Adavan kezkatuta dago amiantoa kentzeko plana geldi baitago

Guaixe 2024ko ots. 6a, 09:31

Adavan elkartekoak Nafarroako Parlamentuan UTZITAKOA

Parlamentuari eta gobernuari konpromiso politikoa eta plana garatzeko dirua eskatu dizkie elkarteak.

Nafarroako Amiantoaren Biktimen Laguntzarako eta Defentsarako Elkarteko, Adavaneko ordezkaritza Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordearekin bilera izan zuen ilbeltzaren 24an. Ordezkaritza osatzen zutenen artean elkarteko presidente Jose Manuel Bueno Perez altsasuarra zegoen. Adavaneko kideek parlamentariei eskatu zieten amiantoa duten materialak erretiratzeko plana abian jartzeko. Horretarako konpromiso politiko handiagoa eskatu zuten: "Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak "beren gain hartuko duten legea, biktimak eta gizarteak eskatzen duena betetzeko erantzukizuna". Aldi berean, parlamentariei galdetu zieten haiendako "lehentasunezkoa den" 2019ko amiantoaren plana martxan jartzea eta garatzea, "amiantoa desagerrarazteko eta etorkizunean eragiten dituen sufrimenduak eta heriotzak saihesteko".

Adavan elkarteko idazkari Juan Manuel Paniagua Martin altsasuarrak azaldu duenez, "Parlamentuko talde guztiek aldeko jarrera dute. Hitz politak entzun genituen, besterik ez. Ez da lehentasunezko gaia. Amiantoa kentzeko plana ez dute martxan jartzen". Gaineratu duenez, "bileran esan ziguten Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontuetan planari zuzendutako diru partidarik ez zegoela". 

Parlamentuko bilkuraren ondoren Adavanekoek jakin dute beharbada emendakin bidez aurrekontuetan 100.000 euroko partida bat sartuko dela. "Trebakuntzara bideratuko litzatekeela esan digute", argitu du Paniaguak. "Ez da nahikoa. Nafarroarako bakarrik 240 milioi euro aurreikusi zituzten", zehaztu du elkartekideak. Aurretik ere amiantoa kentzeko 30 pertsona trebatu ditu foru gobernuak. 

Plana martxan jarri ez delako aurretik ere elkartu izan da Adavan parlamentariekin. 2021eko martxoan plana martxan jartzea eskatu zien. 2022ko aurrekontuen eztabaidan, "hainbat harreman izan genituen Parlamentuko talde guztiekin berriro martxan jartzea eskatzeko, beste gai batzuez aparte", eta partida bat adostu zen 12 ikastetxetako amiantoa kentzeko, web-orri bat sortzeko, kudeatzeko departamentu arteko batzorde bat eratzeko eta amiantoa identifikatzeko gaikuntza ikastaro batzuk egiteko. Baina departamentuen arteko batzordea baino ez zen sortu, eta, gainera, "finantzaketarik gabe eta, beraz, garapenik gabe".

Kezka du 2030erako amianto guztia erretiratu behar badu, "berandu" dabilelako Nafarroako Gobernua. "Amiantoa ezabatzeko plana onartu zenean aitzindaria zen Nafarroa, baina dagoeneko beste erkidego batzuk aurreratu gaituzte". Amiantoarekin lan eginen duten egoerak ere kezkatzen du Paniagua: "azterketak egiteko lau mediku daude. 2-3 urtero egin beharreko azterketak 4-5 urtero egiten ari dira. Atzerapen handia dago. Gaitza garatuz gero, azkar doa". Horretan ere mediku gehiago beharko liratekeela gaztigatu du. Hala ere, oso gaixo dauden langile ohiak mediku azterketa urtero pasatzen dutela nabarmendu du. 

Erlazionatuak