Helmugako Turismo Jasangarrirako Planak finantzaketa du

Guaixe 2023ko mai. 15a, 10:21

Txirrindulariak Sakanako Bizikleta Egunean. ARTXIBOA

Helburu horrekin Plazaola, Ultzama eta Sakanan 2023 eta 2026 artean jarduerak egiteko bost milioi euro jasoko dira. Planean jasoak dauden proiektuetako batzuk hiru eskualdeek elkarlanean landuko dituzte, baina beste batzuk eskualde bakoitzean.

Turismoari buruzko Sektore Konferentziaren Osoko Bilkurak Nafarroako Jasangarritasun Turistikoaren 2023 Planean bildutako bost proiektuak eta haiek garatzeko 17.201.000 euroko aurrekontua onartu zituen hilaren 9an. Proiektuen artean Plazaola, Ultzama eta Sakana eskualdeetako Helmugetako Turismo Jasangarritasun Planeko jarduerak daude, bost milioi euroko aurrekontua dutenak. Dirua Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Next Generation EU funtsetik aterako da eta Cederna-Garalur izanen da hura kudeatuko duena. 

Aurten hasi eta 2026ko garagartzaroan despedituko den plan horren helburua da Plazaola, Ultzama eta Sakana "turismo helmuga iraunkor, irisgarri eta benetako bihurtzea". Aldi berean, turismo sektorea eraldatzen eta tokiko ekonomian duen pisua handitzen lagundu nahi du, eta landa gune txikietan enplegua sortzen eta zerbitzuak mantentzen lagundu nahi luke. Aldi berean, planak aurreikusten du erakunde publikoen, turismo eragileen eta herritarren arteko lankidetzan oinarritutako partaidetzazko kudeaketa eredu bat ezartzea, baliabideen kudeaketa iraunkorra, beste jarduera batzuekiko bateragarritasuna eta tokiko nortasunarekiko errespetua ahalbidetzeko. Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak lurraldeko partaidetza eta jarduera turistikoa antolatzeko Gune Turistikoak Kudeatzeko Unitateak sortu zituen. 

Ibarra
Sakanako Garapen Agentziako turismo teknikari Paki Urbitarte Cabrerak azaldu duenez, "Helmugetako Turismo Jasangarritasun Planak egiteko Nafarroa zortzi Gune Turistikoak Kudeatzeko Unitateetan banatu zuten, eta Sakanak, Plazaola eta Ultzamarekin batera, Gune Turistikoak Kudeatzeko Unitatea osatzen du. Aurreko bi urteetan Nafarroako gainontzeko eskualdeek beraien Helmugetako Turismo Jasangarritasun Planetarako dirulaguntzak jaso dituzte. Gurea azkena izan da. Aurreko urteko deialdian ezin izan genuen eskaera sartu, eta aurtengoan onartua izan da". 

Urbitartek argitu duenez, "Plazaola, Ultzama eta Sakanako planak hainbat jarduera ditu. Haietako batzuk hiru eskualdeetako eragileek elkarrekin landuko ditugu". Hala ere, badaude eskualde bakoitzak garatuko dituenak ere. Sakanari dagokionez, planean dauden hainbat egitasmoren artean hiru aipatu ditu: Sakanako bizikletendako ibilbidea, Altsasuko Dantzaleku basoan dagoen Sakana Haritzen Lurra ibilbidea irisgarri egitea eta Uharte Arakilgo Itxesin zikloturistei eta Donejakue bidea eginen duten pertsonei zuzendutako aterpetxe bat egitea. Urbitartek zehaztu duenez, "zikloturismoan indarra egin nahi dugu eta bidea egiteko bi milioiko aurrekontuaren zati bat jasoko dugu oraingoan". 


Irisgarria bihurtuko den Altsasuko ibilbidea. ARTXIBOA

Hartutako erabakia aldizkari ofizialean argitaratu ondoren, tramiteak hasiko dituzte aurrekontua Nafarroako Gobernuari transferitzeko. Ondoren, hitzarmena sinatu beharko dute Nafarroako Gobernuak eta Cederna-Garalurrek. "Ez dakigu noiz sinatuko duten, Turismo Zuzendaritzak udazkenean izan daitekeela aurreikusten du. Udazkenean bada, proiektuak aurten gauzatzen has gaitezkeen ez dakit, bestela, heldu den urte hasieran hasiko ginateke haiekin lanean", azaldu du turismo teknikariak.