Beste eskualdeetan ezarri ondoren, Nafarroako Gobernuak sustatutako autobus zerbitzu publiko berria Sakanan ezartzeko garaia iritsi da. Gaur egun indarrean dauden autobus ordutegiak asteazkenera arte daude indarrean, ostegunetik aurrera autobus ordutegi berriei erreparatu beharko diete autobusa erabili nahi dutenek. Dagokion deialdia egin ondoren, Foru administrazioak La Burundesa enpresari eman dio Iruñea eta Gasteiz arteko eta Sakanako bidaiarien garraiorako ardura. Beraz, autobus aldaketarik ez da izanen. Nahiz eta, hori bai, lau ibilgailu kolore gorrikoak dira.
Gobernuak ibarrerako hiru linea aurreikusi ditu. Bik Iruñea eta Gasteiz lotzen dituzte, herrietan geldituz batzuk, bidea erdi zuzen egina besteak. Beste linea batek Iruñea eta Ziordia arteko bidea egiten du. Jakina, hiru lineak bi norabideetan egiten dute bidaiarien garraioa. Aldaketak zerbitzuen maiztasunean daude. Gaur egun, astegunetan bederatzi autobus zerbitzu daude Gasteizko norabidean, eta Arabako hiriburutik Nafarroakora, berriz, 11. Ostegunetik aurrera 11 eta 12 izanen dira. Baina astez autobus maiztasuna handitzen bada, asteburuetan txikitu eginen da. Larunbatetan zortzi autobus ibili beharrean sei ibiliko dira. Eta igande eta jai egunetan, berriz, bost beharrean lau.
Eskaera bidezko zerbitzua
Indarrean jarriko den zerbitzuaren berritasuna da arakildarrek Irurtzunera eta ergoendarrak Altsasura joan ahalko direla da. Bi ibarretakoek horrela beste Iruñeko autobusa hartzeko aukera izanen dute. Astegunetan bi lotura egiteko aukera izanen dute eta larunbatetan beste bat. Eskaerapeko garraioa da hori eta autobusa herrira joatea eskatzeko www.laburundesa.com webgunearen edo haren telefono mugikorrerako aplikazioaren bidez (Play Storetik deskarga daiteke) egin behar da eskaera, edo bidaia txartela erosi. Beti ere, bidaiaren aurreko eguneko 19:00ak baino lehen egin da eskaera edo erosketa. Erreserbak egiteko beste modu bat da enpresara hots egitea da: 948 221 766, 948 303 505 edo 945 264 626. Beraz, bi ibarretatik Iruñera edo alderantzizko bidea egiteko txartel osoa horrela erosi daiteke. Baita autobus geltokiko txarteldegian. Bestalde, Ergoienako Udalak jakinarazi du asteazkenero Altsasuko azokara joan-etorria egiten duen autobus zerbitzua mantendu eginen duela.
Garraio bonua
Nafarroako Gobernuaren beste iragarpena izan da bidaia prezio erdian egin daitekeela garraio bonua izanez gero. Izan ere, txartelaren %30 estatuak eta beste %20 foru administrazioak ordaintzen dute. Abonamendu horiek Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Urdiain edo Olatzagutia eta Iruña arteko joan-etorrietarako dira. Altsasuren kasuan Iruñea, Agurain eta Gasteizerako. 20 bidaiako abonamenduak dira eta Burundesaren aplikazioaren bidez eros daitezke.
Beraz, garraio bonuak hiriburura maiz joaten direnei begira dago. Hala ere, txartelak prezio erdian garagartzaroaren 30era arte egonen dira. Bonua dutenak bidaiak garilaren 31ra arte erabili ahalko dituzte. Ondoren gobernuek garraio publikoaren erabilera sustatzeko txartelen erdia ordaintzen segituko duten ikusi beharko da.
Hala ere, txartelen prezioak erdira jaisteak ez dio eragiten ibarraren barruan egiten diren ibilbideei. Beraz, Sakanan barna mugitzeko garraio publikoa erabiltzen jarraitzen dutenek ez dute poltsikoan onurarik sumatuko, ibar barruko bidaia txartelak oso-osorik ordaintzen direlako.