Euskararen kale erabileraren neurketa, soziolinguistika inkesta... Badira euskararen egoera aztertzen duten hainbat azterlan. Eskuartera iritsi den azkena Nafarroako Gobernuak euskararen ezagutzaren inguruan udaberrian plazaratu zuena da. 2021. urteari dagozkion datuak eman zituen bertan. Hala ere, Sakanako Mankomunitateko euskara teknikari Castillo Suarez Garciak datuak "tentu handiz" konparatzeko eskatu du, urtez urte ez baita datu bilketan metodologia bera erabili.
Nastatek euskararen ezagutzaren datuak maiz ematen ditu?
1986tik jasotzen ditu Nafarroako Gobernuak euskarari buruzko datuak.
Nola egin dute euskararen ezagutzaren inguruko lan hori?
Garai batean Biztanleriaren eta Etxebizitzen Erroldaren bidez jasotzen ziren datuak. Hura egiteari utzi eta galdetegien bidez jaso ziren 2011tik aurrera. Jasotakoa lagina zen, ez zitzaion populazio osoari galdetzen. Ondorioz, informazio hutsuneak sortu ziren, eta hizkuntzen ezagutzari buruzko informazioa galdetegi osagarriaren bitartez jasotzen hasi ziren. Kopururik ez du ematen, datu guztiak ehunekoak dira. 2021eko edizioan laginari gehitu egin zaio administrazio erregistroen bitartez eskuratutako informazioa. Beraz, 2011tik aurrera, eta bereziki 2021ean, datuak jasotzeko modua aurreko urteetan erabilitakotik desberdina da. Horrek garamatza konparaketak tentu handiz egitera. Beldur pixka bat ematen du datu horiek plazaratzeak. Hala ere, herrietan zer joera dauden ikusteko interesgarria da. Pistaren bat ematen dute.
Euskararen ezagutza maila desberdinak ditugu hiztunok. Nola banatu gaituzte?
Hiru kategoriatan. Euskalduna da, labur esanda, euskara ondo ulertzen eta hitz egiten duen pertsona. Euskaldun hartzailea da euskaraz nekez ulertzen eta hitz egiten duen pertsona, edo ondo ulertzeko gai dena, baina ez duena hitz egiten edo nekez egiten duena. Eta, azkenik, ez-euskalduna; hau da, euskaraz hitz egiten eta ulertzen ez duen pertsona. Azken horretarako ez dakit zergatik ez duten erabili erdaldun hitza.
Kategoria horien arabera, labur, zein da Sakanako argazkia?
Euskaldunei dagokienez, bi gauza gertatu dira. Herririk erdaldunenetan euskaldunen ehunekoak gora egin du, nabarmen gainera. Horren adibide da Ziordia. Herririk euskaldunenetan euskaldunen ehunekoak behera egin du, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide diren herrietan edo bertako kide izan litezkeen herrietan. Hori orokorra da; Euskal Herrian ere pasa da. Datuek erakusten duten beste fenomeno bat da euskaldun hartzaileen ehunekoa handitu egin dela. Oso garrantzitsua da datu hori. Egia da euskaldun horiek hobeki moldatzen direla erdaraz euskaraz baino, eta, beraz, orokorrean, erdaraz hitz egiteko joera izanen dute. Azkenean, hiztunok errazen moldatzen garen hizkuntzan hizketatzen garelako.
Azken horrek euskaldunen eta euskaldun hartzaileen arteko elkarrizketa elebidunetarako bidea ematen du.
Eta horri gehitu, esaterako, euskarazko kultura kontsumi dezaketela. Euskara Zerbitzuon helburuetako bat da euskaldun hartzaile diren horiek erabilera eta motibazioaren poderioz euskaldun izan daitezela.
Nastateko datuek zer diote ez-euskaldunez?
Gero eta gutxiago direla.
Adin taldeetan alderik nabari da?
