Euskararen garaia dela aldarrikatuko da

Guaixe 2023ko mai. 8a, 13:30

Sorionekuak dinamikako bozeramaileak. UTZITAKOA

Garagartzaroaren 10ean, Iruñean, Sorionekuak dinamikak deituta, euskara nafar guztiena dela adieraziko duen herritarren mobilizazioa eginen da. Egunean zehar ikuskizunak, kale animazioa, txikiendako eskaintza, musika, azoka eta bazkariak izanen dira.

Euskararen aldeko Sorionekuak dinamika herritarraren talde sustatzailearen izenean Ane Eslava, Reyes Ilintxeta, Haizea Lizarbe eta Ibai Sueskunek agerraldia egin dute eta garagartzaroaren 10ean Iruñean izanen denaren berri eman dute. Dinamika ilbeltzean aurkeztu zutenetik "egitasmoa hazten eta zabaltzen" joan dela gaztigatu dute: "hilabete hauetan zehar, beste hainbat eta hainbat herritarrek ere lekukoa hartu dute, denok baikara 'sorionekuak'. Euskararen aldeko alea jarri dute hamarnaka eta hamarnaka herritarrek, Nafarroa osoko lagunek, haien herri eta eskualdeetan". Azaldu dutenez, han eta hemen argazki herritarrak antolatu, materiala saldu, koreografia prestatu, kanta egin, dantzak, txangoak, aurkezpenak eta abar egiten aritu dira. 

Gaurko agerraldian laukoteak dinamikaren manifestuari erreferentzia egin dio: "guk ez dugu euskara kezkarekin lotu nahi. Telebista piztu eta konturatu gabe geure burua euskaraz gozatzen harrapatu nahi dugu. Ez dugu ahaleginarekin bakarrik lotu nahi. Erosketak egitera joan eta kezkarik, beldurrik eta lotsarik gabe euskaraz mintzatu nahi dugu parekoarekin". Nabarmendu dutenez, "euskaraz blaituta bizi nahi dugu, akaso, euskarari buruz gehiegi hitz egin gabe. Zorioneko izan nahi dugu, 2023ko sorionekuak, etorkizunari segida eman nahi diogulako".

Egun berezia 
Halaxe definitu dute garagarrilaren 10ean Iruñean izanen dena. "Euskararen etorkizunari festa giroan ongi etorri erraldoia emango diogu. Egun horretan euskararen aldeko taupada indartsua sentitzea nahi dugu Nafarroaren erdi-erdian". Dinamikako bozeramaileek adierazi dutenez, "Irulegiko eskuaren aurkikuntzak zerbait erakutsi badigu, hori izan da: Nafarroa da euskararen lurraldea. Euskara ez da inondik heldu, hemen zen eta izanen da. Euskara historia luzea duen hizkuntza da, baina, batez ere, etorkizun oparoa edukiko duena".

Dei egin diete Nafarroa osoko herritar, herri, eskualde eta eragileei haien herrietako jai, ohitura, ekimen eta kultur egitasmoak egun horretan Iruñera eraman ditzaten: herriko zapia, txaranga, mozorro, jantzi bereizgarri, kultur talde, aldarri edo dena delakoa. "Bihur dezagun Iruñea euskararen aldeko koloretako eztanda, ospakizun erraldoia, festen festa". 

Aurreratu dutenez, egun osoko egitaraua izanen da garagartzaroaren 10ean, goizetik hasi eta arratsaldean eginen dugun herri mobilizaziora. Azken hori Antoniutti parketik abiatuko da 17:30ean. "Mobilizazioan euskararen alde pauso bat aurrera eman nahi dugu: gurekin batera urrats hori emateko prest zaudeten eragile sozial eta politiko orori deia egiten dizuegu, dinamikarekin bat egin dezazuen eta euskararen aldeko bidea batera egin dezagun", azaldu dute dinamikako ordezkariek.