Ordu erdiko bilkura isila egin dute Cementos Portland Valderrivas enpresako langileek. 80 bat langile elkartu dira Lan istripuekin amaitu, laneko heriotza gehiagorik ez leloa zuen pankartaren atzean. Enpresa Batzordeak deitutako bilkura izan da. ELAk gehiengoa du bertan eta, ohar bidez, "patronalaren zigorgabetasunarekin eta Gobernuaren konplizitatearekin bukatzeko" eskatu du. Horrekin batera, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari zigorrak jartzeko gaitasuna izatea exijitu du, baita lan ikuskaritzaren plantilla hirukoiztea ere.
ELAk gogorarazi duenez, "urtea hasi zenetik 15 pertsona hil dira lan istripuz Hego Euskal Herrian, horietatik sei Nafarroan. Foru erkidegoan bereziki larria da lan ezbeharren egoera, astero pertsona bat hiltzen baita bere lanpostuan, eta egunero 70 pertsona baino gehiagok pairatzen baitute lan istripu bat". Sindikatuak gaineratu duenez, "lan gaixotasunei erreparatuz gero are okerragoa da egoera, izan ere, amiantoak eragindako hainbat biktima ezagunak diren arren, estatistika ofizialek ez dute gisa horretako heriotza bakar bat ere jasotzen".
Sindikatuak egoera horren erantzule nagusiak enpresariak eta Nafarroako Gobernua egin ditu. "Lehenek etekin ekonomikoa lehenesten dute langileen segurtasunaren gainetik, prebentzio araudia bete gabe utzirik, zigorgabetasun osoz. Ondorioz, lan istripu hilgarri eta larrien erdiak segurtasun neurri egokien gabeziagatik gertatzen dira". ELAtik gaineratu dutenez, "bien bitartean, Gobernuak uko egiten dio ez betetze horien kontrol egokirako gutxieneko bitartekoak ezartzeari, lan osasun politiketara bideratutako diru publikoa elkarrizketa sozial ez-eraginkorrean xahutzen jarraitzen duen bitartean".