Pozgarria da udalerri guztietan adin tarterik euskaldunena 29 urtetik beherakoena dela. Euskaldun hartzaileei dagokienez, udalerri gehienetan 30etik 54 urte bitarteko adin tartean daude ehunekorik handienak. Salbuespenak dira Irurtzun, Lakuntza eta Etxarri Aranatz. Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta Iturmendin euskaldun hartzaileen ehunekoa handiagoa da 55 urtetik gorakoetan 30etik 54 urte bitartekoen artean baino. Irurtzunen, berriz, gehiago dira euskaldun hartzaileak 29 bitartekoen artean 30etik 54 urte bitartekoen artean baino. Ez-euskaldunei dagokienez, ehunekorik handienak 55 urtetik gorakoen artean daude, orokorrean, adinduenak dira. Salbuespena dira herririk euskaldunenak: Arruazu, Lakuntza, Ergoiena, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Urdiain. Horietan ez-euskaldunen ehunekorik handienak 30etik 54 urte bitartekoen artean daude.
Generoari erreparatuz gero?
Oso antzekoak dira gizonezko eta emakumezkoen ehunekoak euskaldunen artean. Alderik handiena Irañetan sumatzen da. Udalerri horretan emakumezkoek gizonezkoek baino ehuneko nabarmen handiagoan egiten dute euskaraz. Euskaldun hartzaileen artean gauza bera gertatzen da; alegia parekoak dira emakumezkoen eta gizonezkoen ehunekoak. Salbuespena Irañeta eta Arruazu dira. Izan ere, udalerri horietan euskaldun hartzaileen ehunekoa nabarmen handiagoa da gizonezkoetan emakumezkoetan baino. Bukatzeko, eta ez-euskaldunei dagokienez, Arruazu aipa genezake. Udalerri horretan emakumezko ez-euskaldunen ehunekoa handiagoa da gizonena baino. Gainerako udalerrietan datuak paretsuak dira.
"Gure lana da sortzen diren euskaldun horiek euskaraz hobeki moldatzea beste hizkuntzetan baino"
Herri batean eta bestean euskararen ezagutza maila ez da bera. Ikerketak zer argazki utzi du?
Ehunekoen araberako datuak dira ematen dituenak. Herritarren %20 eta %50 arteko euskaldun kopurua duten udalerriak dira: Arakil, Irurtzun, Irañeta, Iturmendi, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia. %50etik %80ra bitarteko euskaldun kopurua dutenak Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Urdiain dira. Azkenik, Ergoienan euskaldunen kopurua %80 eta %100 artean dago.
Herrietako joerak zein dira?
Lehenik eta behin, esan beharra dago Sakana gero eta euskaldunagoa dela. Oro har, hazi egin dira euskaldunen ehunekoak eta euskaldun hartzaileenak azken 35 urte hauetan. Hori berri pozgarria da. Baina, Sakanak berezkoa duen ezaugarrietako bat aniztasuna da, eta hori ere datu soziolinguistikoetan ikus daiteke: oso herri euskaldunak daude erdaldunagoak diren beste batzuen ondoan. Tamainaz ere alde handia dago udalerrien artean, eta herritarrek erabiltzen dituzten zerbitzuak udalerri batzuetan pilatzen dira. Datuetan ikusi dugunez, oro har herri erdaldunenen joerak eta herri euskaldunenenak kontrajarriak dira euskaldunen bilakaerari dagokionez. Beraz, hasierako baieztapen biribilari ñabardurak egin behar zaizkio.
Zein udalerritan egin du behera euskararen ezagutzak ?
Euskaldunen ehunekoa jaitsi da Arruazun, Arbizun, Ergoienan, Etxarri Aranatzen, Bakaikun eta Urdiainen. Herri horietan euskaldun hartzaileen ehunekoa handitu da. Nolanahi ere, esan behar da euskaldunen jaitsiera ez dela udalerri guztietan tamaina berekoa izan, Arbizun, Bakaikun eta Ergoienan nabarmenagoa izan baita, Arruazun, Etxarri Aranatzen eta Urdiainen baino. Euskararen kale neurketaren emaitzak eman genituenean, Urdiainen erabilerak oso behera egin zuela esan genuen, eta kezkaz begiratzen genion. Baina euskararen ezagutza Urdiainen ez da hainbeste jaitsi, ezagutza datuak onak dira, eta urdindarrendako esperantza izpi bat izan daiteke: zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago erabiltzeko aukera dago.
