Ekainaren 9ko GUAIXE aldizkari honetan Iruñea-Sakana-Gasteiz autobus zerbitzu berriari buruzko erreportaje zabala argitaratu zen eta bertan zerbitzu honen hainbat gabezia edo "aje" azaleratzen ziren. Nik beste batzuk gehituko nizkioke. Altsasutik Iruñera iristeko bidaia denborak, esaterako, asko luzatu dira. Adibide bakarra jarriko dut: aurreko zerbitzuarekin, Altsasutik 6:40etan ateratzen zen autobus zuzena zegoen, 45 minutu ingurutan Iruñeko erdigunean uzten zintuena. Ikasturtean zehar autobus hori ia beteta joaten zen egunero. Orain, bidaia horrek ordu bat eta 20 minutuko iraupena du, herriz-herri gelditzen. Zerbitzu berriarekin, Iruñera goizeko 8ak baino lehen iristeko, 6.10etan hartu behar da autobusa. Hau al da zerbitzua hobetzea?
Garraio publikoaren erabilpena sustatu nahi bada, zerbitzu erakargarria eta eraginkorra eman behar zaie herritarrei, auto pribatua etxean utzi eta autobusa edo trena erabiltzera eramango duena. NBUS zerbitzu honekin egin dituzten aldaketekin, kontrako bidea hartu da, nire ustez, zerbitzu okerragoa eta geldoagoa eskainiz, herritarren benetako mugikortasun beharrak kontuan hartu gabe. Agintariek zerbitzua birpentsatzeko aukera dute, erabiltzaileen iritziak eta beharrak kontuan hartuz. Ea hala egiten duten.