Gobernuak bi zolatze lan besterik ez ditu lagunduko

Guaixe 2023ko mai. 11a, 09:01
Etxeberriko jolas parkea Santa Maria kalean dago, zuahitz artean dagoen ur biltegitik gertu. ARTTXIBOA

Etxeberri iparraldean dagoen hiru kaleren bidegurutzea eta Etxarri Aranazko Kalamurtxei kalea dira.

Nafarroako Gobernua zatika jakinarazten ari da Tokiko Inbertsio Planetako inbertsio lerroen ebazpena. Apirilaren 21ean sareak berritzeko eta zolaketa lanak egiteko ebazpenaren berri eman zuen. Sarerik gabeko zoladuraren eta zeharbideen urbanizazioaren inguruko ebazpena maiatzaren 4ean egin zuen. Foru gobernuak 68 herriren artean zazpi milioi euro banatu ditu. Lanak 2023-2025 aldirako dira. Gobernuari eraikin publikoei buruzko ebazpena ematea falta zaio. Eta udalek 2024an 2026-2028rako laguntzak eskatu beharko dituzte. 

Sakanako toki erakundeek ez dute zeharbideen urbanizaziorako eskaerarik egin, bai, ordea, zolatze lanak egiteko. Ibarretik egindako hamaika eskaeretatik bi besterik ez ditu onartu Nafarroako Gobernuak. Batetik, Etxeberriko Kontzejuak Santa Maria, ur biltegirako eta Aizkibelgo bideak elkartzen diren tokiko zorua berritzeko dirulaguntza jasoko du. Lanen aurrekontua 19.508,89 eurokoa da. Lanak 2025ean eginen dira. 

Bestetik, Etxarri Aranazko Udalak Kalamurtxei kaleko 10 eta 22 zenbakien arteko etxe elkarri atxikien iparraldeko kale zatia konpondu nahi du, ibaiaren aldamenean dagoena. Ubeldearen eta kalearen artean hainbat metro daude. Urbanizazioko kalea egin ahal izateko harri lubeta bat egin zen ibaian 2005an. Gainean duen kargagatik harri lubetan behera egin du eta kalean zartadura ugari agertu dira. Porlanez estaltzen saiatuta ere, arazoa bere horretan jarraitzen duela azaldu du Silvia Marañon Chasco alkateak, "gainera, zartaduren ondorioz, kalearen zorua mugitu denez, haren inklinazioa ere aldatu da". Marañonek jakinarazi duenez, "hori konpontzeko harri lubetarem geoteknia ikerketa egingo dugu lehenik, egonkortu den jakiteko eta alferrikako konponketarik ez egiteko. Ondoren, ondoren kaleko materialak kendu eta berriak jarriko ditugu". Lanen aurrekontua 51.722,76 eurokoa da. Lanak aurten hasi eta heldu den urtean bukatu beharko dira. 

Erreserban
Toki erakundeek aurkeztutako 197 dirulaguntza eskaera erreserban utzi ditu Nafarroako Gobernuak. Haietako lau ibarrekoak dira. Lortutako puntuazioaren arabera, aurrena Etxeberriko Kontzejuaren hilerrirako bidearen zati baten konponketarako dirulaguntza eskaera dago. Lanak 31.212,43 euroko aurrekontua du. Uharte Arakilgo Udalak, berriz, Amurgingo bidea eta Txaroenea eta Santusenea luzapenak konpondu nahi lituzke eta, horretarako, 331.110,15 euroko aurrekontua duen proiektua ondu du. 

Egiarretako Kontzejuak, berriz, San Anton karrikako 7. zenbakitik 11 bis B zenbakira arteko zorua berritu nahi du. Azkenik, Hiriberri Arakilen Zubiko Bidea eta Larrainak kaleetako zoruaren zatiak berritu nahi lituzkete. Horretarako, 49.480,12 euroko inbertsioa aurreikusi dute. 

Atzera botatakoak 
Gobernuak hainbat arrazoirengatik ibarreko bost lan proposamen ez ditu onartu. Haietako bat da Hiriberri Arakilgo ibai gaineko zubia konpontzeko eskaera. Irurtzungo Udalari atzera bota diote Bi Ahizpe kalearen pabimentazioa berritzeko eskaera. Lizarragabengoan, berriz, bi kale zoladura berririk gabe eta espaloi batzuk berritu gabe geldituko dira. Olatzagutiko Udalaren Vicente Argomaniz plazako zorua berritzeko dirulaguntza eskaerak beste baterako itxaron beharko du. Azkenik, Uharte Arakilgo Udalak ezingo du, momentuz, hilerrirako bideko zorua konpondu.