Jardunaldien izenburuak hitz jolaserako aukera ematen du: Sakanan zaindu; Sakanan gertutik; zaindu gertutik.
Nondik nora sortu dira jardunaldiak?
Sakanako Berdintasunerako Planaren esku hartze arlo bat da bizitzaren jasangarritasunerako Itun Sozial Berria. Zaintzaren gaia lantzeko eta zaintza lanei balioa emateko beharra jasotzen du. Bestalde, lehen kontziliazioaren aldeko itunak zirenak gaur egun zaintzen aldeko itunak dira, eta Nafarroako Berdintasun Institutuaren jarri da martxan programa. Nafarroakoaz aparte, tokian tokiko itunak ere sinatzen ari dira herrialdean barna. Mank-ek ituna lastailean sinatzeko konpromisoa hartu zuen. Ituna sinatu aurretik garrantzitsua iruditzen zitzaigun kontzeptua jendarteratzea, zaintzaz hitz egiten dugunean zertaz ari garen definitzea. Azken finean, sentsibilizatzea eta informazioa ematea da. Bestetik, aspaldi ari gara hitz egiten zaintzen krisi batean murgilduta gaudela. Egia da gaiari heltzeko premia dagoela, begi bistakoa da eta, gainera, bolo-bolo dabilen gaia da.
Behar hori badugu?
Toki guztietan bezala, bai. Bizitzea merezi duen Sakana batean bizi nahi badugu, zaintzaren gaiari ere heldu beharko diogu, eta gaia ere ibarreko agendaren erdigunean jarri beharko genuke. Zaintzaz hitz egiten dugunean, gehienetan, adineko edo mendekotasuna duten pertsonekin, haur txikiekin, lotzen dugu. Baina jaiotzen garenetik hiltzen garen arte, denok behar dugu momenturen batean zainduak izatea, edo zaintzea; askotan ere tokatuko zaigulako norbait zaintzea. Jaiotzen garenetik hiltzen garen arte pertsona interdependenteak gara. Horregatik, zaintzen inguruan dagoen ikuspegi hori zabaldu nahi dugu. Guretako, zaintzaren izaera polifonikoa eta kaleidoskopikoa da. Hau da, hainbat doinu ditu. Aldi berean, zeinek begiratzen duen edo nondik begiratzen den, zaintzak gauza bat edo bestea izanen dira. Gainera, zaintza dimentsio anitzekoa da. Modu askotatik begiratu edo ulertu daiteke zaintza, eta ikuspegia zabaldu nahi dugu.
Zergatik aukeratu dituzue jardunaldietarako gai edo esperientzia horiek?
Zaintzak hari asko ditu, eta haiei tiraka landuko ditugu. Orain arte gutxi hausnartu da zainketa lanen inguruan; gizarte zientzietatik edo ekonomiatik ezagutza androzentriko batean oinarrituta gutxi landu da gai hau. Baina mugimendu feministari eta ekonomia feministari esker hasi gara horretan. Hor sortzen diren 11 galderei erantzun nahian antolatu ditugu jardunaldiak. Galderetako batzuk dira: zer zaindu behar dugu? Nor da zainketen erantzulea? Zeinek zaintzen gaitu? Nor zaintzen dugu guk? Zer espaziotan zaintzen gaituzte? Ze espaziotan, zein herritan zaindu nahi dugu?... Horiei tiraka hasi ginen egitaraua sortzen. Jardunaldian kokapen orokorraren eta zaintzak erdigunean jartzea zer den zehaztu ondoren, Euskal Herriko esperientzia esanguratsu batzuk ere ezagutuko ditugu (Usurbil, Amurrio, Beterri-Buruntza, Berriozar), haietatik ikasteko. Bestalde, garrantzitsua iruditzen zitzaigun beste bi gai lantzea: batetik, hirigintza; zaintzen duten herriek, gure kasuan eskualdeak, soziologikoki nolakoak izan behar duten. Bestetik, zaintzaren pedagogiaren edo hezkuntzaren arlotik ere zer egin behar dugun zaintzaren gaia lantzeko.
Nori dago zuzenduta?
Irekia da. Izaera anitza duten jardunaldiak dira, zaintza anitza baita. Horregatik, publikoa anitza izatea ere espero dugu: sakandarrak, arduradun politikoak, ibarrean lanean dauden profesionalak, zaintza gaiarekin lan egiten duten profesionalak, irakasleak, kultur arlokoak, bestelako profesionalak... Eta egia da Sakanan Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eta Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoak gaia landu dutela. Sakanako Garapen Agentziaren bidez Zakan kooperatiba beste lan bat egiten ari da. Orain arte asko landu den gai honi ikuspegi zabal hori ematea dute helburu jardunaldiek.
Honen ondoren, zer?
Beti esaten da: hausnarketa baten ondoren, ondoren ekintzara pasa beharko gara. Hori da asmoa: ezagutu, hausnartu eta pentsatu Sakanan gai honekin zer egin nahi dugun. Nire iritziz, gaiaren inguruan eskualdeko hausnarketa egin beharko genuke, eta eskualde mailako esku hartze edo ekintza plan bat edo zerbait egin beharko genuke. Esaterako, Arakilen gaia lantzen ari dira. Badago mugimendua eta interesa. Sakanak erabaki beharko du gai honekin zer egin. Lehen esan bezala, Nafarroako Berdintasun Institutuak sustatutako itun hori ere sinatuko dugu lastailean. Hortik ere lan programaren bat etorriko da. Eta gai honekin lotuta ere, Euskal Herriko mugimendu feministak azaroaren 20rako ere greba feminista orokorra deitu du. Beraz, gaiak badu segida, badugu lana.
Izena eman behar da?
Derrigorrezkoa da. Horretarako, 948 464 867 telefono zenbakira hots egin, berdintasuna@sakana-mank.eus e-postara idatzi edo Interneteko labur.eus/xEqic galdetegia erantzun daiteke. Gainera, 3 urtetik gorako umeendako zaintza zerbitzua egonen da. Horretarako ere, izen ematea aurretik egin behar da, antolatzeko. Gure gomendioa eta gonbidapena da bi egunetan parte hartzea, baina egun bakarrean izena emateko aukera ere badago. Baina gure aldetik, hasi eta buka dezatela.