Aipatu dituzunen artean herririk euskaldunenak daude.
Hizkuntza batek bizirauteko eta indartzeko arnasguneak behar ditu, hau da, nagusiki euskaraz egiten den udalerriak. Baina maiz udalerririk euskaldunenak ez dira herririk handienak, eta pisu demografikoa galtzen ari dira Euskal Herri osoari erreparatzen badiogu. Gainera, udalerri horiek erdalduntzeko joera agerikoa da, eta demografia aldaketek ere badituzte beren ondorioak. Esate baterako, Sakanako udalerri batzuetan etxebizitza asko eraiki dituzte, eta bizilagun berri asko daude. Fenomeno hori ez da Sakanan bakarrik gertatzen, Euskal Herri osoan baizik.
"Ahalegin berezia eginen nuke hartzaileak euskaldun izan daitezen"
Ezagutza bere horretan mantendu den udalerririk bada?
Euskaldunen ehunekoaren igoera txikia nabaritu da Lakuntzan. Herri horretan, gainera, euskaldun hartzaileen ehunekoa jaitsi da eta ez-euskaldunen ehunekoa handitu. Azalpen asko daude datuen atzean.
Eta ezagutzak, non egin du gora?
Igoera nabarmena egon da euskaldunen eta euskaldun hartzaileen artean honakoetan: Arakilen, Irurtzunen, Irañetan, Uharte Arakilen, Iturmendin, Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian. Igoerarik nabarmenena Ziordian izan da. Udalerri horietan guztietan ez-euskaldunen ehunekoa txikitu da. Ikastetxeek eta euskaltegiek egindako lana ez da alferrikakoa izan.
Ikerketen joerek bat egiten dute?
Zorionez, Euskal Herrian atzemandako joerak ditugu Sakanan. Duguna baino gehiago nahi dugu. Erabilera ez da igo, baina ez du beherantz egin, eutsi egin zaio. Herri batzuk duela 35 urte baino askoz euskaldunagoak dira. Belaunaldi gaztea euskalduna da. Euskaldun hartzaile asko ditugu; Euskal Herriko fenomenoa da. Gure lana izanen da ez bakarrik euskaldun gehiago izatea; sortzen diren euskaldun horiek euskaraz hobeki moldatzea beste hizkuntzetan baino. Nik ahalegin berezia eginen nuke hartzaileak euskaldun izan daitezen, txipa alda dezaten, transmisore izan daitezen guraso direnean, euskarazko kultura kontsumi dezaten...
Halakoak zuendako eta euskara batzordeendako baliagarriak dira?
Planifikatzeko heldulekuak dira. Gure lanean gauzak oso epe luzera ikusten dira. Eta batzuetan ez dakigu, egiazki, egin dugun horregatik gertatzen diren gauzak, zergatik hobetzen edo okertzen diren datuak. Ez da berehalakoa; hori du txarra. Pertsona batek hizkuntza bat edo bestea aukeratzeko dauden arrazoien artean ez dago bakarrik gaitasuna. Bikotekidea izan daiteke arrazoia hizkuntza baten alde edo beste baten alde egiteko. Edo bizilaguna, lankidea, umeen zaintzailea... Hizkuntza etengabe erabiltzen dugu, eta etengabe ari gara hautuak egiten.
"Euskarak lehentasunezkoa izan behar duela gure eguneroko jardunean"
Zer beste ertzi erreparatu beharko genioke?
Kontuan izan behar dugun beste faktore bat da euskaldun hartzaileak hobeki moldatzen direla erdaraz euskaraz baino. Euskaraz hobeki moldatzen direnak hizkuntzari atxikitzen zaizkio, baina beste hizkuntza batean hobeki moldatzen direnendako esfortzua da euskaraz egitea. Izan ere, errazago moldatzen garen hizkuntza erabiltzeko joera dugu. Nolanahi ere, badago euskaraz errazago egiten duten hiztunen artean erdara erabiltzeko nolabaiteko joera: hitzak edo esaldiak sartuz han eta hemen. Eta egoera hori bada ere, badira Euskal Herrian haien seme-alabak euskaraz heztea erabaki duten gurasoak, nahiz eta errazago moldatu erdaraz. Datu interesgarria da, nire ustez. Esperantzarako izpi bat baino gehiago da. Gure helburua da haur horiek, helduak direnean ere, eroso bizi daitezela euskaraz.
