Kolore gorriko ibilgailuak Sakana zeharkatzen ari dira maiatzaren 4az geroztik, Nafarroako Gobernuak ibarreko garraio sistema berria abiarazi zuenetik. Emakida La Burundesa enpresaren esku gelditu zen. Hainbat aldaketa egin zituen gobernuak eta ondorioz, astean zehar Iruña eta Gasteiz arteko hamaika zerbitzu daude, lehen baino bat gehiago. Larunbatetan sei dira, lehen baino bi gutxiago eta igande eta jai egunetan, berriz, bostetik lau izatera pasa dira.
Arakilgo alkatea da Oihana Olaberria Jaka eta gobernuak martxan jarritako autobus zerbitzua "desastre" hitzarekin definitu du. Zerbitzua martxan jarri ondoren ibarreko alkateen ordezkari gisa Lurralde Kohesiorako Departamentuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusi Berta Miranda Ordobasekin bildu zen. Olaberriarekin batera, ibarreko ordezkaritza Sakanako Garapen Agentziako (SGA) eta Sakanako Enpresen Elkarteko kideek osatu zuten.
Olaberriak azaldu duenez, "zerbitzu integralagoa nahi dugu, sakandarren beharretara egokitzen dena. Autobus zerbitzu ona nahi dugu, gu garelako erabiltzaileak. Baina gobernuak hura martxan jartzeko udalekin, Sakanako Mankomunitatearekin eta SGArekin harremanetan jartzeko lanik ez du hartu".
Gaineratu duenez, "horrelako desastrea nola egin duten galdetu genion. Esan zuenez, autobus enpresaren datuak izan dituzte oinarri garraio zerbitzu berria martxan jartzeko, besterik ez. Guk ere badugu premien berri eta guregana ez du jo Nafarroako Gobernuak". SGAko kudeatzaile Iker Manterola Matxainek azaldu duenez, "laguntza eskaini dugu eta ez dute gurekin kontrastatu. Gainera, azterketak, proposamenak eta epe ertain eta luzerako gomendioak ditugu". Olaberriak nabarmendu duenez, zerbitzuaren diseinua hiriburuekin lotura egiteko pentsatuta dago, ez Sakana barruko joan-etorrietarako.
Alkateak gogorarazi du autobus zerbitzu berriko esleipena 5 urterako eman duela gobernuak, "eta aldatzerik ez dagoela esan zuen Mirandak". Manterolak gaineratu duenez, "momentuz, egoerari buelta ematea zaila da. Ahal den guztia egokitzeko ahalegina egiten ari gara". Autobus enpresaren aldetik borondatea dagoela gaineratu du. Bestetik, SGAkoak beste ertz bat utzi du agerian: "Nafarroako Klima Aldaketako legeak esaten du mugikortasun plangintzak herrietan egin behar direla".
Eskaera bidezkoa
Gobernuko kideek eskaera bidezko autobus zerbitzuan aldaketak egiteko aukera zabaldu zuen. "Astelehen, asteazken eta larunbatetan dago, goizean bat eta arratsaldean beste bat. Baina arratsaldekoak egunero ordu desberdin bat du. Satrustegin autobusean igo eta Arakilen barna 45 minutu eman behar dituzu Irurtzunera iristeko. Gainera, Arakilgo herrien arteko bidaiak ez ditu egiten", azaldu du zerbitzua erabili duen Olaberriak.
Alkateak bere udalerriaren ezaugarriak nabarmendu ditu: populazioaren dispertsioa eta zahartzea. "Eskaera bidezko benetako zerbitzu bat behar dugu. Osasun etxera odol analisia egiteko, Irurtzungo astearteko azokara joateko... edozein egin beharretarako. Beste eskualde batzuetan adinaren arabera moldatu dute zerbitzu hori", azaldu du. Jakinik eskaera bidezko autobus zerbitzua aldatzeko aukera dagoela, Arakilgo Udalak kontzejuetako ordezkariekin bilera egin du ordutegi egokienak zein izan daitezkeen aztertzeko. Gainera, ibarreko jubilatuekin hizketatzeko asmoa ere baduela jakinarazi du Olaberriak.
