Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko pausoak ematen hasita

Guaixe 2023ko urr. 11a, 13:01

Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko lehen bilera Lakuntzako kultur etxean egin zen. Hurrengoak eree han eginen dira. SGA

Azaroa akabera bitarteko lau bileretan landu daitezkeen proiektuak zehaztuko dituzte. Eten baten ondoren, ilbeltzean komunitatea sortzeko prozesua hasi eta udaberrirako egina izatea espero da. Edozeinek parte har dezake bileretan.

Energia Berriztagarrien Komunitateen berri emateko hitzaldi bana egin ziren Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun udaberrian. "Prestakuntza saioak izan ziren. Energia Berriztagarrien Komunitateak zer diren azaldu genuen. Eta, horrekin batera, zein aukera dauden argitu", esan du Zuhaitz Areitio Rementeriak Sakanako Garapen Agentziako (SGA) proiektu arduradunak. "Saio haien balorazio ona egin genuen, jendeak Energia Komunitate Berriztagarriei buruz asko entzun duelako, baina zer den ez dakielako. Garbi gelditu zen. Jende dezentek interesa azaldu zuen". Saio haien ondoren, irailaren 28an, Sakanako Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko aurreneko bilera egin zen Lakuntzan.

"Hazten ikasten dinamikaren bidez joanen dira pausoak ematen hurrengo lau bileretan"

Eta zer dira Energia Berriztagarrien Komunitateak? "Europako zuzentarau batek arautzen ditu. Erakunde juridikoak dira. Berez, irabazi asmorik ez duten elkarte edo kooperatibak izan behar dira, energiaren inguruko jarduerak eginen dituztenak; printzipioz, energia berriztagarriekin. Baina ez da bakarrik energia hainbat bideren bidez sortzea. Eraginkortasuna, energia gastuaren murrizketa, birgaitzea, mugikortasuna... Energia inguruko edozein aktibitateak egiteko aukera dago. Beti ere, helburua da bazkideei eta herritarrei gizarte, ingurumen eta ekonomia onurak ematea", laburbildu du Oier Etxebarria Gutierrezek, Goienerreko kideak. Goiener eta Emun ari dira Sakanako Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko prozesua dinamizatzen. Horretarako, SGAk Nafarroako Gobernuarena den Nasuvinsa enpresaren Life Nadapta dirulaguntza jaso du. 

Komunitaterantz
Ibarrean halako komunitate bat sortzeko prozesu abiarazi du SGAk. Bilerekin hasi aurretik udalei eta enpresei galdetegia bidali zien. "Erantzun asko jaso genituen, gaiak sortzen duenaren interesaren seinale direnak. Dauden aukerak aztertzeko prest daude", azaldu du Areitiok. Erantzun haiek kontuan izanik, Lakuntzako aurreneko topaketan "espero baino jende gutxiago" izan zen, 17 pertsona, "herritarrak eta udal eta enpresa ordezkariak". SGAkoak jakinarazi duenez, "guztira bost saio izanen dira, zer punturaino iristen garen jakiteko. Azaroa bukaera bitartean bi astero elkartuko gara. Tarte horretan erabakiak hartzen hasiko gara. Ondoren, abenduan gelditu eta hausnarketarako tartea hartuko dugu. Eta ilbeltzean komunitatea sortzeko pausoak ematen hasiko gara, erabakitzen den entitate mota sortzen hasiko gara". Ilbeltzetik aurrera dinamizatzaileen lana akonpainamendua bihurtuko da. Udaberrirako despeditu nahi dute prozesua. 

"Zerrendatutako proiektu horiek bideragarriak diren hurrengoetan aztertuko dute"

Areitiok azaldu duenez, hazten ikasten dinamikaren bidez joanen dira pausoak ematen hurrengo lau bileretan. Aurrenekoan beste herri batzuetan dauden hainbat komunitate ereduren berri eman zieten parte hartzaileei. Ondoren bildutakoek Sakanan egin daitezkeen proiektuen ideia zaparrada egin zuten. Mugikortasunaren, energia aholkularitzaren, biomasaren, biogasaren, instalazio fotovoltaikoen, hidroelektrikoen eta eolikoen inguruko proposamenak mahai gaineratu zituzten. Zalantzak ere: eskualdean ados jartzeko zailtasuna, proiektuen kokapena, eraikin historikoek duten babesagatik instalazioak jartzeko zailtasunak... Proiektu horiek bideragarriak diren hurrengoetan aztertuko dute. 

Aurreneko bileran Sakanako Energia Berriztagarrien Komunitatearen talde motorra sortu zuten. "Haren eginkizunak azaldu ziren. Aurrerago hiru lantalde sortuko ditugu: legeez eta administrazioa arduratuko dena, komunikaziokoa eta proiektuena. Norberak aukeratuko du zeinetan sartu. Eta etxeko lanak izanen dituzte. Lehen saioa jendeak pozik bukatu zuten". 

"Behingoz, herritar gisa, energia trantsizioan gauzak egiteko aukera dugu"

Aukera 
Areitiok esan duenez, "behingoz, herritar gisa, energia trantsizioan gauzak egiteko aukera dago. Energia mendekotasuna dugu. Orain arte enpresa batzuen prezioen menpeko izan gara. Orain hori atzean uzteko lege tresnak daude eta baliatu behar dira". Horregatik, sakandarrak hilaren 17an, 18:30ean, Lakuntzako kultur etxera joatera gonbidatu du. "Berdin du aurreneko saiora joan ez izana. Bilerak bi astero izanen dira, lau falta zaizkigu". 

Egitasmoari buruzko informazioa jaso edo zalantzak argitu nahi dituztenek proiektuak@sakanagaratzen.com posta elektronikoko helbidera idatzi dezake. Bestalde, informazioa zuzenean telefonoan jaso nahi duenak, informazio zabalkunderako sortu den Whatsapp taldea eman dezake izena. Horretarako, hona mezua bidali behar du: labur.eus/gNaXs. "Mezuak jasotzeko da bakarrik, ez du mezuak bidaltzeko balio", gaztigatu du Areitiok.