Txirrindularitza

Sakanako Bizikleta Eguna, arrakastatsua eta bizi-bizia

Guaixe 2023ko urr. 2a, 10:00
Txirrindulariak Lakuntzatik abiatzen, hamaiketakoa hartu ondoren.

Sakanako Mankomunitateak Sakanako Bizikleta Egunaren balorazio “oso positiboa” egin du, bai partaidetzaren aldetik, eta baita probaren segurtasunagatik ere. “Oso ongi joan zen dena”

Igandean Sakanako Mankomunitateak hainbat laguntzailerekin batera antolatutako Sakanako Bizikleta Eguna arrakastatsua izan zen beste behin. 240 txirrindularik baino gehiagok eman zuten izena, eta familia osoek, gaztetxoek eta helduek ere parte hartu zuten Irurtzunen hasi eta Altsasun despeditu zen 37 kilometroko ibilbidean, Sakanako udazken ederrari primerako ongietorria emanez. 

Amaia Gerrikagoitia kirol zerbitzuko teknikariak primerako balorazioa egin du. “Oso ongi joan zen. Jendea, oso gustura, eta nahiz eta Irurtzundik fresko abiatu, eguraldi bikaina”. Gerrikagoitiak segurtasuna nabarmendu nahi izan du. “Zein ongi zaindua eta mugatuta zegoen ibilbidea. Eskerrak Sakanako txirrindularitza klubei, Barranka Txirrindulari Taldeari, eta Aralar eta Burunda klubei”. 

Zorionez, ez zen nabarmentzeko arazorik gertatu, eta ohiko zauri txikiez gain, osasun langileek ez zuten aparteko lanik egin behar izan. Baita bi mekanikariek, Berri Bikes-eko Joaquin Beltran de Herediak eta Muruzabaleko Joxi Lazkozek ere, “soilik unean sortutako arazoak konpondu behar izan zituzten”. 

Gerrikagoitiak nabarmendu du Sakanako Bizikleta Eguna arin joan zela. “Ez zen denbora askorik galdu; 13:15erako iritsi ginen Altsasura, ordu oso onean”. 

Datorren urtean 30 edizio beteko ditu Sakanako Bizikleta Egunak, data borobila. Sakandarren artean klasikoa bilakatu da, baina klasiko bizia, urtero jende berri asko batzen baita Sakana bizikletaz zeharkatzeko egitasmora. 

 

Erlazionatuak