Palentziako elizbarrutiaren gobernu pastoralari adinagatik uko egin zion Manuel Herrero Fernandezek. Vatikanoak ukoa lastailaren 31n onartu zuen. Horrekin batera, Palentziako apezpiku berria izendatu zuen: Mikel Garziandia Goñi etxarriarra.
Aditzera zegoen gotzain izanen zinela. Kerik gabeko surik ez da!
Zenbait alditan atera da nire izena hedabideetan. Batzuetan modu geldoan, batzuetan nahikoa nabarmen. Oraingoan, bai.
Zer moduz agurreko elizkizunetan?
Gozatua izan da. Askotan Sakanakook ez gara sentimenduak adierazteko jendea, suposatzen da estimazioa eta maitasuna badagoela. Egun horietan, egiten nituen mezetatik aparte, Javier Aldabe Arbearekin eta Jose Antonio Apezetxea Escuderorekin ordezkatu ginen, eta Bakaiku, Iturmendi, Etxarri Aranatz eta Lizarragan egon nintzen lehendabizi; Arruazun, Lakuntzan eta Uharte Arakilen ondoren. Segituan, nik normalean egiten nituen Unanu eta Arbizu izan ziren. Atzenekoa, nola ez, Aralarko santutegikoa izan zen, ilbeltzaren 14an, igandean. [Haren akaberan Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiako presidente Joxe Mari Ustarroz Razkinek gotzainari dagokion bularreko gurutzea eman zion. Gainera, kofradiaren izenean txapela eta artzainen makila eman zizkion. Guadalupe Escudero Guillen mojak kalota jarri zion].
Orain, ongikoz, beste ordezko bat etorriko da. Apezpikuari hori eskatu diot
Jendeak zer esan dizu?
Oso gozoa eta garratza. "Zer poza, eta zer pena!" Hori esaten dute. Hartu-emana izan da. Gainera ikusi dugu hainbat eta hainbat proiektu garatu direla, eta beste batzuk martxan daudela. Jendearen kezka izaten da: "eta orain zer?" Orain, ongikoz, beste ordezko bat etorriko da. Apezpikuari hori eskatu diot. Parrokietan, eta batez ere santutegiko proiektu handi horretan, batzordeetan lan egiten ari ginenez, lan taldeak osatuta daude. Lan horien berri askok bazekiten. Zamartzeko Guadalupe Escudero Guillen administratzaile lanetan ari da. Lasai noa, hemengo lantaldeak indartsuak direlako. Bestalde, bertan bizi den Poloniako apaiz bat dago. Daudenen artean banatuko dituzte mezak. Hasiera batean, behin-behinean, horrela eginen dute. Elizbarrutiak norbait bidaltzen badu, normaltasunera itzuliko da dena.
Sakandar mordo bat joanen da Palentziara.
Bai, bai. 400dik gora daude momentuz. Eta azken momentuan jendea izena ematen ari da. Hori autobusetan joateko, bost doaz. Eta gehienak sei jatetxetan bazkaltzera geldituko dira. Baina badakit jendea bere kabuz ere badoala.
Babesa, ezta?
Bai. Eta etxe giroan. Lehengusuak eta gu, etxekoak, txistulariak gara. Taldeari katedraletik hotelera txistuarekin lagundu nahi diegu. Nafarroako apezgaiak oso musikazaleak dira, fanfarre bat badute. Behintzat, entzun behar gaituzte.
Nolakoa da gotzain baten kargu hartzea?
Sakramentu guztiak izaten diren bezala, meza bat da. Lehendabizi izaten da hitza, irakurgaiak. Bigarrena, eukaristia da. Kasu honetan, tartean ordenazioa egiten da. Diakono, apez edo apezpiku ordenazioa izan daiteke. Gotzainen ordenazio kasuan, normalean, agurra senide gotzainei egiten diezu. Aurkezpena nahikoa solemnea da. Ondoren otoitz bereziak daude. Gero buruan krismaz gantzutu eta apezpikuari gotzainaren ezaugarriak ematen zaizkio, hau da, buruko mitra, makila edo makulua eta eraztuna. Bestalde, katedral hitzak aulkia esan nahi du. Beraz, katedraleko aulkian eseri, nolabait adierazteko aurrerantzean hor artzain eta erakuste lanak nik eginen ditudala. Ondoren kristau berriari agurra. Ospakizunak segituko du, eta haren buruan, hasieran, joaten den gotzainak hitza egiten badu, homilia kontsakratzen nauenak egiten du, nuntzioak. Mezaren akaberan nik denak agurtzen ditut, esker ematea, eta jendea agurtzera etorriko zait. 11:00etan hasi zen eta 13:00ak pasatxo bukatu zen. Asmoa zen 14:00etarako ekimena bukatzea eta 14:30ean denak bazkaltzera joatea.
