Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa betean

Guaixe 2023ko eka. 6a, 11:28

Ikasleak Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa egiteko zain gelan eserita. NUP

Nafarroako Unibertsitate Publikoan proba egiten daude Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan Batxilergoa egin duten 61 ikasle. Asteartean hasi eta ostegunean despedituko dute.

3.822 ikaslek (2.224 emakumezkoak eta 1.598 gizonezkoak) eginen dute gaurtik aurrera eta ostegunera arte Batxilergotik Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa (USEa) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Haietatik  2.847 ikaslek eginen dute proba gaztelaniaz, eta 975ek euskaraz. Ikasleak zazpi epaimahaitan banatuta daude; horietatik sei Iruñeko Arrosadiko campusekoak dira (lau gaztelaniazkoak eta bi euskarazkoak), eta zazpigarrena Tuterako campusekoa da.

USE probak bi fase ditu: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenbiziko fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako azterketak eginen dituzte (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza, zeina Ingelesa, Frantsesa edo Alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza izan ikaslearendako). Nafarroan, A eta D hizkuntza ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literatura. Horiez gainera, beste proba bat ere eginen dute: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgai bati dagokiona. Zientzietakoa Matematika II izanen da; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Hastapenak II.


Ikasleak azterketa baten ondoren kalean atseden hartzen.

Egutegia 
Probak gaur hasi dira, garagartzaroak 6, asteartea: 09:30ean, Gaztelania eta Literatura II azterketa egin  dute, eta 12:00etan Espainiaren Historia. Arratsaldean, 16:00etan, hasiko da Ingeleseko proba, eta 18:30ean, berriz, Frantsesekoa eta Alemanekoa.

Garagartzaroaren 7an, asteazkena, honako azterketak eginen dituzte ikasleek: 08:30ean, Euskara eta Literatura II (A eta D eredukoek); eta, 11:00etan, Matematika II, Latina II eta Artearen Hastapenak II. Arratsaldean, 15:00etan, Gizarte Zientziei aplikaturiko Matematika II eta Marrazketa Teknikoa II eginen dituzte; 17:30ean, berriz, Biologia, Enpresaren Ekonomia eta Arte Eszenikoak.

Garagarrilaren 8an, ostegunarekin, eginen dira azkeneko azterketak: 08:30ean, Filosofiaren Historia; eta, 11:00etan, Fisika, Greziera II eta Ikus-entzunezkoen Kultura II. Azkenik, 15:00etan, Kimikako eta Artearen Historiako azterketak eginen dira, eta, 17:30ean, Geologiakoa, Geografiakoa eta Diseinukoa.

Probek pandemia garaiko egitura bera izan dute, eta galderetan aurreko deialdietan baino aukera zabalagoa eman zitzaien ikasleei erantzuteko. Oro har, ikasleei gomendatu diete ariketen oharrak arretaz irakurtzeko, adierazitako galdera kopuruari bakarrik erantzuteko, erantzundako galdera edo galderak behar bezala etiketatzeko eta probak egin baino lehen azterketaren egiturari eta zuzentzeko irizpideei ongi erreparatzeko. Proba bakoitzak, beti bezala, 90 minutu iraunen du.

Emaitzak
Behin probak eginda, azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ikasleak USE proba gaindituko du baldin eta batez besteko nota horren % 40 eta Batxilergoko espedienteko batez besteko notaren % 60 ponderatuta 5 puntuko nota edo handiagoa lortzen badu (10etik). Ponderazioa egiteko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntukoa edo handiagoa izan behar du (10etik). Ikasleak proba gainditzen badu, betiko izanen du nota hori.
Azterketa-egutegia hiru egunetarako

Ikasleek hilaren 14an izanen dituzte eskuragarri deialdi arrunteko proben emaitzak, eta hilaren 21etik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazioen txartela. Bestalde, deialdi bereziaren azterketak hilaren 28an, 29an eta 30ean izanen dira, eta emaitzak garilaren 4an egonen dira eskuragarri. Kalifikazioen txartela, berriz, garilaren 18tik aurrera egonen da deskargatzeko moduan. Probei buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

Erlazionatuak