Zaintza, bizimodu duina eraikitzeko

Guaixe 2023ko abe. 1a, 14:59

Eskualdeko manifestazioa Altsasun egin zen.

Oinarri hori aldarrikatu zuen Euskal Herriko mugimendu feministak greba orokor feministaren bitartez atzo. "Denon bizitzak erdigunean egon arte borrokan" jarraituko dutela gaztigatu zuen. Grebak Sakanan ere oihartzuna izan zuen.

Zaintza eskubide kolektiboaren aldarrikapena altu entzun zen Sakanan atzo. Estreinakoz greba feminista orokorra egin zen. Haren bidez Euskal Herriko mugimendu feministaren helburua zen "zaintzaren arlo guztiak problematizatzea eta berrantolatzea, zaintza familiako kontua eta pribatizatua izateari uzteko" exijitu zuten, egungo sistema auzitan jarriz. 

Sakanako herrietan egun osoko mobilizazioen ondoren, Altsasuko eskualdeko manifestazioa hartu zuen. Haren akaberan ibarreko feministen nabarmendu zuten "zaintza bizimodu duina eraikitzeko oinarria" dela, "zaintzarik gabe ez baitago bizitza duinik". Azpimarratu zutenez, “zaintza errekonozimendurik ez duen lana da, eta Euskal Herrian badakigu  zaintzarako zerbitzuak gero eta pribatizatuagoak, eta prekarizatuagoak daudela. Horiek guztiak gainera, genero, arraza, klase sozial, eta jatorri jakin batzuen aurpegiak dituzte".

Mugimendu feministak ibarreko zaintzaren errealitatearen argazki gordina egin zuen: "Sakanan jakin badakigu zeinek zaintzen dizkigun txikiak guk ezin dugunean; zenbat kidek ezin izan duten greba egin gutxieneko zerbitzuetan daudelako, nahiz eta gutxieneko zerbitzu horiek egunerokoak izan; badakigu nork antolatzen dituen familiako kideak aiton-amonak zaintzeko eta, ondoren, zer-nolako baldintzapean, eta zer-nolako jatorriko zaintzailea kontratatuko den…" Ibarreko ekonomiari ere erreparatu zion mugimendu feministak: "Sakana Nafarroako soldata arrakalarik handiena duen eskualdea da. Gizonezko gehienak metalgintzan lan egiten duten bitartean, emakumezkoak prekaritzatutako zerbitzuetan, zaintzetan edota Sakanatik kanpo bizitzera kondenatzen gaituzte". Egoerak ezin duela "horrela jarraitu” nabarmendu zuten. “Sakanan bizi, ikasi, lan eta elkarren artean zaindu nahi dugu", adierazi zuten. 

Ibarretik begirada jaso eta honako panorama ikusten du Sakanako mugimendu feministak: "sistema kolonial, arrazista, kapitalista eta zisheteropatriarkala". Eredu horri alternatiba gisa "zaintza eskubide unibertsal izendatuko dugu, eta zaintza sistema publiko komunitaroaren alde egingo dugu. Horretarako, ezinbestekoa da ardura kolektiboa hartzea, bai gure komunitatearena, bai erakunde publikoena ere". 


Atzoko grebarekin "Historia egin" izanaren sentipena zuten mugimendu feministako kideek. Gogorarazi zuenez, "Denon bitzitzak erdigunean dinamikaren bitartez zaintza sistemari begira jarri zigun Euskal Herriko mugimendu feministak. Prestaketa luzea eta emankorra izan da, eta horren emaitzetako bat gaurko eguna da". Mobilizazioan posible egin duten guztiak zoriondu zituzten. Eta manifestazioaren ondoren, Gure Etxea eraikinean edari beroen laguntzak iritzi trukean bukatu zuten  mobilizazio eguna. Mikrofono irekia hartu eta iritzia eman zuenik ere izan zen bitarte horretan.