Palentziarrekin harremanetan egonen zara, ezta?
Duela bost aste etxekoekin joan nintzen. Hango nire kolaboratzaileekin lehenengo kontaktua izan nuen. Non bizi behar naizen ikusi nuen: apaizen erresidentzia bat dago eta han gotzainak apartamentutxo bat du. Kalkulatu behar dut zer liburu eta zer gauza eraman. Ilbeltzaren 15ean gauzak eraman nituen. Ondoren, erretiro moduko bat egin dut Palentzia ondoan dagoen fraideen monasterio batean. Lasai, hausnartzen, otoitzean egon naiz egun batzuk. Ilbeltzaren 18an, ostegun arratsaldean, entsegua izan genuen. Etxekoak eta lagunak, batzuk kanpokoak, Palentziara ilbeltzaren 19an iritsi ziren. Eta ilbeltzaren 20an, larunbatean, buru belarri hor sartuta.
Zamartzen bizi izan zara eta baratze ederra lantzeko aukera zenuen hemen. Han?
Faltan botako ditudanen artean daude sasiak garbitzeko makina, traktoretxoa... Banuen izerdialdi batzuk botatzeko modua. Hango prentsa arduraduna Txomin da, palentziarra baina Gasteizen jaioa eta euskalduna. Esan zidan: "nahi baduzu, han ere baditugu baratzak. Horregatik, baldin bada, zu lasai". Zerbait pentsatu beharko dut.
Sakanaz
Aralarko santutegian proiektu handia duzue. Lanen bi fase eginda, hirugarrenaren atean, eta alde egitea tokatzen da.
Aurreko urtean Nafarroako Parlamentuan diru sail bat lortu genuen alderdi guztien oniritziarekin. Arkitektura, ingeniaritza, arkeologia eta administrazio kudeaketa kontuak bukatzen ari gara. Aurtengo apustua da administrazioa bustitzea, proiektua Nafarroa guztiarendako onura handia delako. Egitasmoa nazioartekotze asmoekin oso ongi lerrokatzen da, hainbat arrazoi eman diegu horretarako: hainbat santutegi elkarrekin lanean ari gara dagoeneko; Sakanako bizikleta ibilbidea irekiko da; Donejakue bidea eta San Migelgo santutegien bidea Aralarren lotzea... Horretan ari ginela, banoa.
Gure gestioen emaitzaren zain gelditu beharko dute hemen gelditzen direnek.
Udaberrian hasi nahi dituzue ostatuko eta aterpeko lanak, ezta?
Lehenbailehen hastea nahi genuke. Baina aurrekontuak otsailean onartuko ditu Nafarroako Gobernuak, eta itxaron behar dugu. Horren arabera, elizbarrutiak erabakia hartu beharko du. Elizbarrutia laguntzeko prest dago, baina dirutza da. Gure gestioen emaitzaren zain gelditu beharko dute hemen gelditzen direnek. Apika, gauza litzateke 2024an ostatua egitea, eta, apika, 2025ean gazteendako aterpea. Guk ostatuarekin presa gehiago dugu, 2025erako hitz emanda daukagu Europako San Migel santutegien asanblada Aralarren egitea. Gainera, Renoko Unibertsitateko eusko ikasketen katedrak aurreratu du finantzatuko lukeela esmalteei buruzko nazioarteko sinposiuma 2025ean. Bestalde, Lourdes de Sanjose esmalteei buruzko liburua aurkezten ari da, Frantzian batez ere. Gure lan hori "zarata" ateratzen ari da, eta jendea hemen dagoenari buruzko interesa azaltzen ari da. Gainera, aterpe eta ostatua mendizaleendako... Proiektu asko daude, eta behar asko zeuden. Ostatuarekin hainbat proiekturi bulkada polita emanen diegu.
Hala ere, telefonoa hartzeko prest egonen zara, ez?
Bai. Garbi dut nire telefono mugikorreko zenbakia mantenduko dudala. Hemen daudenei informazio gehiena eman diet, baina beti egonen naiz hor. Gainera, Palentzia Donejakue bidean dago. Gure santutegiko proiektuan San Migelen santutegien ibilbidea eta Donejakueren arteko lotura egitea ere sartzen da. Hor aitzakia bat badut harremanetan segitzeko.
