Martxoaren 14tik 24ra Korrika Euskal Herrian barna ibiliko da Irun eta Baiona lotzeko. Martxoaren 19an pasatuko da euskararen aldeko lasterketa Sakanatik. Baino hori baino gehiago bada Korrika.
1. Irakasle ere bazarenez, zein da zuzena: badator Korrika edo Korrika badator?
Korrika badator. Gainera, nire ustez, soinu hobea dauka.
2. Antolatzailea AEK: Aprende Euskara Korriendo?
Aditu gabe neukan hori. Oso ona! Oso azkar ikasten da euskara hemen, AEKn.
3. Zergatik Harro?
Herri honetan berezkoa den hizkuntza bat daukagu, urte asko dauzkana, eta oraindik bizirik mantentzen dena. Hizkuntza polita da. Gainera, jatorri ezezagunekoa. Horrek misterio kutsua ematen dio. Horregatik, leloko "Harro" hitza.
4. Zergatik Herri?
Azkenean, herri txiki bat garelako. Bi estatuen artean bizi gara. Gure hizkuntza propioa daukagu. Hizkuntza horren alde borrokatzen gara. Herri honek badauka harro egoteko arrazoirik.
5. Aurten inauteriak, Emakumeen Nazioarteko Eguna, Korrika, dena batera etorri da. Eragin dizue?
Inauteriak beti berdin dira, Aste Santua baino 40 egun lehenago baitira. Orain arte jendeak burua momoxarroetan-eta ibili du. Nik uste orain aktibatuko da. Emakumearen Nazioarteko Eguna ere bada. Beharbada biak uztartuko ditugu, eta kitto. Jendea momentuka dabil; momentu batean buruan zerbait egitea dauka. Hori pasa eta beste bat. Orain jendea hasiko da Korrikan pentsatzen. Oraindik ez dago Korrika girorik. Giroa hotz dago. Baina neure buruan giro hori aspaldi dago. Uste dut heldu den astetik aurrera izanen dela. Orain arte jendeak mozorroen aukeraketan zuen burua. Jende batzuek entrenatzen hasiko direla esaten dute, Korrikan gehiago irauteko. Baina gero ez dakit eginen duten. Bestela ere, Sakanan korrikalari asko eta asko daude. Horrekin ez dugu ardurarik. Ziurrenik batek baino gehiagok Sakana guztia edo, gutxienez erdia bai eginen dutela. Bestetik, AEK-ko irakasleok nabari dugu Korrika heldu dela. Horretaz arduratu naiz. Gelaz gela azalpenak eman dizkiet ikasleei, oraindik nahiko lasai daude, baina ailegatuko zaie.
6. Sortu dira Korrika batzordeak?
Lakuntzakoa sortu zen, eta gainontzekoak orain sortuko dira. Aurreko Korrikako batzordeetan egon ziren sakandarrekin harremanetan jartzen ari naiz. Normalean, dirua ateratzeko bazkariren edo afariren bat egiten da. Eta Korrika Txikia antolatu. Aurten, esaterako, Arakilgo Udalak bertso saioa antolatu du Ihabarren. Altsasuko Iortia kultur gunean Badon opera posdramatikoaren emanaldia egonen da.
7. Horretan laguntzen dizuete?
Bai. Gainera, nahikoa autonomoak dira. Guk materiala-eta ematen diegu, eta beraiek antolatzen dira. Asko laguntzen digute, bai.
8. Zer moduz km salmenta?
Ongi. Otsailaren 1ean zabaldu zen erosteko epea, eta kilometro guztiak despeditu arte zabalik egonen da. Sakanan 62 km daude. Baten bat saldu gabe dago, baina gehienak salduta daude. Jendeak orain Sakanatik kanpo laster egitera joateko ohitura du. Km-ak erosten dituzte. Ez dut hori ulertzen, baina pasatzen da. Asteburuan erostea lortzen badute, asteburu pasa joaten dira. Eta orain Erriberan asteburuan jartzen da, beraz, jendea Erriberara asko joaten da. Joera gero eta handiagoa dela ematen du.
9. Ekimen ezaguna izateak, jendearen aldetik inertzia izatea eta utzikeriaz jokatzea ekar dezake?
Ez dut uste. Korrika jendeari asko gustatzen zaion festa edo jaialdia da. Gainera, jendeari iristen zaio. Jendea hunkitu egiten da. 23. edizioa da. Lehendabizikotik urte asko pasa dira. Hala ere, jende asko ateratzen da, disfrutatzen du. Eta zain dagoela, jendea urduri egoten da. Txinparta hori sortzen duen ekitaldia da. Jendeak gozatu egiten du. Inertzia badugu, baina utzikeriarik ez dago.
10. Sakana. Korrika. Gaua. Hirutasun aldaezina?
Ahalegintzen gara, eta eskatzen dugu egunez pasatzea. Baina ez dago modurik. Gasteiz eta Iruñea artean gaude, nahiko "erraz" saltzen da. Horrekin ere jokatzen dutela uste dut. Hurrengorako egunez pasatzea eskatuko dugu, ea zer pasatzen den.
11. Zergatik egin behar da bat Korrikarekin?
Festa oso originala eta polita da. Niri asko gustatzen zait. Euskal Herri guztian egiten den lasterketa... euskara aldarrikatzeko beste modu bat da. Euskarak behar du. Merezi du. Baita AEK-k ere.