Astekaria

"Aitzkibil izena hartu du, gure hiru herrietako dermioa delako"

Maider Betelu Ganboa 2023ko mai. 30a, 14:30

Aitzkibil lasterketako Iturmendi, Bakaiku eta Urdiaingo ordezkariak, Urko Agirre tartean. UTZITAKOA

Iturmendiri eta Bakaikuri Urdiain batu zaio, eta Aitzkozar lasterketak izen berria izango du hemendik aurrera: Aitzkibil. Ekainaren 3an, larunbata, jokatuko da, Urdiainen, eta izena ematera animatu du Urko Agirre Gabirondok

1. Aitzkozar lasterketa Iturmendin jaio zen.
Iturmendiko Aitzkozar elkartea hasi zen lehenengoz Aitzkozar Krosa antolatzen. Geroago Bakaikuko Bakarrekoetxea elkartea batu zen eta elkarrekin zenbait urte antolatu dugu lasterketa, urtero herri batean. Eta aurten Urdiaingo Tintiniturri elkartea batu zaigu eta hiruron artean antolatuko dugu lasterketa. Herrien artean elkarlan handiagoa sortzen da, jendea gehiago mugiarazten du eta polita da, positiboa.

2 Lasterketak izen berria hartu du: Aitzkibil. Ongi ahozkatzeko ere, badu berea. 
(Kar, kar) Badirudi konplikatzea gustatzen zaigula. Aitzkozar izenarekin zalantza zegoen, nola idazten zen ongi, nola ez... eta orain ere antzeko izena bilatu dugu, Aitzkibil. Ez zitzaigun ongi iruditzen soilik Iturmendiko elkartearen izena mantentzea. Hor ibili ginen bueltaka, eta azkenean Aitzkibil izena aukeratu genuen, justu gure hiru herrietan dagoen dermio bat delako. Hori bezain xinplea eta aldi berean konplikatua da izena. Bitxia.

3. Lasterketa Urdiainen hasi eta bukatuko da, ekainaren 3an. 17:00etan haurren probak, eta 18:30ean proba nagusia. Ibilbidea ere berria izango da.
Aurten Urdiainen egingo dugu Aitzkibil, jendeari orain hiru herriak gaudela erakusteko. Azken urteetan Iturmendi eta Bakaikuko arteko ibilbideari bi buelta ematen genizkion (8,1 km), eta aurten Aitzkozarren lehendabiziko edizioko ibilbidea berreskuratu dugu, hain zuzen ere, Iturmendi, Bakaiku eta Urdiain batzen zituena (7,6 km). Hiru herriak batuz buelta bakarra egingo dugu. Horretaz gain, 4,3 kilometroko ibilbide laburragoa ere prestatu dugu. Probaren irteera eta helmuga eliza parean egongo da, Tintiniturri bertan baitago.

4. Nondik pasako da ibilbidea?
Urdiaindik beherantz, San Juan ermitarantz joko du. Ermita parean eskuinera sartuko da eta Iturmendirantz abiatuko da. Ibilbide laburra aukeratzen dutenak Iturmendira igoko dira eta Kamio Zaharretik Urdiainera helduko dira. Ibilbide luzekoak, aldiz, Bakaikuraino helduko dira kanposantutik, Bakaikutik igo, eta San Benito ingurutik Iturmendira eta Urdiaingo helmugara iritsiko dira.

5. Nolakoa da lasterketa? 
Iturmendi eta Bakaiku arteko bi buelta horiek nahiko gogor egiten ziren, nire irudikoz, aldapak bi aldiz igo behar zirelako eta ibilbidea zakartzen zelako. Aurtengo ibilbidea politagoa dela esango nuke. Aldapa bakarra dago, Bakaiku zeharkatzea, eta bestela nahiko eramangarria da.

6. Aitzkibil elkartasun lasterketa izango da. Elikagai bilketa egingo duzue errefuxiatu guneetan errefuxiatuei otorduak eskaintzen dituen Zaporeak elkartearen alde.
Gure krosaren helburua kirola sustatzea eta herrietan mugimendua sortzea da, baina aurten gure filosofiarekin bat egiten duen beste helburu bat sustatu nahi genuen, elkartasunarena. Zaporeak elkarteko kide bat ezagutzen dugu, eta haiei laguntzeko janari bilketa egingo dugu. Proba nagusian izena ematen duten kirolariek, 5 euro ordaintzeaz gain 2 kilo elikagai ekarri beharko dituzte, eta haurrek 2 kilo elikagai. Edonork bere ekarpena egiteko aukera izango du.

7. Zein elikagai gomendatzen da?
Iraungitzen edo galtzen ez direnak: arroza, pasta (espaguettiak ez), lekak, dilistak, txitxirioak... Zaporeak elkartekoek gomendatu digute plastikozko poltsetan dauden elikagaiak ekartzea, ez kristalean ontziratuta daudenak. 

8. Izena ematea zabalik dago.
Dantzalekusakana.com webgunean eman daiteke izena, eta probaren egunean bertan, lasterketa hasi baino ordu bat lehenago Urdiaingo Tintiniturrin.

9. Sakandarrak bertan parte hartzera animatuko ditugu.
Jakina! Badakigu data hauetan ekitaldi ugari egoten direla, baina etxetik gertu dago eta jendea parte hartzera animatzen dut. Entrenamendu falta ez da aitzakia, 4 kilometro egiteko gai jende asko dagoelako Sakanan.

10. Ziur bukaeran primerako auzatea prestatuko duzuela. 
Badakizu hori gure espezialitatea dela eta ezin dela faltatu (kar, kar). Korrikalariek ere oparitxo bat jasoko dute. Giro polita sortuko da Urdiainen. 

11. Bakaikuk, Iturmendik eta Urdiainek harreman oso naturala ian duzue beti.
Bai, gertu gauden herriak gara eta betidanik harremana izan dugu. Trinitatea horren adibide ona da. Berez Iturmendik eta Bakaikuk antolatzen dugu, baina Urdiaingo jendea ere urtero igotzen da Santa Marinara eta han biltzen gara guztiak, festara. Lehen Aitzkozar eta orain Aitzkibil beti Trinitate egunaren bezperan antolatzen dugu, eta antzeko giroa sortzea da ideia.

Erlazionatuak

Aitzkozar berria: Aitzkibil

Guaixe 2023 mai 19