Bestetik, Europako eta Nafarroako laguntzekin Sakanan mugikortasunaren inguruan egindako lanketak foru administrazioak kontuan ez dituela hartu agerian gelditu da. FEDER, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren dirulaguntza jaso zuen SGAk 761.124 euroko aurrekontua zuen proiektua garatzeko. Iparraldeko eta Euskadiko eragileekin batera landa eremuari dagozkion lau arlo landu zituzten, tartean mugikortasuna. Izan ere, proiektuko kideek eskualde barruko eta eskualde arteko garraio egokitua, landa eremuetako adinekoen erabateko gizarte parte hartzea eta zerbitzuetarako sarbidea hobetzeko beharra ikusi zuten.
Manterolak esan duenez, "guztiaren garapena egin genuen eta gobernuak ez zigun proba pilotua egiten utzi eskumena berea delako. Ondorioz, planak aldatu eta mugikortasun premiei erantzuteko webgunea eta aplikazio librea sortu genuen". Eskaera bidezko garraioa kudeatzeko aplikazio librea hori Nafarroako Gobernuaren esku utzi zuten.
Fokua zabaldu
Horixe egin nahi izan du Manterolak, eta ez mugatu autobus zerbitzura bakarrik, "garraio beharrak osotasunean hartu behar ditugu". SGAko kudeatzaileak hor trena sartu du. Azaldu duenez, "ez da gure eskumena, baina trena hor dugu eta bere potentziala baliatu behar da, bai bidaiariendako, bai enpresendako. Biak bulkatu nahi ditugu eta agendan sartu". Jakinarazi duenez, "ibarrean ezarri asmoz Sodenara jotzen duten enpresek merkantzien garraio aukerez ere galdetzen dute. Bertan dauden enpresen artean ere bada interesa". Gaineratu duenez, "zerbitzua eskaini arte ez da beharra edo eskaria sortzen". Gogorarazi du Europar Batasuna ere merkantziak trenez garraiatzearen alde egiten ari dela. Manterolak esan duenez, "azpiegitura hor dugu, eta behar dugu. Bere potentziala gauzatu behar da, enpresen lehiakortasunagatik, eta herrien iraunkortasunarengatik".
Bestetik, Sakanan barnako desplazamenduetan lagunduko duen bizikleta ibilbidea ere nabarmendu du. Finantzazioa lortzen ahaleginak egin ondoren, proiektua ondu eta bidea errealitate bihurtzeko pausoak ematen segitzen dutela gaztigatu du.
Ibilgailuak
Autobus berriak egiten ari diren ibilbidearen berri emateko kanpora begirako informazio panelak dituzte, bai aurreko aldean bai bidaiariendako sarrerako atearen ondoan. Beraz, bidaiariendako erraza da bidaiaren noranzkoa zein den jakitea. Ibilgailu berrien barruan aurreko aldean eta atzeko atearen gainean bi informazio pantaila daude. Markesina baten parean gelditzean herria eta geltokiaren helbidea zein den azaltzen dira, azken horiek gaztelaniaz. Denbora tarte txikian daude pantailak ohar horiek. Iruñean eta Altsasun izan ezik, gainontzeko herrietan geltoki bakarra dagoenez, kalearena kendu eta herriaren berri handiago eta denbora tarte luzeagoz eman daiteke. Informazio hori audio bidez ere ematen dute autobusek. Baina gaztelaniaz bakarrik: entrando en... Ia beti dagoeneko geltokiaren parean dagoenean entzuten da.
Ordutegiei dagokienez, informazio zutabeetan jarritakoak zehatzak dira eta bete egiten dira. Hala ere, hartutako bidaiari kopuruaren, eguraldiaren edo bestelako gertaeren arabera bidaia luzatu daiteke. Autobus gidariak ibilgailuekin Sakanan barna joan-etorrian egoten dira. Iruñera iritsi eta hiriburutik ateratzeko ordutegien artean 20 edo 30 minutuko aldea badago ere, berandu iritsiz gero, gidariek txarteldegira joan eta bueltatu ondoren bidaiariak hartu behar dituzte. Behar baino gehiago luzatzen da halakoetan eta irteerak beranduago dira. Beraz, herrietan jarritako erreferentziazko ordutegiak ez dira betetzen. Eta denbora gehiago egon behar da zain.
