Guardetxea egiteko lanen deialdia egin du gobernuak

Guaixe 2023ko eka. 28a, 11:18

Guardetxe berriaren irudikapena.

Aralar Elkarteko kideek ate ugari jo behar izan dituzte lanak emateko deialdia lehenbailehen egin zedin.

Azkenik, Nafarroako Gobernuak Aralarko guardetxea eraikitzeko lanak emateko deialdia egin du. "Ate asko jo behar izan ditugu. Jendea oso bero zegoen guardetxerik ez zegoelako. Lotura estua dago Lakuntzaren eta guardetxeren artean eta jendea mobilizatzeko prest zegoen", azaldu du Aralar Elkarteko presidente Patxi Xabier Razkin Sagastibeltzak. Lehen fasean 81,5 m2-ko eraikina eginen da, basozainaren bulegoa eta gela, komuna eta turismo informazio bulegoa izanen duena. Lanek 385.208,21 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute eta eskaintza aurkeztu nahi duen enpresak garilaren 21eko 14:00ak arteko epea du. Lanak irailaren 18an hasi eta heldu den urteko azaroaren 30erako despedituta egon behar dute. 

Razkinek azaldu duenez, "Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak ez zuen nahikoa diru eta, horregatik, bi urtetan banatu dute lanak egiteko epea. Hala ere, elurrik ez bada, lanak azkar egin daitezke". Razkinek gogorarazi du guardetxea eginda ere, bigarren fasea faltako litzatekeela. Bigarren eraikinean ostalaritza zerbitzua, bertako produktuen salmentarako espazioa, proiekzio gela, komuna publikoak eta kudeatzailearen etxebizitza izanen lirateke. "Gobernu berria osatu arte itxarongo dugu eta, orduan, dagokion kontseilariari bilera eskatuko diogu horretaz hizketatzeko", aurreratu du Razkinek. Elkarteko presidente kargua Lakuntzako Udalarena da beti. Razkinek azaldu duenez, "asmoa da alkateak ardura nire esku uztea eta nik jarraitzea elkartean lan egiten". 

Atzera begira
Hamalau urte dira Aralarren guardetxerik ez dagoela. Nafarroako Gobernuak bota zuelako. 2009an ere foru administrazioak elkartearen baimenik gabe 206 zuhaitz bota zituen Aralarren. Hasiera batean zur horren zati bat guardetxe berrian erabiltzekoak ziren. Horregatik, Aralar Elkarteak guardetxea eta zerbitzu eraikina hartzen zituen proiektua egin zuen 2018an. Baina zur horren zati bat kanpoan egon da, gobernuaren Miluze lursailean, eta hondatuta dago. "Zerbait aprobetxatu daiteke, baina kanpoko hesiak-eta egiteko" azaldu du Razkinek, gaineratuz, "barruan gordeak zeuden egurrezko forjatuak (Ollokiko Barbiur zerrategian) oinarri gisa erabilgarri dira". Nasuvinsa enpresa publikoko arkitekto batek Aralarko guardetxe proiektua guztiz eraberritu du, eta hori da eginen dena. 

Erlazionatuak

Aralar zaintzen duen elkartea

Erkuden Ruiz Barroso 2018 urt 19 Sakana