Nola dago fededunen komunitatea Sakanan?
Badaramatzagu urte batzuk pastoraltza plana garatzen. Aurreko urtean lan taldeak osatzen saiatu ginen. Lau lan esparru dauzkagu: liturgia, prestakuntza, gizartea eta ebanjelizatze lanak. Talde horien arduradun jende multzo bat dago. Aurten prestakuntza eta informazioa garatzearen aldeko hautua egin dugu. Ikastaroa hasi dugu, bost larunbat iraunen duena. Dagoeneko bi saio izan ditugu. Ikastaro horretan 70 pertsona matrikulatuta daude. Parrokien elkarteko lan horretan pitteka-pitteka aurrera egiten ari gara. Aurtengo asmoa da talde horiek indartzea, ekitaldi horietan jarraitu eta prestakuntza egin.
Fedeaz
Garai batean herri bakoitzean apaiz bat zegoen. Kristau komunitateek, edo fededunek, pauso bat aurrera eman eta haiek ere "erakusgarri" izan beharko dute?
Bai. Kontzilioaren apustua hori izan zen. 60 urte pasa dira. Nafarroan, eta hainbat lekutan, genuen arazoa zen oso eliz klerikala zela. Ez zentzu txarrean; apaiz asko zeuden, oso langileak. Baina, ondorioz, laikoa erabat pasiboa zen. Orain urritasun eta eskas izate hori, guretako oso aukera ona da sekularrek haien tokia hartzeko. Orain arte esaten genuen: "laikoak lagundu behar dio elizari". Lagundu? Ez. Laikoa da arduradun nagusia. Zeren eliza da: kristauak munduan. Beraz, apaizon lana da sekularrei, laikoei, beraien bizitzan laguntzea da. Baina ebanjelioa jendeari iristeko kristau bakoitzak bere giroan egin behar du. Aita Santu Frantzisko horretan gogoz ari da: "eliza gizartearendako, mundurako da; denen onerako. Ez da eliza elizarendako". Hori kosta egiten da. Zeren kristandade deitzen diogun horretan, hemen 1.400 urtetan, nahiko ongi funtzionatu du. Orain garai aldaketa tokatu zaigu. Ikasi behar da pitteka-pitteka hortik joaten. Elizarendako askoz hobea da gaurko egoera duela 100 urtekoa baino.
Fededun batzuen sentipena da garai bat badoala?
Bai, dudarik gabe. Eliza hasi zenean, lehendabiziko mendeetan, Jesusek ebanjelioan esaten duen bezala: "zuek zarete gatza, zarete argia, zuek zarete legamia". Askotan izan dugu amets bat: masifikazioa; kristautasuna dela gizarte dena kristautzea nola edo hala. Orain ikusi dugu lurreko hainbat eta hainbat nazioetan kristauak gutxiengo bat direla. Baina gutxiengo bat izateak, horrek fedeari ez dio indarrik kentzen. Ia-ia esan genezake ohitu behar garela: kristauak egon behar dugu oso gizarte anitz batean. Eta kristau bakoitzak benetan maite baldin badu, barkatzen badu, zerbitzatzen badu Jesusek esaten duen bezala, horrek, nolabait, galdera ikur bat jartzen dio besteari: "pertsona hori zergatik da horrela? Zergatik du halako itxaropena? Zergatik saiatzen da beti bestearen alde jokatzen?" Hori izan beharko luke gure gutuna. Eta askotan hori ez da horrela izan.
Transmisioa behar du izan, ez gizarteko eskema bat, baizik eta banan-banan bizi den zerbait.
Fedearen transmisioa bermatuta dago?
Batere ez. Fedearen transmisioa banan-banan egiten da. Garai batean, agian, familietan automatikoki ematen zen. Sakramentuak kintadak bezala ziren. Hori jada hautsi zaigu, katekesia erori zaigu. Orain beste modu batean gaude. Pitteka-pitteka jendea etorriko da. Gu jendeari proposamen hori egitera aterako gara. Transmisioa behar du izan, ez gizarteko eskema bat, baizik eta banan-banan bizi den zerbait.
Lehen ez bezala, beste erlijio eta izpiritualtasun batzuekin elkar bizi da orain kristautasuna.