Deskontuak
Garraio publikoa sustatzeko deskontuak indarrean dira eta gobernuek bidaia txartelaren erdia ordaintzen dute. Horretarako, La Burundesaren aplikazioa telefono mugikorrera deskargatu behar da. Hala ere, deskontu horiek soilik Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Urdiain edo Olatzagutia eta Iruña arteko joan-etorrietarako dira. Altsasuren kasuan Iruña, Agurain eta Gasteizerako. Hogei bidaiako abonamenduak dira. Beraz, Sakanan barnako joan-etorriak ez dute inolako dirulaguntzarik. Baina autobus txartelean bada aplikatzen den deskontu bat: 65 urtetik gorako pertsonek txartelaren prezioan beherapena dute.
Informazioa
Ibarreko garraio publikoaren berri jakiteko, autobus eta tren konpainiaren webguneetan sartu behar da. Herrietan jarritako informazio zutabeak aukera egokia izan litzeke herri bakoitzeko garraio publikoko zerbitzu guztien berri jasotzeko. Hau da, autobus eta tren ordutegiak, KudeaGo moduko aplikazioa edota taxi zerbitzuaren berri emateko. Informazio zentralizatua eta offline. Eta zutabe horiek ez badira, toki erakundeen iragarki oholak izan daitezke.
Herriz herri
Aizkorbe
Nafarroako Gobernuak autobus zerbitzu berria jartzerakoan ez du kontuan hartu. Aizkorbearrek soilik eskabide bidezko zerbitzua dute. Herritik pasatzen diren beste hiru konpainiek beste herrietara eraman ditzakete, baina ez Irurtzunera.
Izurdiaga
Nafarroako Gobernua Izurdiagako Kontzejuarekin harremanetan jarri zen joan zen urtean. Herrietan jarritako autobus ordutegiak hartzeko zutabea non jarri behar zen galdetu zuten foru administraziotik. Izurdiagako Kontzejuak autobusendako geltoki bat beharrean bi jartzea proposatu zien, eskaera bidezko zerbitzua herritar gehiagorengana iristeko. Kontzejuak proposatu zuen geraleku bat San Joan auzoan jartzea eta bestea geltoki auzoan. Biak saihesbideko errotonden ondoan. Zerbitzua martxan jarri da eta Izurdiagan autobus ordutegien informazioa ematen duen zutaberik ez dago. Hala ere, autobusek gelditzen dute.
Jakina denez, Arakilen eskaera bidezko autobus zerbitzuak arakildarrak Irurtzunera eramaten ditu han Iruñerako autobusa hartzeko. Izurdiagar askok Irurtzunera oinez joateko ohitura dute. Are seguruagoa bihurtu den aukera herriko mugara arteko espaloia egin denez geroztik.
Irurtzun
Bideen bidegurutzea izanik hainbat autobus konpainia bertatik pasatzen dira: La Burundesa, Roncalesa, Leitzaran eta Mugiroarra. Nafarroako Gobernuak ibarreko autobus bidezko garraio publikoan aldaketa egin zuenetik, azken hiru konpainietako autobus gidariek debekatuta dute bidaiariak Irurtzundik Iruñera eramatea, edo alderantziz. Hiru konpainia horietako autobusek Irurtzunen gelditzen segitzen dute, herria helmuga duten bidaiariak uzteko. Edo Iruñera ez den beste herriren batera doazen bidaiariak eramateko, esaterako, Latasa, Lekunberri, Erize edo Añezkarrera. Konpainietako baten arduradunak jakinarazi duenez, "aldaketa pila nabaritu dugu. Ibilbideko beste geldialdietan baino bidaiari gehiago hartzen genituen Irurtzunen". Beste autobus enpresa batean jendearen burutik pasa dena jakinarazi digu: "Irurtzundik Aizkorbera joatea han egoki zaion orduan Iruñerako autobusa hartzeko".
