Pediatria zerbitzua osatuta

Guaixe 2023ko aza. 27a, 09:00
Gurasoak eta haurrak Altsasuko Intxostiapuntako plazan. ARTXIBOA

Azaroaren 15az geroztik lanean ari da plantilla osatzeko falta zen pediatra.

Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko osasun eskualdean pediatria zerbitzua bere onera bueltatu da. Azaroaren 15az geroztik pediatra bat lanaldi osoan ari da. Pediatrak ez du berari dagokion plaza betetzen, baina Osasunbideak jakinarazi duenez, denbora luze egonen da Burunda mendebaldean lanean. Hala azaldu zioten osasun arduradunek Sakanako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformako kideei. Azaroaren erdialdean bilera egin zuten, eta egoera hobetuko ez balitz mobilizazioetara bueltatzeko aukera mahai gainean zutela jakinarazi zuten plataformako kideek. Ez da halakorik behar izan, bileratik langilearen etorreraren berriarekin atera ziren. Eta hitz emandakoa bete zuen Osasunbideak. 


Haurrak eta emakumezkoak Ziordian.

Burunda mendebaldeko osasun eskualdeari pediatriako lanaldi eta erdi dagokio. Joan zen urteko abendu akaberaz geroztik pediatrarik ez zegoelako, plataforma eta guraso talde bat kontzentrazioak abiarazi zituzten otsailaren 24an. Azkenean, apirilaren 11n hasi zen bat lanean. Garagarrilaren hasieran, pediatra bat lanaldi murriztuarekin hasi zen lanean. Lanaldi osoan zegoen pediatra bajan zegoenez, lanaldi erdian zegoen pediatrak ezin zuen 1.200 haur inguru artatu. Altsasuko osasun eremuan pediatrarik egon ez den bitartean haiekin lan egin beharko luketen erizainak arduratu dira umeen kasuak bahetzeaz eta, ondoren, batera eta bestera bideratzeaz. Pediatrak15 urte bitarteko ume eta gaztetxoen osasunaz arduratzen dira.