Astekaria

Behobia, bizi beharreko abentura, sakandar azkarrenen iritziz

Maider Betelu Ganboa 2023ko aza. 20a, 12:40

Aritz Etxeberria eta Erkuden San Martin, atletismoan, David Gonzalo eta Iratxe Lapuente, irristaketan, eta Iñaki Mujika, handbikean, izan ziren sakandar azkarrenak. Bizitakoarekin "pozarren pozez" daude

ARITZ ETXEBERRIA BENGOETXEA
Atletismoa ALTSASU

“Aurtengoa nire hemeretzigarren Behobia da. Duela 20 urte egin nuen lehendabizikoa, 17 urte nituela, eta joan zen urtekoa izan da huts egin dudan bakarra, lesioagatik. Baita pandemiakoa ere. Bestela, denak urrenez-urren egin ditut. Behobia urteroko hitzordua da, data finkoa duena. Denbora bera eginda gerta daiteke beste urte batzuetan lehen 100 postuetan ez sartzea, baina aurten hala tokatu da; 93. sailkatu naiz, eta pozik nago Top 100ean sartzeagatik. Orain arteko nire posturik onena izan da. Bestalde, duela bi urte nire marka onena egin nuen (1:11:44) eta aurten nire marka pertsonala ia 2 minututan gainditu dut (1:10:04). Beraz, oso pozik nago. Beteranoa naiz Behobian, baina oraindik ere bertako giroak hunkitzen nau. Ibilbide osoan egoten naiz hunkituta, horrenbeste jende gu animatzen ikustean. Aurten irteeran Iñaki Mujika handbikean ikustea oso hunkigarria izan da ere, pozgarria. Behobia pasatuta, hurrengoan pentsatzen hasten gara: bi aste barru Donostiako 10 kilometrokoa, abenduan Altsasuko Zubeztiakoa eta San Silvestrea... agenda beteta dugu”.


ERKUDEN SAN MARTIN GONZALEZ
Atletismoa ETXARRI ARANATZ

“Nire hamargarren Behobia-Donostia izan da aurtengoa, beraz, data borobila (kar-kar). Beldur ginen, ez ote zuen bero gehiegirik egingo, baina gustura, primeran aritu nintzen. Azaroaren 26an jokatuko den Donostiako maratoia prestatzen ari naizenez, denborari dagokionez motelagoa nengoela nabaritu nuen. Izan ere, maratoiko erritmoa motelagoa da, eta horretan entrenatzen aritu naizenez, sentsazio hori nabaritzen nuen Behobian. Normala da, jakina. Egindakoarekin oso gustura nago, eta giro ederra zegoen”. 


DAVID GONZALO ETXARRI
Irristaketa UHARTE ARAKIL

“Aurtengoa bosgarren edo seigarren edizioa izango da, 2017an egin nuen lehena. Aurten Patxi Peula eta Iñigo Vidondo etorri ziren, oso onak direnak, eta maila handia zegoen. Lehen helburua ez erortzea zen, errepidea bustia zegoelako, bezperan euria egin baitzuen. Irristatzeko oso arriskutsu zegoen. Hiruzpalau talde ibiltzen gara irristaketan, lagunak gara baina elkarren artean pike sanoa dugu, eta gustura ibili ginen. Peula gailendu zen. Eraldatuz Euskal Irristaketako Aitor Vacas taldekidearekin saiatu ginen, eta, azkenean, bera laugarren eta ni seigarren izan ginen. Egindakoarekin pozik. Behobia ikusgarria da. Ibilbidea jendez gainezka, jende guztia animatzen... oinezko lasterketa da, eta horregatik antolatzaileei irristalariek parte hartzeko ematen diguten aukera eskertzen diegu. Ildo honetan, Sakanan jende nahikotxo aritzen gara irristaketan, eta leku dezente bat behar dugu patinatzeko; pista ez dakit, baina zirkuituren bat bai”. 


IRATXE LAPUENTE PEREZ
Irristaketa ZIORDIA

“Nire lehendabiziko Behobia-Donostia izan zen. Ez nuen espero hirugarren sailkatzea, inondik inora. Uste baino hobeki aritu nintzen. Gainera, lurra bustita zegoen, eta hori patinetan ibiltzeko oso zaila da. Lasterketa erdia baino gehiago bakarrik egin nuen, erori nintzen... eta, beraz, ez nuen hirugarren postua espero. Oso kontentu nago. Lasterketa oso polita iruditu zitzaidan. Sekulako giroa zegoen, une oro jendea animatzen, eta hori eskertzekoa da”.


IÑAKI MUJIKA IZAGIRRE
Handbike ALTSASU

“Nire lehen Behobia-Donostia izan da, eta handbikean egin dut. Aurretik ez nintzen inoiz lasterketan egon. Handbikean serio entrenatzen hiru hilabete inguru daramatzat, eta bederatzigarren sailkatzea sekulako sorpresa izan da niretako. Sailkapena berdin zitzaidan. Nire helburua zen Behobia-Donostia ordu bat baino gutxiagoan bukatzea. 55 minututan egin nuen, eta, beraz, oso pozik nago. Esaten zidaten oso gogorra zela, indarrak gordetzeko. Hala egin nuen, eta lasterketa egingarria iruditzen zait. Behobia-Donostia sekulako esperientzia da. Ibilbide guztian animatzen zaituzte... ikaragarria, ez nuen halakoa izango zenik espero. Aurtengoa askotako lehena izatea espero dut. Kemen taldearekin parte hartzen dugu, eta taldekideen artean ere sekulako giroa dugu. 
Ostiralean Cuencara noa, Espainiako Txirrindularitza Paralinpikoko selekzioak parte hartzaile berriak hautatzeko egiten duen saio batean parte hartzera. 

Erlazionatuak

Iratxe Lapuente, Behobia-Donostiako podiumean

Maider Betelu Ganboa 2023 aza 20 Sakana