Ordutegi berriarekin Iruña eta Irurtzun arteko zortzi autobus zerbitzu eskaintzen ditu La Burundesak. Hamar dira Irurtzun eta Iruña artekoak. Gainontzeko autobus enpresei dagokienez, Alsaren webgunean jasotakoaren arabera, astegunetan norabide bakoitzean bostetan pasatzen da, larunbatetan hirutan eta igandeetan bitan. Leitzaran astelehenetik larunbatera bitan pasatzen da norabide bakoitzean. Eta, azkenik, Mugiroarrak astegunetan bina joan-etorri egiten ditu. Beraz, astegunetan Iruñerako edo Irurtzunerako hogei autobus hartu ezinik gelditu dira irurtzundarrak.
Autobus enpresa bateko ordezkariak azaldu duenez, Europako araudia da indarrean dena. "Baina kontraesana da jendeari autoa etxean uzteko eskatzea eta, aldi berean, zerbitzurik gabe gelditzea. Jendeari zerbitzua eman behar zaio".
Egiarreta
Eskaera bidezko zerbitzua astelehen, astearte eta larunbatetan besterik ez dute. Horregatik, egiarretar ugarik Etxarrenera jotzen dute autobusa hartzera.
Ekai eta Satrustegi
Sakana zeharkatzen duten autobus zerbitzuek maiatzaren 4az geroztik ez dute Ekai eta Satrustegiko markesina parean gelditzen. Gobernuaren arrazoia? Geltokiak ez daude herrian. Horregatik, Nafarroako Gobernuak bi herriak eskaera bidezko autobus zerbitzuaren barruan sartu ditu. Bi herrien artean dagoen Zuhatzun autobusa gelditzen da.
Hiriberri Arakil
Autobusetan argidun kartel batek non geldituko den adierazten du. Herrien izen zerrendan gaztelaniaz bakarrik agertzen da Hiriberri Arakil.
Uharte Arakil
Iruñeko norabidean doazen autobusak Itxesi kalea hartzen dute eta 90 graduko bihurgunea hartuta Ospitalalde kaletik autobiara ateratzen dira. Garraio publikoko ibilgailuak kurba hori hartzeko lanak izaten dituzte, eta zenbat eta luzeagoak izan orduan eta gehiago. Udal eraikina inguratzen duen hesia ez jotzeko, maniobra egin beharrean daude gidariak.
Altsasu
Nafarroako Gobernuak kudeatzen zuen Iruña eta Gasteiz arteko bidaiarien garraioa. Arabako Foru Aldundiarekin akordioa sinatu ondoren, azken erakunde horrek hartu zuen Lautada eta Gasteiz arteko bidaiarien garraioaren kontzesioaren ardura. Sakanan bezala, Lautadako autobus zerbitzua maiatzaren 4az geroztik berria da. Eskumen aldaketak berarekin ekarri du Altsasu eta Agurain lotzen zituzten autobus zerbitzuak astegunetan zortzi joan-etorri izatetik bakarra izatera pasatzea. Aldameneko eskualdeetara garraio publiko bidez joateko zailtasuna lehendik handia zen eta orain handitu egin da. Garraio publiko loturak eskasak direlako Goierri eta Lizarraldearekin.
Lanbide Heziketa
Ibarreko eragileak ahalegin handia egiten ari dira Sakana Lanbide Heziketa institutuaren eskaintza zabaltzeko eta hura ibarraren beharretara egokitzeko. Gradu ertaineko ikasketak egiten ari diren ikasleek garraio publikorako eskubidea dute. Baina autobus zerbitzu berria martxan jarri denetik, Iruñetik Altsasura ikastera etortzen ziren bi ikaslek baja eman dute garraio publikorik eta etortzeko beste modurik ez dutelako. Lehen Iruñeko autobusa 07:00etan abiatzen zen eta garaiz iristen ziren klasera. Orain hiriburutik 06:00etan ateratzen dira autobusak. SGA ere ahaleginak egiten ari da Aguraindik Altsasura ikastera etortzea nahi lukeen ikasleren batek horretarako autobus ordutegi egokiak izan ditzan.
Manterolak gaztigatu duenez, "garraio eskubidea bermatuta egon behar du matrikulazio garaian, jendeak joan-etorriak egiteko aukerez galdetzen duelako. Eta ez badago, egiten ari garen lan guztiari kalte egiten dio. Hezkuntza Departamentuaren erantzuna da: 'ikasle asko badira, jarriko dugu autobusa'". Departamentuko ordezkariekin bilera izanen dute.