Euskal Herriaz ari garela, sinpleki esanda, frankismoaz geroztik atzerakada betean zegoen hizkuntza zen euskara. XX. mendeko 60ko hamarkadan, biziberritze mugimendu baten ondorioz hein handi batean, atzerakada horri buelta eman zitzaion. 2.000. urte inguruaz geroztik, ordea, ez atzera ez aurrera gaudela esan dezakegu. Hainbat arrazoi daude: aldaketa demografikoak (jaiotze tasa, migrazio fluxuak…), globalizazioa eta bere ondorioak (ingelesaren nagusitasuna, kultur kontsumoa, Internet…) eta urteetan ezarri diren hizkuntza politikak. Gainera, ez du ematen aipatutako joera horiek aldatuko direnik epe motzean behintzat. Garbi dagoena da euskarak lehentasunezkoa izan behar duela gure eguneroko jardunean eta tokiko eta Nafarroako politiketan. Eta hori ez da, ez dugu egiten, edo ez dugu beti egiten.
"Nago nolabaiteko lasaitasuna dagoela gurean euskarari dagokionez"
Norantz jo beharko genuke?
Gure helburua beti izan da euskaldun gehiago izatea. Baina, gaur egun, horretaz aparte, edo horren gainetik, euskaraz erdaraz baino hobeki moldatuko diren euskaldunak nahi ditugu. Euskaldun hartzaileek, eta euskaldunek, euskara erabiltzeko espazioak sortzea eta bermatzea dagokigu erakunde publikoei. Horrela beren gaitasuna hobea izanen da eta, bidenabar, erabilera ere.
Izan ere, oso zabaldua egon den ideia bat da euskararen ezagutzaz baino gehiago, erabileraz arduratu beharko genukeela. Eta, bistan da, ezagutza beti da erabilera baino handiagoa. Iñaki Iurrebaso soziologoak bere tesia plazaratu du berriki. Euskal soziolinguistikan iraultzailea izan da. Bi hitzetan esanda, euskaldunen eta euskaldun hartzaileen erabilera haien ezagutza mailari "dagokiona" baino altuagoa da. Iurrebasok ematen duen azalpena da euskal hiztunek euskararekiko atxikimendu edo leialtasun handia erakusten dutela. Hori da, hain zuzen, euskararen biziraupenaren funtsa.
Sakanan azkeneko kale neurketak erakutsi digu kaleetan topatutako lau lagunetik bat euskaraz ari zela hizketan (zehazki, %24,3); gainerakoak gaztelaniaz (%73,0), frantsesez (%0,1) edo beste hizkuntza batzuetan ari ziren hizketan (%2,6). Azken neurketatik gaur egunera bitartean (2016tik 2021era), bestalde, ez da aldaketarik sumatu euskararen erabileran, baina udalerrikako datuak ikusita, eta bost urteko bilakaerari erreparatuta, goranzko joera dago Irurtzunen, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Olatzagutian; antzeko datuak Uharte Arakilen eta Iturmendin, eta apalagoak Urdiainen eta Altsasun.
Nago nolabaiteko lasaitasuna dagoela gurean euskarari dagokionez. Euskaldunak gero eta gehiago direnez, eta, salbuespenak salbuespen, erabilerak ez duenez behera egin, euskara "salbatua" dagoela gurean. Hainbat politikariren artean oso hedatua dago beste ideia bat: aurrekontua handitzeak edo aurrekontu duina izateak bermatzen du hizkuntza politika hobea. Eta egia da euskarak dirua behar duela, baina aldeko araudia eta erabaki ausartak ere behar ditu. Bitartean, erdarak gero eta toki handiagoa du gure bizitzetan, eta gero eta errazago onartzen ditugu, eta hemen ere, zorionez, salbuespenak dauden arren, mendizain eta mediku erdaldunak, gaztelaniazko antzezlanak eta filmak, eta dendetako errotuluak eta oharrak euskaratu gabe. Eta aipatutako horiek guztiak ez dira globalizazioaren ondorioak, ez horixe.