Eneko Otsagabia eta Odei Juango lakuntzarrak, Amaiur Ginea arbizuarrak eta Joseba Aldaz olaztiarrak osatutako Beriain Aconcagua mendi espedizioko kideek abenduaren 1ean hasi zuten Argentinako Mendoza probintziako Aconcagua (6.962 m) mendi ezaguna igotzeko abendura. Abenduaren 5ean iritsi ziren Aconcaguako parkean.
Haize gogorra
Oinarrizko kanpamenduan ongi aklimatatu eta laurak sasoiko zeuden, baina igoera ekiteko unean, hasieran eguraldia izan zuten etsai. "Goian sekulako haizea zebilen, 80-100 km/orduko abiadurako haize boladak. Horrela ezin zen igo, eta hiruzpalau egun oinarrizko kanpamenduan egon behar izan genuen, baldintza hobeen zain" azaldu du Eneko Otsagabiak. Abenduaren 18an abiatu ziren, eta bigarren kanpamendura jo zuten zuzenean. Abenduaren 19an atseden hartu, eta abenduaren 20an Aconcaguako gainerantz abiatu ziren. "10 ordutan igo ginen puntara, laurak, eta han gainean ordu erdi inguru egon ginen, zeharo hunkituta. Izan ere, laurok helburua lortzea izugarria izan zen. Dena uste baino hobe joan zen, egia esan" aitortu du lakuntzarrak, jaitsiera hiru ordutan egin zutela gaineratuz. Abentura bukatuta, abenduaren 31n iritsi ziren etxera, lanak ongi eginda.