Aralarko guardetxeko lanak hastear

Guaixe 2023ko ira. 28a, 09:31

Aralarko guardetxerako egindako proiektua.

Lanak emanda daude. Aralar Elkarteak bigarren eraikineko lanak lehenbailehen egitea nahiko luke, horretarako, Nafarroako Gobernuarekin bilera eskatuko du.

Pitteka argia egiten ari da. Aralar Elkarteak hamalau urte daramatza eskaera egiten eta aurki forma hartzen hasiko da Aralarko guardetxea. Hura jaso zen tokian bertan elkartu ziren irailaren 18an, astelehenarekin, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko, proiektua egin zuen Nasuvinsako arkitektoa, eraikuntza enpresako eta Aralar Elkarteko ordezkariak. Lanak hasi aurretik planoetan jasotako neurriak tokira eraman zituzten. Lanak berehala hastekoak dira. 

Aralar Elkarteko presidente Patxi Xabier Razkin Sagastibeltzak jakinarazi duenez, "enpresaren nahia da lanak lehenbailehen hastea; aste honetan edo hurrengoan. Lanak egiteko 2024ko irailera arte epea baldin badute ere, jarraian egin nahi dituzte lanak, neguan gelditu gabe, hala lehenbailehen bukatzeko. Eguraldiaren arabera izanen da hori". Nafarroako Gobernuak 2009an Aralarren moztutako zuhaitzekin egindako materiala nola zegoen ikustera ere joan ziren astelehenean. 

Lanak Erki Construccion Sostenible SMk eta Ensambla Madera SMk eginen dute. Lanen truke 465.682,44 euro (BEZa barne) jasoko dute, aurrenak %90 eta atzenak %10. Aurten 74.747,86 euro jasoko dituzte eta gainontzeko 390.934,58 euroak heldu den urtean. 

Lan gehiago
Razkinek jakinarazi duenez, "guardetxea egitearekin batera, ingurumen teknikariek erabaki dute anfibioendako putzu bat ere egitea; guardetxea baino pixka bat beherago egonen da, nahiko gertu. Horretarako, eraikineko teilatuko ura erabiliko dute". 

Aralarko Elkarteak emanen duen hurrengo pausoaren berri ere eman du presidenteak: "Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari berriarekin, Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrenarekin lehenbailehen bildu nahi dugu, guardetxeko lanen faseaz hizketatzeko". Bigarren fase horretan beste eraikin bat jasoko litzateke. Hartan ostalaritza zerbitzua, bertako produktuen salmentarako espazioa, proiekzio gela, komuna publikoak eta kudeatzailearen etxebizitza izanen lirateke.

Kronologia laburra

  • 1901 Guardetxea eraiki zen.
  • 1940tik Zufiaur familiari lotuta egon zen eraikina.
  • 2009ko apirila Nafarroako Gobernuak guardetxea bota zuen. Panel batean guardetxe berriaren zirriborroa jarri zuen.
  • 2018 Aralarko Elkarteak bioeraikuntza proiektua aurkeztu zuen.
  • 2018ko lastaila Nafarroako Gobernuak lanak emateko deialdia egin zuen eta hutsik gelditu zen.
  • 2019ko agorrilak 19 Nafarroako Gobernuak bigarren deialdia egin zuen, eta hutsik gelditu zen.
  • 2022 Nafarroako aurrekontuan 150.000 euro zeuden guardetxerako. Partida ez zen gauzatu. Guardetxearen proiektua guztiz berritu zen.
  • 2023 Nafarroako Gobernuak 465.000 euro inbertitzeko konpromisoa hartu du EH Bildurekin.
  • 2023ko iraila hasiera Nafarroako Gobernuak guardetxea eraikitzeko lanak eman zituen. 
Erlazionatuak

Aralar zaintzen duen elkartea

Erkuden Ruiz Barroso 2018 urt 19 Sakana