkiogu, baina uste dut ongi dagoela. Dena den, gero lasterketetan ez dakizu inoiz zer gertatuko den.
Zein dira aurtengo denboraldiko beste helburuak?
Guretako hau hobby bat da, zaletasun hutsa. Ez dugu txapelketa edo koparen bat jokoan, inolako presiorik. Etxeko lasterketak egingo ditugu, ziurrenik, eta gero joango gara ikusten. Autoan denbora ematea, azken finean hori da nahi duguna.
"Josu Olmos da nire kopilotua. Gutxika konfiantza gehiago dugu, kirol honetan ezinbestekoa dena"
Eguraldi iragarpenak euria egin dezakeela dio.
Badaezpada euritarako gurpilak eraman beharko ditugu, baina ea zortea alde dugun eta ez duen euri gehiegirik egiten. Nahasmena izaten da, bai guretako eta baita ikusleendako ere, lasterketetako giro aparta apaltzen duelako. Taldeei dagokienez, auto barruan aurkariak gara, baina asistentzia gunean lagun onak.
Kuadrillakoak, familia... lasterketetara zuek animatzera joaten dira?
Bai, familia eta lagunak etortzen dira, eta nahiko animatzen gaituzte. Pozik gaude.
Zorte on Olaztin!
Eskerrik asko!