Nafarroako 112-SOS zerbitzuko Larrialdiak Kudeatzeko Aretoak 12:50ean jaso zuen bi autoren arteko istripuaren berri. Larri zauritutako pertsona, bi ibilgailuetako baten gidaria, 66 urtekoa da eta Arabako Andoin herrian bizi da. Ezbeharraren ondorioz, emakumezkoa autoan harrapatuta gelditu zen, eta suhiltzaileek askatu behar izan zuten. Horren ondoren, jasotako makina bat kolperengatik oso larri zaurituta, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten anbulantzian.
Beste ibilgailuko bidaiariek pronostiko arineko lesioak izan zituzten, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera ere eraman zituzten,anbulantzian. 52 urteko emakumezko zen gidaria, eta trauma torazikoa zuen. Berarekin 14 urtetik beherako bi adingabe zihoazen: batek lepoko eta masailezurreko mina zuen; besteak sorbaldako traumatismoa.
Ezbeharraren tokira Altsasuko eta Cordovillako suhiltzaileak, Etxarri Aranazko mediku taldea, anbulantzia medikalizatua, anbulantzia bat eta Foruzaingoaren patruilak joan ziren. Etxarri Aranazko noranzkoan izan zen ezbeharra. Ekopasabideko lanak direla eta bypassa ezarria dago eta trafikoa autobiako zati batetik bideratzeko tokian bertan izan zen istripua. Foruzaingoa ikertu zituen ezbeharraren arrazoiak.
Ekoduktoko lanak direla eta, izan den bigarren istripua izan zen larunbatekoa. Arin zauritu zen pertsona bat garilaren 10ean bypassaren Etxarri Aranazko hasieran.
Satrustegin
Sakanako Autobian (A-10), Satrustegi parean, auto istripua izan zen agorrilaren 16ko goizaldean. 32 urteko gizonezko batek gidatzen zuen autoa bidetik atera zen. Ondorioz gidariak traumatismo toraziko larria izan zuen, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Foruzaingoak ezbeharraren nondik norakoak ikertu zituen.