Eta horrek ematen dio gure aniztasunari halako zentzu bat. Alde batetik daude, nolabait esanda, ekialdeko izpiritualtasunak, budismoa-eta. Erlijioa baino gehiago filosofia bat dira, hor ez baitago jaungoiko pertsonalik. Gure erronka dira, alde batetik, Ameriketatik eta hainbat tokitatik etortzen diren ebanjelikoak. Amerikar katoliko asko etortzen direnean gure parrokiak utzi egiten dituzte eta protestantismora pasatzen dira. Hor galdera ikur handi bat dugu: Zergatik? Bestetik, islama gure artean dago. Gurea bezala, teknikoki, erlijioa dira; liburuarena, beraien arabera. Hor ere badaukagu... Agian elkarrizketa zaila da, zeren islama eta kristautasuna eskema desberdinak dira. Baina estimazio bat, elkar ezagutza bat eta elkar errespetu bat landu beharra dago heldu diren urteetan. Horretan lan polita dago.
Palentzia, eta ardurak
Zein lan talde du apezpiku batek aldamenean?
Idazkari pertsonala du. Gero elizbarrutiko idazkaria dago, dokumentazioaz arduratzen dena, Natalia. Horietaz aparte bikario orokorra, pastoraltza bikarioa, bikario judiziala (epaiketez-eta arduratzen dena) eta hainbat kontseilu daude: sekularren eta pastoraltza kontseilua, apaizena... Hainbat erakunde daude. Gainera, katedraleko kabildoa... Aldi berean, elizbarrutiak erlijio bizitza du, Palentziak etxe asko ditu. Herri txiki asko dauzka mendialdean, Europako mendien hegoaldean, hemen Pirinioetan gertatzen denaren antzera. Leku anitza eta polita da.
Arimen artzain, saldoa handituko zaizu orain?
Bai, bai. Garai batean gure helburua hemengo eskualdea eta parrokiak ziren. Egia esan, elizbarruti txikia da: 157.000 biztanle ditu Palentziak, denak ez katolikoak. Horrek aukera emanen dit apaiz bakoitza, kristau elkarte bakoitza nahiko ongi ezagutzeko. Nire erronka da lauzpabost hilabetetan, uda arte, jendearekin egotea eta entzutea. Beraiek, jada, pastoraltza plana martxan dute, 2025ean oraindik martxan egonen dena. Nik lan hori animatu, eutsi, pixka bat ikasi non eta zertan ari diren. Gauzak ikusten ditudanean, saiatuko naiz nire ekarpena ere egiten.
Hango eta hemengo elizaren egoera antzekoa da?
Bai. Palentzia biztanlez husten ari da; horren erronkak eta arazoak ditu. Gizartean oso jende dinamikoa bada: unibertsitatean, enpresan... Donejakue bidea hor dago, dinamizatzeko, ongi; turismoa mugitzen da... Eliza barruko nire betebeharrez aparte, nahi nuke gizarte horri animo eta itxaropen bat ematea. Zeren askotan gertatzen da jendea halako doinu baxuan bizi dela. Uste du gauzak hemen gero eta okerrago doazela. Lan polita izaten da itxaropen hori jendeari ematea. Uste dut horretan lan polita dudala.
Apezpikuok batzordeak antolatu eta erabakitzen dugu zeinetan ikusten dugun gure burua.
Gotzain-batzarreko kide izanen zara ere, elizaren gobernua eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko dituzu.
Ongi aukeratu nahi dut zein batzordetan sartuko naizen. Donejakue eta San Migelen proiektuan nahikoa sartuta nagoenez, Europako beste errealitate batzuekin harremanetan nago. Kontsultak egin nahi nituzke, eta hortik sartu. Apezpikuok batzordeak antolatu eta erabakitzen dugu zeinetan ikusten dugun gure burua. Martxoan izanen dira hauteskundeak eta antolakuntza lan horiek. Ordurako garbi eduki nahi nuke nondik jo.
Aurten sinodoa despedituko duzue. Zer da?
Sinodoa eta sinodalitate hitza oso gauza garrantzitsu gisa erabili genuen Nafarroan 2017an. Erraz azalduta, elizak bere antolakuntzan eta bere izaeran hiru termino ditu. Bat da primatua, lehentasuna. Jaungoikoa bat da. Elizbarrutian batek ordezkatzen du eta agertzen du batasun hori, apezpikuak. Bestetik, esaten dugu sinodalitatea dela: denok elkarrekin oinez, denok elkarrekin lanean. Printzipio hori jendartean oso alde batera utzita zegoen. Antzinako elizako elementu bat berreskuratzea izan da hori. Azkenik, kolegio edo kolegialitatea da, esaterako, apaiz denak talde bat osatzen dugula. Hiru printzipio horiek osatzen dute eliza. Oso eliza klerikalak ez zuen sinodalitatea kontuan hartzen. Sinodoa zen bakarrik elizbarruti batean berrikuntza lan bat egiten bagenuen, edo gotzainak elkartzen zirenean sinodo bat osatzen zuten. Orain hitzari eman zaio antzinako zentzu hori. Eta hori aberasgarria da, dudarik gabe.
