Merkataritza planeko ekintza bat egiteko deialdia egina

Guaixe 2023ko eka. 9a, 11:32

Denden eskaintzaren artean begira. ARTXIBOA

Sakanako merkataritza guneetan hutsik dauden lokalak identifikatu, kudeatu eta hobekuntzak egiteko kontratua eman nahi du Sakanako Mankomunitateak.    

Sakanako hamabost udalek, Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak (SDOZE) ibarreko merkataritza laguntzeko eta bultzatzeko plana egin zuten 2023an. Planak sei arlo eta hamairu ekintza ditu, eta haietako bat merkataritza guneetan hutsik eta zaindu gabe dauden lokalei erreparatu die. Ekintza horren bidez lokal horiek identifikatu, kudeatu eta horien kanpoaldeak hobetu nahi dituzte, betiere merkataritza gune horien itxura hobetzeko eta erakargarritasuna handitzeko. Izan ere, merkataritza gune horiek mobilizatzea eta zirkulazioan jartzea bultzatu nahi dute, haietan negozio berriak abian jartzea sustatze aldera. 

Lan hori emateko Sakanako Mankomunitateak deialdia egin du 50.553,80 euroko aurrekontua duena (BEZik gabe). Interesa duenak hilaren 16ra arte du epea eskaintza aurkezteko. Jasotako eskaintzak aztertu eta kalitate-prezio erlazio onena duenari emanen dio lana Mank-ek. Egitekoa bere egiten duenak lana 2024ko garagartzaroaren 24rako despedituta izan beharko du. Joan zen urtean ondutako plangintzak Next Generation funtseko dirulaguntza du, ekintza zehatz horretarako 61.170,1 euro daude. 

Erlazionatuak