Otsaileko bigarren asteburuan Aizkolari Gazteen Urrezko Txapelketako finalerdiak jokatu ziren Beizaman eta Oñatin. Otsailaren 10ean, larunbata, Beizamako finalerdian lau aizkolari lehiatu ziren: Aritz Oiarbide etxarriarra, Kimez Oñederra “Aittola”, Jokin Larrieta eta Unai Etxeberria “Osinalde”. Lau aizkolariek 45 ontzako bi enbor erdibitu behar izan zituzten. Lehia borrokatuan, Aritz Oiarbidek lortu zuen gailentzea (4:32), Jokin Larrietari 7 segundo aterata (4:39). Osinalde hirugarren izan zen (5:08), eta Aittola azkena (5:36). Oiarbidek eta Larrietak lortu zuten finalerako txartela.
Jon Erdozia etxarriarrak eta Oier Mitxelena altsasuarrak otsailaren 11n jokatu zuten bigarren finalaurrekoa, Oñatin. Igoin Pikabea eta Isidro Velasco izan zituzten aurkari. 45 ontzako bi enbor erdibitu behar izan zituzten. Jon Erdoziak eta Igoin Pikabeak lehia oso estua izan zuten hasieratik, eta azkenean etxarriarra gailendu zen (2:31), Pikabeari 6 segundo atereaz (2:37). Isidro Velasco hirugarren izan zen (3:08), eta Oier Mitxelena laugarren (3:21). Final handirako Jon Erdozia eta Igoin Pikabea sailkatu ziren.
Lau enbor
Banakako Aizkolari Gazteen Urrezko Txapelketa otsailaren 25ean jokatuko da, Azpeitian. Finalean 45 ontzako lau enbor erdibitu beharko dituzte Jon Erdoziak, Igoin Pikabeak, Aritz Oiarbidek eta Jokin Larrietak.