Merkataritza sustatzeko bi lan eman nahi dituzte

Guaixe 2024ko urt. 16a, 11:27
Irurtzundarrak San Martin kalean. ARTXIBOA

Alde batetik, ibarreko dendariak trebatzeko bi ikastaro ematea eta, bestetik, Irurtzunen, Lakuntzan eta Altsasun informaziorako pantaila digitalak jartzea.

Ibarreko merkataritza sustatzeko elkarrekin proiektua landu zuten 15 udalek, Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak (SDOZE), baita dirulaguntza jaso ere. Proiektuan jasotako hamahiru ekintzetatik bi egiteko deialdia egin du Sakanako Mankomunitateak. 

Batetik, Sakanako txikizkako merkataritzarako prestakuntza teoriko-praktikoa prestatu eta emateko zerbitzua kontratatzeko deialdia egin du. Helburua da Sakanako denda txikietako langile kontratatuen eta/edo titularren gaitasunak eta ezagutzak hobetzeko prestakuntza ematea, digitalizazioari eta lehiakortasuna hobekuntzari buruzko prestakuntza teoriko/praktikoaren bidez. Azken finean, helburua Sakanako hurbileko merkataritza-sarearen lehiakortasuna hobetzea da, digitalizazio gaietan landa merkataritzarako prestakuntza espezifikoen bidez.

Bi ikastaro aurreikusi dituzte, biak ere hamar saltokirendako izanen dira. Aurrenekoan bezeroen arreta hobetzeko prestakuntza emanen da, datu-baseak erabilita eta bezeroen joerak eta portaerak aztertuta. Atzenekoan, berriz, merkataritzaren kudeaketa hobetzeko prestakuntza (ekonomikoa, stocka...), horretarako dauden tresna teknologikoak erabiliz eta datuen erabilera praktikoa eta erabilgarria ikasiz. Bi ikastaroetan gutxieneko ordu kopurua 100 ordukoa izanen da, 10 ordu denda bakoitzeko. Bi ikastaroetako bakoitzean 4 orduko prestakuntza teorikoa emanen da ikasgelan, eta taldekoak izango dira; beste 6 orduak, berriz, banakako prestakuntza praktikokoak izango dira, parte-hartzailea titularra edo langilea den establezimenduan. Ikastaroak maiatza erdialderako despedituko dituzte.

Kontratu hori bere gain hartu nahi duenak Sakanako Mankomunitatean eskaintza hilaren 24ko 14:00ak arte aurkezteko aukera dauka. Lanaren truke Mank-ek 23.000 euro (BEZik gabe) ordainduko ditu. 

Totemak 
Sakanako merkataritza bulkatzeko proiektuaren baitan, Irurtzun, Lakuntza eta Altsasuko merkataritza guneetan pantaila digitalak jartzeko kontratua eman nahi du ere Mank-ek. Eskaintzak aurkezteko epea hilaren 24ko 14:30era artekoa da. Instalazioaren truke 27.272,73 Euro (BEZik gabe) jasoko ditu kontratua eskuratzen duen enpresak. Hiru pantailak apirilaren akaberarako jarrita egon behar dute. 

Mank-ek deialdia zehaztu duenez, hiru herrietan jarriko diren hiru pantailak LED teknologiakoak izanen dira eta definizio handiko kalitatea izan beharko dute. Kokapenari dagokionez, Irurtzunen Barazkiguneko fatxadako eskuineko “leihoan” jarriko dute. Lakuntzan, berriz, udaletxearen fatxadetako batean izanen da, ziurrenik plazara ematen duenean. Azkenik, Altsasun, pantaila Iortia kultur guneko sarrera nagusiko fatxadan jarriko da, udalak adierazten duen tokian. 

Proiektuko bi jarduera horiek Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Landa Eremuetako Merkataritza Jarduerari Laguntzeko Laguntzen bidez finantzatuak daude, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan, eta Europar Batasunetik datozen Next Generation EU funtsen bidez hornituta.

Erlazionatuak