Sakanako Mankomunitatearen Hondakin Zerbitzuko Hezkuntzan Hezten Programaren barruan, Sakana Lanbide Heziketa institutuko Sistema Mikroinformatikoak eta Sareak eta Mendekotasun egoeran dauden pertsonendako arreta ikasten ari diren 30 ikaslek Aspacek Agoitzen duen lantegia ezagutzeko aukera izan dute. EcoIntegrako 65 langileek tresna elektriko eta elektronikoen 8.000 tona inguru kudeatzen dute urtero. Lantegira penintsula iparraldeko eta Frantzia iparraldeko garbiguneetan jasotako hondakinak sartzen dira eta materialen %93 berreskuratzea lortzen dute, soilik %7 deusestatuz.
Horretarako lantegian hiru lan-lerro dauzkate: hotz-aparatuak tratatzeko, gainerako etxetresna elektrikoak (garbigailuak, ordenagailuak, mikrouhinak…) tratatzeko eta TRC monitoreak eta pantaila lauak tratatzeko. Lantegiaren bereizgarria da hotz-aparatuen lerroa da, han etxetresna horiek dituzten osagai kutsatzaileak berreskuratzen baitituzte: konpresorean dagoen olioa eta gasa eta hotz aparatuen egituraren barne dagoen gasa. Hiru lerroetan berreskuratzen dituzten materialen artean daude: letoia, burnia, altzairua, kobrea, aluminioa, hainbat plastiko mota, kartoia, gomak, egurra, porexpana, telebisten beira... Lortutako lehengai horiek hainbat berziklatze enpresetara bideratzen dituzte.
Hondakin zerbitzuko hezitzaileek jakinarazi dutenez, ikasle eta irakasleek "oso positiboki" baloratu zuten bisita. Gaztigatu dutenez, "EcoIntegran bisitak jasotzeko irrikitan daude, egiten duten lana ezagutarazi nahi baitute. Hondakin Zerbitzutik ere oso aberasgarria iruditu zaigu esperientzia eta, horregatik, hurrengo ikasturtera begira Sakanako ikastetxeak horrelako irteerak egitera animatzen ditugu".