AHT ibilbide proiektua

Tren ereduen inguruan hausnartu dute

Guaixe 2024ko ots. 28a, 12:45

Altsasuko Burunda frontoian egindako konferentzia. UTZITAKOA

Antolatzaileek jardunaldiak “arrakastatsuak” izan direla adierazi dute. Trenaren inguruko hausnarketa sustatu nahi izan dute, baita AHTri alternatiba den azterlana ezagutarazi ere. Apirilaren 20ko manifestazioa prestatzen hasi ziren ere.

Araba Trenaren Alde, Goierriko AHTrik Ez eta Nafarroa Trenaren Alde plataformek antolatu zuten Trenbidearen defentsan eta AHTaren txikizioa gelditzeko jardunaldia. Iritziak eta esperientziak trukatzeko gunea izan ziren Agurainen, Irurtzunen eta Altsasun prestatutako saioak. 

Parlamentuetan
Plataformetako ordezkariak Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten taldeekin elkartu ziren otsailaren 23an. Nafarroako Parlamentura Itza-Oltza, Tafalla eta Sakanako Trenaren aldeko plataformetako kideak eta Tren Publiko eta Sozialaren aldeko Estatuko Koordinakundeko lehendakaria Jose Luis Ordoñez joan ziren. Haien azalpenak entzun zituzten UPN, EH Bildu Geroa Bai eta Zurekineko parlamentariek. PSNkoekin heldu den astean izanen dute bilera. 

Bi bileretan, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obrek eta balizko proiektuek hartuko dituzten eremuen inguruko kezkak azaldu zizkieten talde politikoei. AHTren planteamendu horien aurrean dauden alternatibak kontuan hartzeko eskatu zieten, esaterako, Araban, Nafarroan eta Burgosen Tren Publiko eta Sozial baterako Trazaduren Azterketa eta Proposamena azterlana. Azterlan horren ardatz nagusia egungo trenbideak hobetzea eta egokitzea da, era guztietako trenak ibili ahal izateko, bai eta geralekuak eta geltokiak irekitzea ere, pertsonen mugikortasuna eta lurraldearen egituraketa erraztuz.

Herrietan 
Tren publiko eta sozial baten alde eta AHT gelditzeko jardunaldien egitarauko egun nagusia otsailaren 24koa izan zen. Antolatzaileek eguna “arrakastatsua” izan zela nabarmendu zuten. Altsasuko Burunda frontoian egin zen ekitaldi nagusian, aipatu azterlanaren egile Kimetz Munitxa eta Ignacio Rubin izan ziren. Juan Ramon Ferrandis, Valentziako CGTko idazkari nagusia, eta Carmen Duce, Ekologistak Martxaneko antolakuntza idazkaria, izan ziren ere. Tren publiko eta sozialaren onurak nabarmendu zituzten. Konferentzian 200 pertsona baino gehiago izan dira, tartean erakundeetako ordezkari ugari. Ekitaldia bukatzean, jardunaldietan parte hartu zuten Italia del Val di Susako ordezkaritzari omenaldia egin zieten.

Gainera, goizean zehar egindako hitzaldietan, saio bakoitzean, batez beste, 45 pertsonak parte hartu zuten. Hitzaldi horiek eztabaidarako eta iritziak trukatzeko balio izan zuten, baita egungo trenbide politikari buruzko topagune eta hausnarketarako gune ere. Jardunaldiak despeditzeko, Arabako Durruma herrian bilera irekia egin zuten otsailaren 25ean. Han Altsasun apirilaren 20an eginen den manifestazioa antolatu eta prestatzen hasi ziren.