Bereak ez diren lanak, eta orain arte apaizak egiten zituenak, horiek sekularren eskuetan jarri behar dira, eta denok denokin lan egin behar dugu.
Sinodoaren ekarpena izanen da eguneratzea eta berrarmatzea?
Eta elizaren antolakuntza eta funtzionamendua denon artekoa izatea. Apaizak berea den lana izan behar du. Baina bereak ez diren lanak, eta orain arte apaizak egiten zituenak, horiek sekularren eskuetan jarri behar dira, eta denok denokin lan egin behar dugu. Hori da orain dugun erronka.
Elizatik beretik esan da elizaren eta gizartearen artean deskonexioa egon dela.
Hori bi aldeetatik ematen da. Alde batetik, elizan egon daitezkeelako halako mugimendu batzuk, halako nostalgia bat: "garai batean gehiago ginen, bagenuen botere gehiago". Tradizionalismoaren haritik, hori elizaren barruan arrisku bat izaten da. Baina, aldi berean, gizartean etortzen diren hainbat mugimendu eta ideia zailak dira kristautasunarekin bat etortzea. Oso sanoa da tentsio bat egotea. Elizaren asmoa ez baita munduarekin erabat mimetizatzea. Baizik eta munduaren barruan gaudelarik, Jesusen ebanjelioaren arabera, saiatu mundu horri halako itxaropen eta indar bat ematen. Tentsio hori egotea ona da. Baina txarra da, esaterako, kristauok sentitzea behar dugula sekta bat izan, "mundu hau galdua dagoelako", eta gu gure zuloan sartzen gara. Hori txarra da. Baita ere txarra da munduak pentsatzea elizak ez duela ezer emateko. Hori gezurra da. Gizarte lanean gaur egun elizak egiten dituen gauzak eginen ez balitu estatuak porrot eginen luke. Zeren kristautasunaren nahia izan da beti denen ona bilatzea. Beraz, tentsioa ona da, baina elizan ere egunero ikasi beharra daukagu nola izan behar duen gure presentziak munduan. Hori oso gauza dinamikoa da. Horrek jendea ikusi beharko du. Sinodoa horretarako da.
Ardura berrirako zer gaitasun izan beharko dituzu beharrezko?
Buah! Orain momentuz, lehendabizikoa da entzuteko eta pertsona ezagutzeko gaitasuna: nor diren, nola dauden taldeak, zer gertatu zaien, zein den beraien istorioa, nondik datozen... Hori bat, entzuteko ahalmena. Elkartzeko grina hori badut beti; ekipoak sortu, egon daitezkeen diferentziak onerako izatea eta ez gauzak izorratzeko... Batasun hori lortzea da apezpiku baten betebehar nagusia. Herria bat da. Denok daukagu tokia. Denok jakin behar dugu non eta nola lan egin. Eta denok izan gaitezke erreferentzia bat beste guztiendako. Eta lehen esandakoaren haritik, kristau elkartea ez da sekta bat. Kristau elkartearen ametsa da munduan egotea, jakinik mundutarrak ez garela eta gero beste bat dagoela. Baina bitartean, hori egia baldin bada, hemen lana egin behar da, Justiziaren alde borrokatu; hor dauden injustiziak eta pobreak, hor lanean aritu. Kanpoekin ere lotura sano batzuk egotea. Hiru horiek izanen lirateke nire ardurak eta asmoak.
Zure fede ibilbidean aurrera egiteko, zer eskatzen duzu?
San Migelekin hartu-eman bat izan du. San Migelek adierazten du borroka bat badagoela. Borroka hori ez da batzuk beste batzuen kontra. Borroka hori denok daukagu barrenean. Nik Jaungoikoari eskatzen diodana da, alde batetik, trebetasuna eta aurrera egiteko indarra izatea. Eta, bestetik, erabateko apaltasuna, eta gai izatea besteak niretako zer ekarpen daukan ikusteko. Badirudi bi gauza oso desberdinak direla, baina biak lotu beharra dago: apala izan eta, zerbait badago, ausardia ere horri aurre egiteko.